Martxan da umeen danborradako karrozarako proiektuak aurkezteko epea

Mailo Oiarzabal 2023ko aza. 3a, 08:58

Antzerki Topaketak izan dira karrozaren gaia aurtengo sansebastianetan. Trikitia izango da 2024ko karrozarena. (Nerea Uranga)

Trikitia da Azpeitiko Udalak 2024ko San Sebastian egunean estreinatuko duten karrozarako aukeratu duen gaia. Azaroaren 30era arte aurkez daitezke diseinu proposamenak.

Azpeitiko Udalak ireki du datozen sansebastianetan umeen danborradan kalez kale ibiliko duten karrozarako diseinua aukeratzeko lehiaketa. Trikitia da udalak 2024ko San Sebastian egunean estreinatuko duten karrozarako aukeratu duen gaia. Azaroaren 30era arte aurkez daitezke diseinu proposamenak udaletxean.

Nahi duten pertsona edota talde guztiek dute lehiaketan parte hartzeko aukera, baina partaide bakoitzak proiektu bakarra aurkez dezake. Karrozaren neurriak –2,80 metroko zabalera x 3,85 metroko luzera, eta 3,20 metroko altuera– kontuan hartu beharko dituzte lehiakideek beren proiektuak egiterakoan; planoak, bozetoak, 7.800 euro gaindituko ez dituen aurrekontu zehaztua, eta gehienez A4ko bi orrialdetan jasotako memoria bat jaso beharko dituzte karrozarako proiektu guztiek. Lehiaketaren irabazleak 1.500 euroko saria jasoko du, eta 2024ko sansebastianetako karroza egiteko enkargua.

Oinarriak, osorik

Hauek dira Azpeitiko Udalak 2024ko sansebastianetako karrozaren lehiaketarako zabaldu dituen oinarriak:

  1. Nahi duten pertsona nahiz talde guztiek har dezakete parte. Pertsona edo talde bakoitzak proiektu bakarra aurkez dezake.
  2. Lanak edozein teknika edo material erabiliz egin daitezke.
  3. Proiektuek, nahi eta nahi ez, sortu berriak izan beharko dute, hau da, norberak sortutakoak, eta lanaren egileak izango du erantzunkizun osoa baldintza hau ez betetzearen ondorioz gerta daitekeen edozein erreklamazioren aurrean.
  4. Karrozaren neurriak ondorengo hauek dira: 2,80 m-ko zabalera x 3,85m-ko luzera eta 3,20 m-ko altuera.
  5. Lanak sinatu gabe aurkeztu beharko dira, eta aparteko sobre batean egilearen datuak zehaztuko dira: NA, helbidea, telefonoa eta curriculuma.
  6. Aurreproiektuak aurkezteko epea azaroaren 30an amaituko da. Epaimahaiak erabakia emango duen eguna modu egokian jakinaraziko da.
  7. Proiektuak ondorengo helbidera bidali beharko dira: Azpeitiko Udala, Festa Batzordea. Enparantza Nagusia, 5, 20730 Azpeitia (943-15 70 68 da Kultura saileko telefono zenbakia).
  8. Epaimahaia Azpeitiko Udalak izendatuko du, eta bost pertsonak osaturikoa izango da. Ordezkaritza udaleko ordezkariek eta dekoratzaile eskolakoek osatuko dute.
  9. Aurkeztutako proiektuen artean bakar bat aukeratuko da, eta proiektua gauzatzeko esleituko da.
  10. Planoak, bozetoak, 7.800 euro baino gehiagokoa ez den aurrekontu zehaztua, eta gehienez A4ko bi orrialde hartzen dituen memoria txiki bat aurkeztu beharko dira.
  11. Lehiaketaren irabazleak 1.500 euroko saria jasoko du.
  12. Lehiaketa hutsik gera daiteke, epaimahaiaren iritziz aurkeztutako proiektuek ez badute behar adinako kalitate edo baliorik.
  13. Oinarri hauek eta bertako baldintzak betetzen ez dituzten proiektuak ez dira onartuko.
  14. Deialdi honetan parte hartzeak, oinarri hauek onartzea esan nahi du.
  15. Epaimahaiak hartuko ditu oinarri hauetan agertzen ez diren arazo guztien gaineko erabakiak, eta erabaki horiek apelaezinak izango dira. Epaimahaiak karrozaren exekuzio garaian jarraipen lanak egingo ditu. Lanak epaimahaiaren oniritzia eduki beharko du kopuru osoa jasotzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide