Minaren gainetik, poza

Mailo Oiarzabal 2023ko urr. 19a, 12:00

Murtaza Ghulam ospaitalean, ebakuntzaren aurretik. (Utzitakoa)

Murtaza Ghulam zamaketaria Azpeitian izango da gaur. Hainbat hatz galdu ditu uztailean Broad Peaken izandako izozketa larrien ondorioz, baina oso eskertuta dago, hala ere.

"Mendizaleen artean ere denetik dago, jende ona eta jende txarra", dio Murtaza Ghulamek. Joan den uztailaren 17an, 24 urteko zamaketari pakistandarrak ondoeza izan zuen Broad Peaken, 8.000 metroko altueran, gailurretik oso gertu. Bezeroek gailurrerantz jarraitzea erabaki eta bakarrik utzi zuten Ghulam. Konorterik gabe eta oso larri aurkitu zuten zamaketaria tontorrerako bidean atzetik etorri ziren beste mendizale batzuek, eta haiek bai, Ghulami lagundu zioten; 23 metro eskasera zuten gailurra egiten beste batean ahaleginduko zirela pentsatuta, kanpaleku nagusiraino jaisten lagundu zioten pakistandarrari.

Izozketa larriak jasan zituen Ghulamek bi eskuetako hatzetan. Militarrek helkopteroan eraman zuten kanpaleku nagusitik Skardu hirira, hango ospitalean arta zezaten. Bi aste ingresatuta egon ondoren, eta izozketei aurre egiteko aurrerabide gutxirekin, etxera bidali zuten. Hatzak eta, ondorioz, bizibidea kinka larrian kusita, Alex Txikoni laguntza eskatzea erabaki zuen. Txikonekin batera hainbat espediziotan ibilitako Ali Sadpara mendizalearen iloba da Ghulam, eta osabarekin batera Nanga Parbat neguan igo zuenetik ezagutzen du zamaketariak Azpeitian bizi den lemoztarra. Irailaren 1ean Bilbora iritsi, eta joan den urriaren 10ean egin zioten ebakuntza Madrilen: izoztuta zeuzkan sei hatzetako falange distalak ebaki behar izan dizkiote.

Herenegun itzuli zen Euskal Herrira Ghulam. Lemoan (Bizkaia), Txikonen babesa ez ezik, Ishaq Akhond herrikidearena ere badu. Haren bidez erantzun ditu Ghulamek hedabide honek egindako galderak. Izozketei aurre egiteko behar zuen laguntza emateko ez ezik, aurrerantzean Ghulamek eta haren familiak beharko duten sostengu ekonomikoa lortzeko lanean ari dira Txikon, Akhond eta beste hainbat lagun. Izan ere, eskuak horrela dituela, epe motzean behintzat ezingo da zamaketari lanera itzuli pakistandar gaztea.

Laguntza hori bideratzeko crodwfunding kanpaina jarri dute martxan, eta kontu zenbaki hau jarri dute diru ekarpena egin nahi dutenen eskura: ES18 2100 4979 8507 0000 0711. Kanpaina beraren barruan, hainbat solasaldi emango dituzte Ghulamek, Txikonek eta Akhondek, zamaketariaren bizipena gizarteratzeko. Atzo egin zuten lehen ekitaldia, Altsasun (Nafarroa), eta gaur Azpeitian izango dira. Lagun Onak mendi bazkunaren laguntzarekin antolatu dute saioa; Soreasu antzokian egingo dute, 20:00etan. "Sarrera borondatearen truke izango da, eta jasotzen den dirua Murtazari laguntzera bideratuko da", argitu dute Azpeitiko mendizaleen elkartekoek.

Egoera berrira ohitzen

Ebakuntza eginda, "askoz hobeto" sentitzen da Ghulam, baina ez du lortu Euskal Herrira etortzean zuen nahia. "Hatzak berreskuratzea zen bere nahia, eta izoztuta zituen hatzak berreskuratzeko uste osoarekin etorri zen hona, hiru hilabetean inongo tratamendurik jaso gabe egon ondoren", azaldu du Akhondek. Medikuek haien eskuetan zegoen guztia eta "egin ahal zuten lanik onena" egin dutela uste du Ghulamek, baina egoera berrira egokitzea "kostatu" egingo zaiola ere badaki. "Eskuak hatzik gabe ikustera ohitzeak lanak ematen dizkio. Begiak malkoz betetzen zaizkio, baina hau da dagoena, ez dago besterik, eta badaki aurrera egiteko borroka egin behar duela", gaineratu du Akhondek.

Momentuz beste ebakuntzarik ez duela behar esan diote medikuek. Bi hatzetan infekzioa du, baina bi astetan "eragozpenik gabe" osatuko zaizkiola esan diote; ebaki dizkioten gainerako hatzak, berriz, "askoz hobeto" ditu, medikuek beraiek espero zutena baino hobeto.

Hatzak ebakita, baina, denbora luzean behinik behin, ezingo du goi mendietan zamaketari lanik egin Ghulamek. Bi seme txiki ditu, 5 eta 3 urtekoak; haiei ikasketak ematea eta gurasoei diruz laguntzea ziren bere helburuak, senideen artean bera baita zaharrena. Familia osoa mantentzeko ardura bere gain hartua zuen, baina orain urte zailak datorzkio; lehen egiten zuen lan bera egitera itzultzea ez da erraza izango. "Sentimendu kontrajarriak ditu: batetik, oraintxe bertan, ez du bere burua lehengo lanera itzultzeko moduan ikusten; bestetik, ez du itxaropena galtzen eta saiatzea beste erremediorik ez duela sentitzen du, beretzat beste bizibiderik ez duelako ikusten han", dio Akhondek. Lemoan bizi den pakistandarraren ustez, Broad Peaken gertatutakoak eta haren ondorioek sortutako "kalte psikologikoak" sendatzea da orain Ghulamentzat lehentasuna.

Bihotza beteta

Eta kezkak, ardurak eta minak sendatzen laguntzen ari zaio, nolabait, Euskal Herriko egonaldia Ghulami. Oso eskertuta dago, bereziki, Alex Txikonekin, "aukera" hau eskaini diolako, eta ez ditu ahaztu nahi Sebastian Alvaro eta Espainiak Pakistanen duen enbaxadorea. "Etxean bezala" sentiarazi dute hemen Txikonek eta haren lagunek, baita mindutako eskuak sendatzeko izan den ospitaleetan ere, Bizkaian zein Madrilen. Esperientzia "ikaragarria, oso ona" da egunotan bizitzen ari dena, eta "bihotza beteta" du Ghulamek. Berak "munduari zer eman" dion galdetzen du, "hainbeste laguntza" jasotzeko. "Maitasun eta adeitasun osoz hartu naute, ume txiki bat banintz bezala".

Abandonatu zuten bezeroekin minduta baino, mendian lagundu zioten haien jarreragatik "pozik" sentitzen da Ghulam, gertatukoaren "alde onarekin" gelditzea nahiago du.

Murtaza Ghulamen eskuak, atzak babestuta, ebakuntzaren ondoren. (Utzitakoa)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide