Biolin eta organo kontzertua emango dute gaur Itziar Urbieta (Azpeitia, 1972) organistak eta Iraia Bereziartua (Azpeitia, 1988) biolin jotzaileak. Gipuzkoako Organoak zikloaren barruko kontzertuetako bat izango da. 20:00etan da, Azpeitiko Soreasuko Sebastian Donearen Parrokian. Barroko garaikoak nahiz garaikideagoak diren konpositoreen lanak joko dituzte, hala nola Johan Sebastian Bach (1685-1750), Francois Couperin (1668-1733), Cesar Franck (1822-1890), Lili Boulanger (1893-1918), Arvo Pärt (1935) eta Barbara Heller (1936) musikagileenak.
Gaur kontzertua eskainiko duzuen bi musikariok azpeitiarrak zarete. Aurreneko aldia al duzue elkarrekin kontzertu bat ematen duzuela?
ITZIAR URBIETA: Gaur joko dugun kontzertua elkarrekin egingo dugun bigarrena izango da. Iaz Bidania-Goiatzen [Gipuzkoa] eskaini genuen.
IRAIA BEREZIARTUA: Hori da, iaz eman genuen aurrenekoz kontzertua elkarrekin, eta aurten bigarrengoz eskainiko dugu, baina beste herri batean eta beste organo batekin.
I. U. : Gu biok aspalditik ezagutzen dugu elkar, herrikoak izanda, musikariak... Aurrez, hainbat ezkontzatarako jo izan dugu batera, eta Gipuzkoako Organoak zikloaren barruan kontzertua elkarrekin ematea erabaki genuen, oso gustura egiten dugulako lana batera.
I. B. : Iaz, Itziarrek kasu egin zidan, ea berarekin Gipuzkoako Organoak zikloan jotzera animatuko nintzen galdezka. Bidania-Goiatzen eskainitako kontzertuaren emaitzarekin gustura gelditu ginen biok, eta aurten, Azpeitian, beste organo batekin errepikatuko dugu esperientzia, nahiz eta programa ez den iazkoaren berdina izango.
Gipuzkoako Organoak zikloaren barruko kontzertuetako bat da gaurkoa.
I. U. : Bai, Gipuzkoako organoak mantentzeko eta zaintzeko asmoz, Fray Joseph Echevarria izeneko elkartea dugu osatuta. Elkarte horrek, lurraldeko udalekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, Gipuzkoako Organoak izeneko zikloa antolatzen du Gipuzkoako hainbat herritan. Gaurko Azpeitiko biolin eta organo kontzertua ziklo horren barruko saioetako bat izango da.
Ohikoa al da biolina eta organoa elkarrekin jotzea kontzertu batean?
I. U. : Gaur egun, bi musika instrumentu horiek kontzertu batean batera aritzea ez da horren ezohikoa. Lehen, ordea, ez zen horren ohikoa biolinarekin eta organoarekin kontzertu bat eskaintzea. Horren lekuko da obra oso gutxi daudela idatzita bi instrumentu horientzat.
Garai desberdinetako musikagileen lanak joko dituzue gaurko kontzertuan. Zergatik aukeratu dituzue obra horiek?
I. U. : Egitaraua prestatzeko orduan kontuan izaten ditugu obra berriak, emakume konposatzaileen obrak eta kontzertua eskainiko dugun organoaren estiloa. Gaurko kontzerturako prestatu dugun egitarauak bi zati ditu. Lehendabiziko zatian, XVIII. mendeko musika barrokoko lanak joko ditugu, eta bigarren zatian, berriz, XIX. mendeko musika erromantikoko lanak eta XX. eta XXI. mendeko musika intimo eta minimalistako obrak.
I. B. : Azpeitiko parrokiako organoak eskaintzen zituen aukeren arabera, posible zen barrokokoekin hasi eta gaur egun arterako obrak jotzea. Orduan, historian zehar bueltatxo bat egitea erabaki genuen, eta barrokoko hainbat obra biolinarekin eta organoarekin batera joko ditugu; beste batzuk, aldiz, organoaren bakarrik. Iaz, Cesar Frank jaio zela bigarren mendeurrena bete zen, eta kontzertuaren egitaraura, bi instrumentuekin batera jotzeko, hark egindako obra bat gehitzea erabaki genuen: Melancolie. Horrez gain, emakume konpositoreen beste batzuk gehitu ditugu, baita egun bizirik dauden beste batzuenak ere.
Obra batzuk organoarekin bakarrik joko dituzue. Zergatik?
I. U. : Aurrez esan bezala, gaur Azpeitiko parrokian joko dugun kontzertua Gipuzkoako Organoak zikloaren barrukoa da, eta obra batzuk organoan bakarrik joko ditugu, organoa bere osotasunean erakusteko eta musika instrumentu horrek dituen aukerak ikusarazteko.
Zer berezitasun du kontzertua etxean emateak?
I. U. : Etxean kontzertua eskaintzea beti da berezia, herriko jendea, jende ezaguna, gertukoak, familiakoak, izaten direlako entzuleen artean. Horrez gainera, Azpeitiko parrokiako organoan hasi nintzen ni organoa ikasten.
I. B. : Etxean kontzertua eskaintzeak bi alde ditu: alde batetik, publikoaren babesa duzu, zu entzutera eta kontzertuaz disfrutatzera joaten direlako asko. Bestetik, ordea, presio handiagoa sentitzen dut, etxean eta ezagunen aurrean ez dudalako gaizki egin nahi.
Zer du berezia Azpeitiko Soreasuko Sebastian Donearen Parrokiako organoak?
I. U. : Azpeitiko parrokiako organoa Juan Amezua organogileak egindakoa da, XIX. mendearen erdi aldera. Aurretik parrokian zegoen organoaren kaxa barroko ederra aprobetxatuz egin zuen. Trantsizioko organo bat da, barrokotik erromantikorako trantsiziokoa, hain zuzen ere. Erregistro asko ditu, kolore desberdin askotako erregistroak, eta organo osoa da.