Hasi dira Domusa Teknik 15 MLK eta 40 MLK lasterketetarako motorrak berotzen

Maialen Etxaniz 2023ko urr. 27a, 12:15

Lagun Onak mendi bazkunako, Marea Urdinako eta Domusa Teknikeko ordezkariak, atzoko aurkezpenean. (Maialen Etxaniz)

Azaroaren 16an zabalduko dute bi probetan izena emateko epea, 18:00etan. Lasterketa nagusirako 550 dortsal egongo dira eskuragarri; laburrerako, aldiz, 250. Emakumeei zuzendutako entrenamendu saioak antolatu dituzte aurten ere, haien parte hartzea sustatzeko asmoz. Aurrenekoa azaroaren 4an izango da. Marea Urdinak eta inlusioaren aldeko aldarriak izango dute lekua aurtengo edizioan ere. Carmen Belmar izango da Azpeitian ikasleei hitzaldia eskaintzen eta proba laburrean parte hartzen. Aurten, boluntario gehiago beharko dituztela aurreratu dute antolatzaileek. 

Datorren urteko maiatzaren 4an egingo duten Domusa Teknik 40MLK mendi lasterketaren hirugarren edizioa, eta probaren antolatzaileak martxan daude dagoeneko. Berrikuntzekin dator proba entzutetsuaren hirugarren aldia, eta horren inguruko xehetasunak azaltzeko nahiz probaren egunera bitarte egitekoak diren ekintzen berri emateko prentsaurrekoa egin zuten atzo, osteguna, Domusa Teknikeko, Azpeitiko Lagun Onak mendi bazkunako eta Marea Urdinako ordezkariek. 

Bi proba, aurrenekoz

Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren antolatzaileek joan zen hilean jakinarazi zuten datorren edizioan, ohiko ultra trailaz gain, 26 kilometroko proba ere egingo dutela; Domusa Teknik 15 MLK izenekoa. Probak 26 kilometroko distantzia eta 1.400 metroko desnibel positiboa izango ditu. Honako ibilbidea egingo dute Domusa Teknik 15 MLK lasterketan parte hartuko duten korrikalariek: Aizpuru Behekoa, Larrume Txiki, Munoaundi (381 metro), Ikasberri, langa, Xoxote (912 metro) eta Azpeitiko plaza.

Azaroaren 16an zabalduko dute bi probetan izena emateko epea

Lasterketa nagusia, 65 kilometroko distantzia eta 3.700 metroko desnibela dituena, 08:00etan abiatuko da Azpeitiko plazatik, eta proba laburra, berriz, 08:30ean, leku beretik. Zortzigarren kilometroan, lasterketa laburrekoek proba nagusikoekin bat egingo dute, eta, ondoren, bi proben ibilbidea bera izango da. Beraz, Ikasberri ikastolaren aurrean egongo den anoa gune urdinean bat egingo dute bi lasterketek.

Antolatzaileek azaldu dutenez, "mendi lasterketetan hasi nahi dutenentzat edota lasterketa motzago batean euren gaitasuna erakutsi nahi dutenentzat aproposa" izango da lasterketa. Era berean, jakinarazi dute lasterketan parte hartzeko ez dutela eskatuko mediku ziurtagiririk, baina gogorarazi dute "gomendagarria" izango dela mediku azterketa egitea.

Azaroaren 16an zabalduko dute bi probetan izena emateko epea, 18:00etan. Lasterketa nagusirako 550 dortsal egongo dira eskuragarri; laburrerako, aldiz, 250.

Berdintasun Irteerak

Probaren antolatzaileek emakumeei zuzendutako entrenamendu saioak antolatu dituzte aurten ere, emakumeen parte hartzea sustatzeko asmoz. Arantxa Larrañaga Lagun Onak MBko kideak azaldu duenez, aurten ere egingo dituzte Berdintasun Irteerak deiturikoak, eta iazko formatu bera jarraituko dute . Trail munduan "puntan" dabiltzan kirolarien eskutik egingo dituzte entrenamendu saioak. Lehenengoa azaroaren 4an izango da, eta Malen Osak gidatuko du. Lagun Onak mendi bazkunaren webgunean eman daiteke entrenamendurako izena, azaroaren 2ra arte. Atzora bitarte 44 pertsonak eginda zuten izen-ematea. Azaroaren 4an, 09:00etan elkartuko dira Azpeitiko igerilekuetan, eta 12 kilometro inguruko ibilbidea egingo dute. Ondoren, hamaiketako batekin amaituko dute goiza. 

Irteeren datak eta horiek gidatuko dituzten korrikalarien izenak jakinarazi dituzte

Hurrengo entrenamendu saioak ere jakinarazi dituzte. Abenduaren 2an Errezilera egingo dute irteera eta urtarrilaren 13an eta otsailaren 3an Izarraitz inguruetatik ibiliko dira. Martxoaren 2an, aldiz, lasterketa motzaren zati bat egitea aurreikusten dute. Saioak gidatzeko gonbidatuen artean, Malen Osaz aparte, Azpeitian izango dira Ainara Urrutia (Domusa Teknik Lana) eta Oihana Azkorbebeitia (Merrel Trail). Dena den, ez dute zehaztu horiek zein egunetako saioetan parte hartuko duten. 

Berdintasun Irteerak irekiak dira, eta emakumeei zuzenduta dauden arren, gizonek ere parte har dezakete horietan, baldin eta emakume batekin batera joaten badira. Larrañagak jakinarazi duenez, asmoa da hamaiketako baten bueltan borobiltzea entrenamendu saioak, "horietan ere sortzen baita solaserako gune aproposa". Emakumeen parte hartzea sustatzea ez ezik, Izarraitz inguruetako "bidezidorrak" ezagutarazteko ere baliatu nahi dituzte irteera horiek. Aurten, ehun emakume inguru proba luzera animatzea da antolatzaileen nahia. 

Inklusiboa eta inklusioaren aldekoa

Marea Urdinak parte hartze aktiboa izango du beste urte batez Domusa Teknik 40 MLK probaren bueltako festan. Beste bi edizioetan bezala, Marea Urdinak kudeatuko du lasterketako anoa gunerik garrantzitsuena, Ikasberri Ikastolaren ondoko Anoa Gune Urdina. Gorka Aranbarrik aurreratu duenez, iaz bezala Martxa Urdina egingo dute plazatik hasita, eta egunean zehar askotariko ekintzak egingo dituzte gune horretan. Jolasak, jan-edanerako postuak eta sentsibilizazio ekintzak egingo dituzte Anoa Gune Urdinean. 

Carmen Belmarrek Domusa Teknik 15 MLK lasterketan parte hartuko duela aurreratu du Marea Urdinak. 

Aranbarriren hitzetan "inklusiboa eta inklusioaren aldekoa" izango da maiatzen 4ko festa. Iaz bezala, ordea, aurreko egunean kirolari lotutako sentsibilizazio hitzaldiak eskainiko ditu Marea Urdinak, Azpeitiko eta Azkoitiko ikasleei zuzenduta. Iaz, Pol Makuriren hitzaldia antolatu zuten Marea Urdinakoek, eta aurten Carmen Belmar ekarriko dute Azpeitira. Belmarrek erretinosi pigmentarioa eta miopioa magna edo miopia patologikoa ditu, eta horiei aurre eginda eta hainbat laguntzaileren bitartez, proba esanguratsuak egin izan ditu. Ikasleei hitzaldiak eskaini ez ezik, maiatzaren 4ko Domusa Teknik 15 MLK lasterketan parte hartuko duela aurreratu du Marea Urdinak. Ikusmen-urritasuna duen arren, txapelketa ugari osatu eta irabazi ditu Bermarrek. 

Boluntarioen garrantzia

Bi proba jokatuko dira aurten, eta horrek eragin zuzena izango du antolakuntzan zein ingurumenean. Domusa Teknik lasterketaren arduraduna eta antolakuntza taldeko kideetako bat da Iñigo Orbegozo, eta hark adierazi duenez, aurten boluntario gehiago beharko dituzte. Orbegozok nabarmendu du "boluntarioak ezinbestekoak" direla proba aurrera ateratzeko, eta iaz izandako erantzuna paregabea izan zela azpimarratu du. Azken urteetan 400 herritar inguru aritu da lasterketaren egunean boluntario lanean. Aurten jende gehiagoren beharra izango dute, eta datozen hilabeteetan jakinaraziko dituzte xehetasunak. 

Lasteketek ingurumenean izan dezaketen kalteaz jakitun, hondakinak murrizteko asmoz, Urola Erdiko Mankomunitatearekin elkarlanean ari dira Domusak Teknik 40 MLK-eko antolatzaileak. Orbegozo: "Lasterketek ingurumenean eta inguruko mendietan eragina dutela badakigu. Hori gutxitzeko asmota, elkarlanean ari gara mankomunitatearekin". 

Maiatzaren 4a bitarterako bestelako ekintza batzuk ere prestatzen ari direla aurreratu dute antolatzaileek, baina horiek oraindik itxi gabe dituzte. Beraz, aurrerago emango dute horien berri haien sare sozialetan. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide