Gustura eta eskertuta zegoen Maria Aranberri igande arratsaldean. Goizean, autoen Urrakiko Igoeran parte hartu zuen. 2017tik Unai Usobiaga, Xanti Loidi, Gaizka Zabala, Miguel Kalparsoro zein Hodei Unsionekin kopilotu aritu ostean, lehen aldia zuen pilotu gisa atzokoa, eta 77 parte hartzaileen artean emakume bakarra zen. Proba bukatu eta "kotxea osorik" zuela itzuli zen etxera, helburuak beteta, gustura. Eta eskertuta, bikotekideari eta berari autoa muntatzen lagundu dietenekin, babesleekin eta Urrakiko Igoera azken aldiz antolatu duen Lagun Artea eskuderiakoekin.
Emakumeak Automobilismoan taldeko kide, kirol horretan ari diren zein aritu nahi duten emakumeentzat mezua ere badu Aranberrik: "Emakume izateagatik ez dugu zertan etxean gelditu. Asko gara kopilotu ari garenak, eta ez dugu pilotu aritzeko beldurrez egon behar". Taldearen ateak irekita daudela azpimarratu du nuarbetarrak, auto lasterketen munduan interesa duten emakume guztientzat.
Zer moduz joan da estreinaldia?
Oso ondo. Oso urduri ibili nintzen aste osoan. Autoa muntatu berria da, lehen proba zuen, baina azkenean dena ondo atera da.
Txandatik txandara markak hobetu zenituen. Gehiagoren gogoarekin gelditu al zinen azkenean?
Ba bai, egia esan. Dena zen berria niretzat, 2017tik kopilotu ibili izan naizelako, baina pilotu lanetan inoiz ez. Lehen txandatik azkenengora egundoko aldea antzeman nuen, lasaitzen eta neure buruarekin konfiantza gehiago hartzen joan nintzen.
Noiz erabaki zenuen Urrakin parte hartuko zenuela?
Joan den urteko Gabonetan errepidean erabiltzen genuen autoa lasterketetarako prestatzea erabaki genuen bikotekideak eta biok. Pixkanaka joan gara autoa jartzen. Lesakako [Nafarroa] rallysprintean parte hartzea zen hasierako asmoa, irail hasieran, baina ez genuen autoa guztiz prestatzeko astirik izan. Urrakiko azken urtea izango zenez, bikotekideari proposatu nion neu irtetea. Ilusioa egiten zidan herrian debutatzeak, beste sentimendu batzuk eransten zizkion horrek lehen aldiari. Niretzat egundoko aukera zen herrian eta horrelako lasterketa batean estreinatzea.
Igoera batean estreinatu zara, gidariak bakarrik, kopiloturik gabe, aritzen diren proba batean.
Alde batetik zailagoa da, bakarrik noalako autoan, erabakiak eta zalantzak neuk kudeatu behar ditudalako. Baina bestetik, pilotu aritu naizen lehen lasterketan bakarrik irten naiz; hemendik aurrerakoetan, berriro bakarrik joan naiteke edo norbait alboan dudala, baina bakarrik joatea zer den badakit, hortik pasatu naiz jada.
Nola prestatu zara lasterketarako?
Autoa bera prestatu eta Urrakin buelta batzuk eman ditut, ibilbidea menderatzeko. Horrez gain, pilotuekin asko hitz egin dut, eta lasterketan oso baliagarriak izan zitzaizkidan azalpen eta aholku asko eman zizkidaten horiek.
Emakume bakarra zinen parte hartzaileen zerrenda luzean. Presio gehigarria izan al zen hori?
Bai eta ez. Alde batetik, beste bat gehiago sentitu naiz, iruditzen zait beste hasiberri guztien antzeko bizipenak izan direla nireak, ez dut sentitu emakumea izateagatik desberdin hartu nautenik. Baina, bestetik, bai, emakume bakarra nintzen; eta bai, sentitu ditut begirada asko nigan jarrita. Jende askok animatu ninduen, askotan entzun nuen nire izena atzo, eta horrek esan nahi du jendearen babesa ikaragarria izan dela. Oso egun polita izan zen, eta oso babestuta sentitu nintzen.
Urrakiko Igoeraren jarraipena kolokan dago. Zer pentsamendu eta sentimendu eragiten dizkizu horrek?
Iruditzen zait Lagun Artea eskuderiak hutsune handia utziko duela. Sekulako lana egin dute urteetan; lasterketa ugari antolatu dituzte, eta horrek zerikusi handia du Azpeitian eta inguruan dagoen zaletasunarekin zein pilotu eta kopilotu kopuruarekin. Inork ez badu hartzen Lagun Arteak orain arte egin duen lanaren ardura, hutsune handia sortuko da. Badut itxaropena baten batek lekukoa hartuko duela.
Norbaitek lekukoa hartu eta datorren urtean Urrakik jarraitzen badu, berriro irteteko pronto?
Bai, bai. Lehendabizikoa egin dut, eta hemendik aurrera... Ikusi egin beharko dugu datorren denboraldian zer egutegi prestatzen dugun, baina uste dut ez dela azkena izango.