41. Urrakiko Igoera auto lasterketa izango da igandean, 10:00etan Azpeitiko Landetako industrialdetik hasita. Joxe Labakak (Azpeitia, 1960) azken auto lasterketa izango du igandekoa. Urrakin hasitako ibilbidea Urrakin bertan bukatuko du.
Zenbat urte egin dituzu auto lasterketetan?
18 urterekin hasi nintzen arlo horretan, eta 45 urtez segidan ibili naiz, urterik galdu gabe.
45 urte, ez dira gutxi.
Bai, ez dira gutxi. Nik zorte handia eduki dut, eta jende piloak lagundu dit urte hauetan guztietan. Beti bilatu ditut laguntzeko prest izan ditudanak, eta laguntzaile onak, gainera. Horietako bat Joxe Antonio [Araneta] izan da, 45 urteetan lagundu dit; ondoan eduki dudan eta benetan lagundu didan pertsona izan da bera, eta hari eskertzeko bizirik ere ez daukat. Hark laguntzaileak eta babesleak aurkitzen lagundu dit, eta aholkuak ere eman dizkit. Haren laguntza izugarria izan da, eta hori gabe ezinezkoa izango litzateke urte hauek guztiak egitea auto lasterketetan. Inola ere ez!
Igandean, Urrakiko Igoera egin eta utzi egingo dituzu auto lasterketak.
Joxe Antoniok auto lasterketak biok batera uztea nahi zuen, eta iaz nire emaztearekin hitz egin zuen horretaz; aurten utziko genuela esan zion. Nik beti nioen "aurten laga egingo diat"; hurrengo urtean gauza bera esaten nuen, baina inoiz ez nuen uzten. Aurten bai, Joxe Antoniok eta biok auto lasterketak batera uztea erabaki dugu. Nik Urrakiko Igoerarekin lagako ditut, eta hark abenduan utziko ditu, Aiako Slalomaren ondoren. Joxe Antoniorekin hasi eta bukatuko dut auto lasterketen ibilbidea.
Orain, uzteko eguna gerturatzen ari dela, penarik bai?
Egun hauetan pena hazten ari zait. Beti izan dut garbi, egunen batean lasterketei laga behar banien, erabat lagako niela, eta kitto! Gustura nenbilen garaian utzi nahi nuen, eta ez aspertuta nenbilelako. Orain dela urtebete, Joxe Antoniorekin noiz utziko genuen adostutakoan, lasterketak lagako nituen eguna urruti ikusten nuen. Orain, garaia iritsi denean, eta Urrakiko Igoeraren eguna arrimatzen hasi denean, egunetik egunera pena handiagoa dut. Gustura nago, baina pena ematen dit, ia nire bizitza osoa pasatu dudalako horretan; 18 urterekin hasi nintzen, eta 63 urte ditut. 45 urtez hortxe ibili gara, segi eta segi, eta gustura. Aurtengo urtea arraroa egiten ari zait; Jaizkibelgo Igoeran irten nuenean, "azkenengoa duk hau" etortzen zitzaidan burura.
Noiz eta nolatan hasi zinen auto lasterketetan gidari?
Urrakiko Igoeran irten nuen lehen aldiz, 1979. urtean. Etxe ondotik pasatzen zen lasterketa, eta probatu egin behar nuela-eta irten nuen. Garai hartan, autoaz gainera, ezer ez zen behar parte hartzeko, kasko batekin eta su itzalgailu batekin nahikoa zen. Su itzalgailua taberna batetik hartzen genuen, soka batekin autoari lotu, eta listo! Orain, ordea, askoz zailagoa da auto lasterketetan parte hartzea, segurtasunerako gauza piloa behar izaten direlako: barrak, buzoa, gurpilak... Urrakiko Igoeran probatu nuen, eta gustatu egin zitzaidan. Gero, Gorlan irten eta han ere gustura, eta segi eta segi, gustura asko ibili gara.
Lagun Artea eskuderia ere sortu zenuten.
Bai, lasterketetan irteteko diru pixka bat biltzeko autokrosak antolatzen hasi ginen aurrena, eta gero Lagun Artea eskuderia sortu genuen. Joxe Antoniok eskuderiari segida eman zion, eta gaur arte.
Zenbat aldiz irten duzu Urrakiko Igoeran?
Urte batzuetan huts egin dut, baina ez dakit zenbat urtetan irten dudan. Espainiako lur gaineko eta zirkuituko lasterketetan ibili ginenean, asfaltorako autorik ez geneukan, eta Urrakiko edizio batzuk galdu nituen.
Euskal Herritik kanpo, Espainiako auto txapelketetan ere ibilitakoa zara, ezta?
Bai. 1987an, Espainiako lur gaineko Marbella Kopan parte hartzen hasi ginen. Auto merkeak ziren. 40 gidari inguruk parte hartu genuen lehen edizioan, eta hamargarren-edo egin genuen. Koskak eta harriak zeuden ibilbidean, eta autoa puskatuko ote genuen kezkaz ibili ginen; izan ere, lur gainean inoiz ibili gabe geunden. Bigarren urtean, ordea, dena ematera atera ginen. Azkeneko lasterketan, Madrilen, madrildar batekin borrokan ibili ginen; azkenean, berak irabazi zuen, eta gu bigarrenak izan ginen.
Gero, Citroen Visa autoa ekarri genuen, eta Espainiako Citroenaren txapelketa irabazi genuen, baita hurrengo urtean ere Citroen AX autoarekin. Beste bi-hiru urtean jarraitu egin genuen, eta bigarren eta hirugarren postuetan bukatu.
Nola gogoratzen dituzu urte haiek?
Garai hartako oroitzapen izugarri onak ditut. Espainia guztian ibili ginen, eta aurreneko bi urteetan lorik ez genuen egin, ez hotel batean, ezta pentsio batean ere, eta ez genuen jatetxe batean ere jan. Zortzi-hamar lagun joaten ginen, eta lo zakuetan gari soroetan eta belardietan egiten genuen lo. Jatekoa, berriz, etxetik prestatuta eramaten genuen, eta kanpin gasarekin berotu. Lurrean jarri eta berriketaldi ederrak izaten genituen, hotelean baino hobeto egoten ginen! Marbella Koparen ondoren, eta auto serioekin hasi ginenean, hasi ginen pentsioak-eta bilatzen, merke-merke lo egiteko. Behin lasterketa bukatutakoan, auto denak ilaran jarrita etortzen ginen etxera. Zazpi-zortzi urtean ibili ginen era horretan. Azkenengo lasterketa Jaraman, Madrilen, izaten zen, eta hara Azpeititik jende piloa joaten zen. Lagun onekin giro paregabea izaten genuen.
Urte hauetan guztietan zenbat auto izan dituzu?
Hemezortzi auto izan ditut, eta hamazazpi kopilotu ibili dira nirekin. Azken hamasei urteetan Mitsubishi EVO V autoa daukat, eta hori puskatu gabe bukatu nahiko nuke Urrakiko Igoera.
Nola moldatu zara autoa lasterketetarako prestatzeko?
Alde horretatik ere zortea izan dut, eta laguntzaile eta babesle onak izan ditut inguruan. Gu geu moldatu gara autoa prestatzeko. Aitor Lazkano lagunak uzten zigun lokala, eta afalostean han elkartzen ginen horretarako. Horrez gain, Aiertza Autoak eta Bi Haitz karrozeriak ere asko lagundu didate autoa konpontzeko orduan. Orain, ibilbidea errepasatzen hasitakoan, lagunarte horrek guztiak zer-nolako balioa duen baloratzen dut benetan. Alde horretatik, izugarrizko zortea izan dut, diru gutxi gastatuta ibiltzea eta segitzea lortu dut, eta hori guztia ondoan izan ditudan laguntzaileei eta babesleei esker izan da. Emazteari, seme-alabei, arrebari eta koinatu-koinatei ere eskerrak eman beharrean nago.
Inguruko lasterketetatik zein duzu maiteena?
Zalantzarik gabe, Urrakiko Igoera dut maiteena.
Zergatik?
Batetik, hangoa naizelako; eta bestetik, ibilbide nahiko zaila eta ederra delako. Bertakoak izanda, guretzat erraza da, baina kanpokoentzat ikasteko zaila da. Goiko zatia azkarra da. Oso zaila da ikasteko, eta denbora galtzea oso erraza da leku batzuetan. Igoera baterako oso bide zati zaila delako, auto gidari gehienek famatzen dute Urraki.
Urrakiko Igoera eta gero, zer?
Azken urteetan auto klasikoen rallyetan parte hartu dut, eta horietan irteten jarraituko dut. Ederki pasatzen dugu rally horietan, egun-pasa ederra eginez. Poliki ibili behar izaten da, baina abiadura lasterketetan bezainbeste saiatzen gara klasikoenak ondo egiten. Citroen Visa GTI bat dugu, eta auto hori prestatzen pasatuko dugu denbora gero. Aspertuko naizen kezkarik ez dut.