Adimen desgaitasuna dutenentzat ere enplegu publikorako sarbidea bermatzeko deia

Mailo Oiarzabal 2023ko urr. 20a, 12:54

Ni prest nago, eta Gipuzkoa? leloarekin, adimen desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikoko plazak eskuratzeko duten eskubidea aldarrikatzera dator Atzegi aurtengo sentsibilizazio kanpainarekin. Atzo aurkeztu zuten kanpaina hori Azpeitian, Urola Erdirako.

"Nahiago genuke kanpainak egiteko beharrik ez edukitzea, baina hori ez da gure kasua. 60 urte atzera begiratuta, badakigu gauza asko lortu ditugula, baina baita oraindik lortzeko asko dauzkagula ere". Nerea Mendizabalek atzo Atzegiren aurtengo sentsibilizazio kanpainaren Urola Erdiko aurkezpen ekitaldian esandako hitzak dira horiek. Atzegin dauden bailarako familien izenean hitz egin zuen Mendizabalek aurkezpenean, elkarteko teknikari Aloña Agirre, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea eta ekitaldiko gonbidatu nagusia eta haren ama, Ander Idoeta eta Loli Saez, ondoan zituela. Atzegik Perez Arregi 1ean, Telefonica zenaren eraikin eraberrituan uztailean estreinatu zuen lokal berrian elkartu ziren bailarako Atzegiko kideak atzo, kanpaina berriari babesa emateko.

Ni prest nago, eta Gipuzkoa? leloarekin, adimen desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikoko plazak eskuratzeko duten eskubidea aldarrikatzera dator Atzegi aurtengo bere sentsibilizazio kanpainarekin. Enplegu publikoetarako sarbidea adimen desgaitasuna dutenei "legez dagokien eskubidea" dela gogoratu zuen hasieran Mendizabalek, eta Agirrek azaldu zuen legez, eta "gizartearen gehiengoak ez dakirn arren", ehun lanpostu publikoetatik bi adimen desgaitasuna duten pertsonentzat gorde behar direla. Lege agindu hori, baina, "ez da errealitate bat" administrazio publiko gehienetan. Hala ere, badaude legeak dioena eta inklusioa kontuan hartuta pausoak eman dituzten eta ematen ari diren erakundeak ere; horin jarrera nabarmendu nahi du Atzegik, eta gainerako administrazio publikoek bide bera hartzea eskatzen du.

Azken urteetan Gipuzkoan lanpostu publikoetarako bi deialdi egin direla eta adimen desgaitasuna duten pertsonek "oso ondo erantzun" dutela ekarri zuen gogora Agirrek. "Mordoska bat aritu dira ikasten eta prestatzen, eta oposaketa horietara aurkeztu dira. Guretzat, aukera gehiago eskaintzea ezinbestekoa denaren seinale da hori", gehitu zuen Atzegiko teknikariak. Idoeta azpeitiarra da, hain zuzen ere, oposaketetara aurkeztu denetako bat. Gipuzkoako Foru Aldundiaren deialdira aurkeztu zen. "Etxean, amarekin" prestatu zen azterketarako Idoeta. Atzo ere ondoan zuen ama irakasle "ona" dela esan zuen, eta ikasteko "zailena" Konstituzioa egin zitzaiola ere bai; oposaketak prestatzea "lan gogorra" dela aitortzearekin bat, berriro egingo lukeela adierazi zuen azpeitiarrak. Saez harro dago semearen lorpenaz. "Ander jaio zenean, etorkizunari begira espektatiba askorik ez genuen ikusten beretzat. Baina Atzegiren lanari esker, eta gaur egn gizartea askoz inklusiboagoa delako, pertsona hauentzako eskubideak aldarrikatzera ausartzen gara, beste edozein pertsonak adina aukera eta eskubide izan ditzaten.

Atzegiko kideen hitzak entzunda, udalak "etxeko lan batzuk" badituela esan zuen, bere aldetik, Alkortak. Idoeta bezala oposaketetara aurkeztu den langile bat badutela azaldu zuen, "pixkanaka aurrerapausoak" ematen ari direla udala zein beste administrazio batzuk, baina oraindik "dezente gehiago" eman beharko dituztela. "Guztiontzat da garrantzitsua lan munduratzea, ekonomia ikuspegitik haratago, sozializatzea eta garapen pertsonala bermatzen dizkigulako", nabarmendu zuen alkateak, Atzegik egiten duen lana goraipatu eta eskertu aurretik.

Agirrek esan bezala, adimen desgaitasuna duten pertsonek erakutsi dute "prest" daudela enplegu publikoko plazak eskuratzeko, eta orain Gipuzkoak "erakutsi" behar du dagozkien aukerak eskaintzeko prest al dagoen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide