Azpeitian euskara taldea sortzea erabaki dute, bilera irekian

Nerea Uranga 2023ko urr. 31a, 16:43

Euskara taldea sortu ala ez erabakitzeko atzo egindako bilera irekia, Basazabal jauregian.

Atzo arratsaldean Basazabal jauregian egindako bilera irekian hartu zuten erabakia. Herritarren kontzientzian eragitea izango da taldearen eginkizuna eta norbanakoek osatuko dute. Taldean parte hartzeko hiru modu proposatu dizkiete norbanakoei, eta formulario hau beteta hautatu daiteke nola izan taldeko parte.

Azpeitian euskara taldea sortzeko erabakia hartu dute, atzo arratsaldean Basazabal jauregian egindako bilera irekian. Herritarren kontzientzian eragitea izango da taldearen eginkizuna, eta norbanakoek osatuko dute. Azaroa hainbat kontu erabakitzeko hartuko du taldeak: talde finkoa, sarea, eremuak...

Herritar batzuk joan den udatik aritu dira Azpeitian euskara taldea sortzeko lanetan, eta euskalgintzako hainbat lagunekin kontrasterako harremanak egin dituzte. Atzo, bilera irekia izan zen, taldea sortu ala ez erabakitzeko.

Talde sustatzailearen arabera, Azpeitian ere aurrerapauso garrantzitsuak eman dira azkeneko 30-40 urtean, baina egoera orokorra ez da ona: "Euskarak erasoak jasotzen ditu, hizkuntza politikek ez dute ausardiarik, euskaltzaleek nerbioa galdu dute, kontzientzia galera dago, euskararen erabilera beheraka doa..., eta Azpeitian ere erreakzioa behar da, kontzientzian oinarritutakoa".

Talde sustatzaileak azterketa hori azaldu ondoren, Basazabaleko bileran izan ziren herritarrek euren ikuspuntuen berri eman zuten, eta euskara taldea sortzea ikusi zen.

Herritarrek taldean parte hartzeko moduak

Talde sustatzaileak herritarrei dei egin die talde finkoa osatzeko, eta taldeko parte izateko beste bi modu ere proposatu dizkiete: ekintza eta harreman zuzenetarako laguntzaile izatea eta euskara taldearen informazioaren jasotzailea izatea. Sare horiek osatzen joateko hartuko du taldeak azaroa. Herritarrek formulario honetan dute taldearen parte izateko hiru moduetako bat hautatzeko aukera.

Euskara taldea sortu ala ez erabakitzeko bilera irekia atzo, Basazabalen.

Era berean, datozen asteetan erabakiko dituzte euskara taldearen izena, izaera juridikoa, noiz hasi martxan, lan eremuak edota komunikazio euskarriak.

Atzoko bileran hitz egin zen Azpeitiko Euskara Mahaiarekin harremanean egotea euskara taldea. Mahaia udalak eta eragileek osatzen dute, eta euskara normalizazioa du ardatz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide