18 urtetik gorakoentzat psikologo zerbitzu berria ipini dute martxan

Aitziber Arzallus 2023ko urr. 19a, 10:00

Leire Goenaga, Luis Legorburu, Nagore Alkorta, Alvaro Iruin eta Ana Errasti atzoko agerraldian. (Udala)

Ondoez emozionala sentitzen duten azpeitiarrek Gizarte Zerbitzuetara edo anbulatoriora jo beharko dute laguntza eske. Udalak finantzatuko du zerbitzua.

Azpeitiko Udalak 18 urtetik gorako herritarrentzat psikologo zerbitzu berria jarri du martxan. Atzo goizean egin zuten zerbitzuaren nondik norakoak azaltzeko agerraldia Gizarte Zerbitzuen bulegoetan, zerbitzu berria emango duten lekuan, hain justu, eta aurkezpenean parte hartu zuten Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak, Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako arduradunak, Ana Errasti Azpeitiko anbulatorioko koordinatzaileak, Alvaro Iruin Gipuzkoako osasun mentaleko arduradunak eta Luis Legorburu zerbitzua eskainiko duen psikologoak.

Alkorta izan zen hitza hartzen aurrena, zerbitzua martxan jartzeko arrazoiak azaltzeko. "Badakigu ondoez emozionala duten azpeitiarrak geroz eta gehiago direla, kopurua gorantz doala batez ere COVID-19ak eragindako pandemia igaro genuenetik, hala jakinarazi digutelako udaleko gizarte langileek eta anbulatorioko arduradunek, eta zerbitzu hau martxan jartzea erabaki dugu problematika horri parte batean behintzat erantzuna emateko helburuarekin. Egia da geroz eta gehiago hitz egiten dugula buru osasunaren inguruan eta geroz eta errazago eskatzen dugula laguntza, eta pozgarria da hori, baina neurri berean, iruditzen zaigu beharrezkoa dela baliabide publikoak horretara jartzea ere". Horrela, alkateak zehaztu zuen zerbitzu berria Azpeitiko Udalak finantzatuko duela, eta elkarlanean ariko direla Gizarte Zerbitzuak eta Osakidetza.

18 urtetik gorakoentzako psikologo zerbitzua "zaintzaren eta prebentzioaren" testuinguruan kokatu zuen Goenagak, eta adierazi zuen ongizate emozionalaren esparruan udalak orain arte egindako ibilbidean beste urrats bat dela. "Azken urteetan ongizate emozionalaren esparruan ikastaroak, tailerrak, prestakuntza saioak eta beste hainbat jarduera sustatu ditu udalak, eta ibilbide horretan beste urrats bat da hau, norberaren zaintzari eta elkarren zaintzari ematen diogun garrantziaren adierazle".

Zerbitzuaren helburua da ondoez emozionala sentitzen duten herritarrei laguntzea, ondoez hori ez dadin okerrera joan eta ez dadin buruko gaixotasun bihurtu; beraz, zerbitzua ez da izango dagoeneko diagnostikatutako patologiak dituzten herritarrentzat. Psikologoaren zerbitzua jasotzeko prozedurari dagokionez, Gizarte Zerbitzuetako gizarte langileak, anbulatorioko medikuak edo osasun mentaleko psikologoak edo psikiatrak jasoko dituzte eskaerak; ondoren, Gizarte Zerbitzuetako gizarte langileek baloratuko dituzte; eta, azkenik, Gizarte Zerbitzuetako arduradunak emango du onespena; alegia, zerbitzua erabili nahi duenak anbulatoriora edo Gizarte Zerbitzuetara jo beharko duela aurrena. Psikologoak astelehenetik ostiralera artean emango du zerbitzua, Gizarte Zerbitzuen bulegoetan, eta adierazi zuten larrialdietarako kasuei ere erantzungo diela ohiko ordutegitik kanpo.

Gizarte Zerbitzuetako langileak, Azpeitiko anbulatorioko profesionalak eta zerbitzu berria emango duen psikologoa taldean ariko dira lanean. "Denen arteko koordinazioa funtsezkoa izango da erabiltzaileei arreta integrala eta diziplina anitzekoa eskaintzeko", adierazi zuen Legorburuk berak. Kontsultara joaten zaion herritar bakoitzaren kasua sakonean aztertuko duela azaldu zuen, eta sei saioko asistentzia planteatuko diola erabiltzaile bakoitzari. "Pertsona bat haserre edo triste etortzen bada, aztertuko dugu ondoez horren arrazoiak zeintzuk diren. Saiatuko gara egoera hori eragin duten faktoreak identifikatzen eta ondoez hori bere egunerokoan nola eragiten ari den ikusten, eta ondoren, estrategia markatuko dugu egoerari buelta emateko, helburu batzuk jarrita eta horiek betetzen joanez".

Legorburuk ezinbestekotzat jo zuen bere kontsultara doazen herritarrek gertatzen zaienaren kontzientzia hartzea eta egoerari buelta emateko jarrera aktiboa izatea; "norberak hartu behar du bere bizitzaren ardura", adierazi zuen. "Herritar horiek autonomia irabaztea nahi dugu, ez diegu psikologoarekiko mendekotasunik sortu nahi".

Iruinek eta Errastik eskerrak eman zizkien Azpeitiko Udalari psikologo zerbitzua martxan jartzeagatik eta elkar zaintzeari daukan garrantzia emateagatik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide