Lardaxka izenarekin, eraberrituta dator udalaren sexu, genero eta bikote aholkularitza zerbitzua

Maialen Etxaniz 2023ko urr. 30a, 14:15

Emakumeen Txokoan aurkeztu dute Lardaxka zerbitzuaren sustatzaileek eta kudeatzaileek. (Maialen Etxaniz)

Dozena bat urtez Plax! aholkularitza zerbitzua izan denak gorputz berria hartu du, eta Lardaxka izenarekin hasiko du bidea. Azaroaren 7tik aurrera eskainiko dute sexu, genero eta bikote aholkularitza zerbitzua Emakumeen Txokoan, norbanakoei, bikoteei nahiz kolektiboei zuzenduta. Ainhoa Aira izango da arduraduna. 

Izen berriarekin, eraberrituta eta "indarduta" dator Azpeitiko Udalaren  sexu, genero eta bikote aholkularitza zerbitzua. Hamabi urte inguruz Plax! bikote eta sexu aholkularitza zerbitzua izan dena, aurrerantzean Lardaxka izango da, eta azaroaren 7tik aurrera egongo da martxan. Zalantzak, kezkak edo jakin-mina duten norbanakoei ez ezik, bikoteei eta taldeei zuzenduta egongo da Lardaxka.

Gaur aurkeztu dute zerbitzu berria Emakumeen Txokoan, eta bertan izan dira Miren Arrieta Parekidetasun batzordeburua, Malen Aldalur Parekidetasun teknikaria, Ione de la Cruz Emakume Txokoaren dinamizatzailea eta zerbitzuaz arduratuko den Ainhoa Aira sexologoa. Lardaxka, oro har, "sexuaren, generoaren eta sexuen arteko harremanen inguruko ezinegonak, zalantzak eta zailtasunak argitzeko" zerbitzua izango da. Horrela azaldu du Miren Arrieta Parekidetasun batzordeburuak: "Herritarrek beren sexualitateaz hausnartzeko eta kontsultak egiteko gunea eskaini nahi da, oraindik tabu asko daudelako identitate sexualaren, desiren orientazioaren eta bikote arteko problematiken inguruan". Hori dela eta, "ahalegin berezia" egin nahi dute "jendartean dagoen aniztasunari balioa emateko", eta, pertsona bakoitzaren "berezko moduak eta berezitasunak" abiapuntutzat hartuta, "norbanakoaren nortasuna, desioak eta beldurrak" lantzeko aukera eskaintzeko.

Malen Aldalur Parekidetasun teknikariak eta Ione de la Cruz Emakume Txokoaren dinamizatzaileak azaldu dutenez, zerbitzuaren helburua da "jendarteak markatutako sexu eta genero identitate zurrunen aurrean senti daitezkeen jakin-min eta deserosotasunei aurre egiteko eta genero estereotipoetan oinarritutako harremanak gainditzeko aukera ematea". 

Plax! zerbitzua bikote eta sexu aholkularitza zerbitzua zen, baina orain aholkularitza zerbitzuaren aterkia zabaldu dute, eta genero gaiei lotutako kezka eta zalantzak nahiz bestelako gaiak lantzeko aukera eskainiko dute. 

Harremanez haragoko gaietan sakontzeko

Ainhoa Aira sexologian eta genero gaietan aditua da, eta hark eskainiko du sexu, genero eta bikote aholkularitza zerbitzua. Airak azaldu duenez, askotariko gaiak lantzeko aukera eskainiko du Lardaxkak, eta ez soilik harremanei lotutakoak: "Besteak beste, bikote eztabaidak, sarketarekin izan ditzakegun zailtasunak, praktika erotiko desberdinak eta ohiko errutinatik irteteko aukerak; seme-alabak edukitzeko prozesuan edo erditze ondorengoan erotismoari eusteko bideak, sexu identitateari dagozkion zalantzak, desiraren orientazioaren inguruko zalantzak; jeloskortasunak eta elkar ez ulertzeak sortutako gatazkak; sexting, pornografia eta sare sozialen bitarteko gertakarien inguruko zalantzak; gorputzaren ezagutza eta bizitzako etapa desberdinetan ematen diren aldaketa eta gogo berriei eman beharreko erantzunak landuko ditugu".

Plax! zerbitzua Baigera aretoan eskaintzen zuten, baina Lardaxka Emakumeen Txokoan eskainiko dute. Modu horretan, harrera zerbitzua zabalagoa izango da. Horrenbestez, asteartetan eskainiko dute zerbitzua, bi astean behin, Emakumeen Txokoan. Goiz eta arratsalde egongo da irekita, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Aurretik eskatu beharko da hitzordua Emakumeen Txokoan edo 943 15 70 55 eta 688 751 000 telefonoetara deituta. Zerbitzuaren sustatzaileek adierazi dutenez, "aurrez aurreko zerbitzua lehenetsiko" dute, horrek hartu-emana errazten duela iritzita. Hala ere, telefono bidezko zerbitzuak ere emango dute. "Oraindik badaude Emakumeen Txokora etortzera animatzen ez diren herritarrak, emakumeentzako lekua dela pentsatzen dutelako edo arrotz sentitzen dutelako, zoritxarrez. Hortaz jakitun, telefonoz ere eskainiko da zerbitzua", argitu du de la Cruzek. 

Norbanakoentzat eta kolektiboentzat

Lardaxka zerbitzuak bilduko dituen gaiak askotarikoak eta ertz ugaritakoak dira, eta horregatik nabarmendu dute zerbitzua ez dela norbanakoei edo bikoteei soilik zuzendutakoa. Kolektiboei edo taldeei ere eskainiko diote zerbitzua. Zalantzak izan ditzaketen herriko eragile eta kolektiboekin ere egingo dute lan, eta beste sail eta zerbitzuekin koordinatuta arituko da. "Tratu onetan eta indarkeria matxistarik gabeko herri bat osatzeko bidean, behar beharrezkoa da sexu identitate anitzak, LGBTI kolektiboaren beharrak eta elkarren arteko harremanak ere ikuspegi parekide batetik lantzea eta jorratzea. Horretan ere lan egingo du aholkularitza zerbitzuak", adierazi dute sustatzaileek. 

Lardaxka zerbitzuaren eskuorria, hemen

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide