'Itsasoa ari zait', Tolosan berriro

Mailo Oiarzabal 2023ko aza. 1a, 09:11

Suhar abesbatzakoen artxiboko irudia. Talde horrek kantatuko du 'Itsasoa ari zait' Tolosan. (Suhar gizon korua)

Idoia Azurmendi zenaren lana berreskuratu du Suhar koruak abesbatzen lehiaketaren aurtengo ediziorako. "Bere kantuetan bizirik dago", dio Ainhoa Odriozola hitzen egileak joan den urtarrilean hil zen musikagileaz.

Gaur hasiko da Tolosan (Gipuzkoa) bertako Abesbatza Lehiaketa ezagunaren 54. aldia. Igandera bitartean, hainbat herrialdetako hamabi ganbera abesbatza eta sei ahots talde lehiatuko dira sarien bila. Egile ugariren musika entzun ahalko da egunotan Tolosan aipatutako talde guztien ahotsetan, eta tartean dago Idoia Azurmendi musikagile azpeitiarrak sortutako lan bat: Itsasoa ari zait. Tolosako lehiaketa urtero eta hutsik egin gabe jarraitzen dutenentzat, ez da pieza ezezaguna Azurmendiren hori; edizio guztietan daude lehiatzen diren talde guztiek derrigor kantatu beharreko piezak, eta 2006an sortutako Itsasoa ari zait izan zen horietako bat, 2017an.

Orduko hartan, lehiatu ziren emakume abesbatzek kantatu behar izan zuten Azurmendiren obra. Aurten, berriz, Suhar gizon koruak eramango ditu Itsasoa ari zaiten doinuak Tolosako agertokietara. Beste azpeitiar batenak, Ainhoa Odriozolarenak, dira Azurmendiren piezaren hitzak; Odriozolak dakiela, behintzat, obra hori "gizonen koru batek kantatuko duen lehen aldia" izango da aurtengoa.

Ganbera abesbatzen sailean lehiatuko da Suhar Tolosan. Gaur, lehiaketaren lehen jardunaldian, ariko da Esteban Urzelaik zuzentzen duen ahots taldea Leidor antzokiko agertokian, 19:30ean hasiko den saioaren barruan. Igandean, berriz, aurtengo edizioaren azken egunean, kontzertu berezia eskainiko du Suhar abesbatzak Tolosako San Frantzisko elizan (19:00), eta han ere abestuko dute Azurmendiren Itsasoa ari zait.

"Omenaldirik onena"

Musikagile oparoa, abeslaria, koru zuzendaria eta musika irakaslea, joan den urtarrilean hil zen Idoia Azurmendi. Odriozolak ez daki zehatz-mehatz Suharrekoek zergatik aukeratu duten Itsasoa ari zait Tolosan lehiatzeko, baina "Idoiak utzi gaituen urte honetan, omenaldirik onena" iruditzen zaio. "Bere kantuetan bizirik dago", dio Odriozolak Azurmendiz.

Bi azpeitiarrek, hitzen egileak eta musikagileak, behin baino gehiagotan egin zuten lan elkarrekin, Itsasoa ari zait piezarako elkarlana "ez zen ez lehena, ezta azkena ere" izan. "Letra bat eskatu zidan, eta hau egin nion. Asko gustatu zitzaion, eta [musika] bakarrik ateratzen zitzaiola esaten zidan", kontatu du Odriozolak, aurten Tolosako Abesbatza Lehiaketara itzuliko den obraren sormen prozesuaz galdetuta. "Itsaso ondoan zabiltzala, itsasoak hitz egiten dizula ez zaizu inoiz iruditu? Barruan izan arren, entzun nahi ez ditugun gauzak esaten, agian...", gaineratu du hitzen egileak, Itsasoa ari zait abestiak kontatzen duenaz.

Gogoan du Odriozolak 2017an abestia Tolosan entzun zuenekoa: "Nazioarteko abesbatzek kantatu zuten aurreneko aldi hartan. Harrigarria zen euskaraz zer ondo ahoskatzen zuten entzutea eta kantuaren mezua nola iristen zen ikustea".

Letragileak azaldu du sentipen berezia sorrarazten diola berak sortutako hitzak besteren ahotsetan entzuteak: "Letragile gisa, ezin ohituta" jarraitzen du azpeitiarrak, berak "paperean jarritakoa airetik bueltan" itzultzen zaion une horietan. "Eta Idoiaren musikarekin bilduta... Zoragarria da".

Oiartzungo (Gipuzkoa) Izotz eta Orioko Salatxo abesbatzak zuzendu zituen, besteren artean, Azurmendik; horrez gain, abesbatza ugaritan kantatu zuen, herriko Antxieta Gazteak koruan lehen urratsak egin ondoren.

Hain zuzen ere, Zestoako Amalda abesbatzan ezagutu zuten elkar Azurmendik eta Odriozolak. "Langile porrokatua eta sentsibilitate bereziko konposatzailea zen, bere kantek badute zerbait bereizgarria", dio Odriozolak kide izandakoaz. "Nik musikaz ez dakit asko, baina oso konposatzaile ona zela esaten dute denek. Opari bat izan zen harekin lan egin ahal izatea".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide