Aloña Zubizarreta: "Agur mezuak jasotzen ari naiz; amesgaiztoa dirudi honek"

Intza Trula 2023ko aza. 3a, 09:19

Aloña Zubizarreta. (Utzitakoa)

Hainbat urtez Gazan lanean jardun zuen Aloña Zubizarretak. Gertutik jarraitzen ari da egun han gertatzen ari den guztia, bertan baitaude urte haietan ezagututako lankideak.

2016an joan zen Aloña Zubizarreta (Azpeitia, 1975) erizaina Gazara lanera, Medicos del Mundo taldearekin haurren proiektu bat gauzatzera. Bertako haurrek hezurretan eta artikulazioetan izan zitzaketen deformazioak mekanikoki aurreikustea eta horiek zuzentzeko ebakuntzak egitea zen haren lana. Protestetan, tiroketetan eta ezohiko egoeretan lan egiten zuten Zubizarretak eta gainontzeko lankideek, eta lagun asko egin zituen esperientzia hartan azpeitiarrak. Gaur egun, Turkian bizi da, eta «inpotentzia» eragiten dio lankide izandakoek Gazan bizi duten errealitateak, haiek bertan jarraitzen baitute lanean.

Gazan lanean jardun zenuenean ezagutu zenituen lankideek han jarraitzen dute. Nolakoa da haien egoera?

Oso gertutik ari naiz jarraitzen guztia. Han egon nintzenean, harremana egin genuen lankideok, eta orain bertan jarraitzen duten erizain eta traumatologoekin kontaktuan jarraitzen dut. Tristura ikaragarria eta ezintasuna sentitzen ditut; dena okerrera doa, eta hildako umeen kopurua izugarri altua da. Guztiek galdu dute norbait. Horrez aparte, inoiz ez dituzte baliabide asko izan, baina hau guztia hasi zenetik oso baliabide gutxirekin ari dira lanean. Anestesiarik gabe ari dira egiten ebakuntzak, eta haurrak analgesiarik gabe ari dira tratatzen; pentsatze hutsarekin dardarka jartzen zait gorputza. Egia esan, niri ere kostatzen ari zait momentu honetan bizitzen ari diren guztian pentsatzea. Beraiengandik iristen zaizkidan mezuak oso motzak dira, gero eta motzagoak. Egoera oso larrian daude, eta esaten duten gauza bakarra da beraiengatik errezatzeko. Agur mezuak jasotzen ari naiz azkenaldian; amesgaiztoa dirudi honek. Oso gogorra egiten zait telebistan zuzenean ematen dituzten irudiak ikustea ere.

Zenbatero izaten duzu haien berri?

Itzultzaile bat geneukan Medicos del Mundorekin lan egiten nuenean, eta ia egunero nire ondoan izaten nuen. Oso lagunak gara, eta ia egunero idazten dit egoera kontatzeko. Esaten dit jada ez dutela toki segururik, familiak eta gertuko gehienek etxeak galdu dituztela… Asko autoetan bizi dira, eta bost-sei pertsonak egiten dute lo horietan. Esaten didate jan gabe egon daitezkeela, baina urik gabe… Etxe batean lehen hamabost pertsona bizi baziren, orain 70 bizi dira. Komunera joatea odisea bat da, eta imajinatu hilekoa izanez gero. Eta hori guztia bonbardaketen azpian. Gero eta gutxiago atseden hartzen dute, eta gauari ere beldurra diote, bonbardaketa gogorrenak gehienetan orduan izaten baitira.

Zer pasatzen zaizu burutik hori kontatzen dizutenean?

Nik bi ume ditut, eta ezin dut imajinatu egoera horretan egotea. Beti esaten dut, kartzela batean daudela, askatasunaren gabezia hori ikaragarria dela. Inoiz ez dute guk ‘normaltzat’ dugun bizitza eduki, baina beraien ‘normaltasun’ hori izatetik egoera honetan egotera igarotzea egun batetik bestera…

Aloña Zubizarreta, erdian, Gazan izan zenean, erietxe batean, lankidez inguratuta. (Utzitakoa)

Israelen ere bizi dira zure lankide izandako zenbait. Zer diote haiek?

Bertan dagoen familia bat oso laguna dut. Esango nuke beraiek ere ez zutela espero horrelako egoera batera heltzea. Betidanik bizi izan dira guztiz militarizatutako gizarte batean; ohituta daude egunerokotasunean jendea armatuta ikustera, eta agian, horrek segurtasuna eman izan die beti. Orain, ordea, gertatu den guztiarekin, uste dut beraiek ere segurtasun falta sentitu dutela. Jende asko, gainera, ez dago lehen ministroarekin ados. Nahiz eta gutxi batzuk izan, uste dut  herritarrak pixka bat altxatu diren lehenengo aldia dela. Beraientzat ere aldatu egin da guztia. 

Ohitzen al da bat horrelako egoera batean lan egitera?

Ezin dut imajinatu egoera honetan Gazan lanean ari direnak nola dauden, egia esan. Oso ohituta daude egoera zailetan lan egitera eta inprobisatzera; horretan onenak dira. Baina hortik egoera honetan lan egitera saltoa dago; bonbardaketak dituzte alde guztietan, eta denek dute familia egoera horretan. Ospitaletako korridoreak gainezka daude, eta zer moduz moldatzen ari diren galdetzean, ‘bizirauten’ ari direla erantzuten didate, besterik ez. Nik ere ez diet gehiegi galdetzen, ez baitakit denbora ere nondik ateratzen duten niri erantzuteko. Internetaren joan-etorriak etengabeak dira, ez daude beti komunikatzeko moduan. 

Inpotentzia sentitzen al duzu hori guztia kanpotik jarraitzean?

Ikaragarrizko inpotentzia sentitzen dut. Egunero ari naiz pentsatzen ea gutxienez su etena sinatzen duten eta korridore humanitarioak irekitzen dizkieten. Jendea mugitzen ari da korridore horiek lehenbailehen irekitzeko eta gutxienez ospitaleetara behar dituzten baliabideak iristeko. Ea ahal dugunean laguntzera sartzen garen. Hala ere, oso urrun ikusten dut momentu hori, eta kontatzen didatenagatik, esango nuke beraien kezka handiena ere hori dela: ez dutela epe laburrera su etena ikusten. Gu saiatzen gara kanpotik itxaropen apur bat ematen eta animatzen; esaten diegu jende asko dagoela hemen kanpoan beraiekin, baina oso zaila da hori hitzez beraiei helaraztea. Mundu guztiak hor utzi dituela sentitzen dute neurri batean, eta galduta daude. Epe laburrera oso beltz ikusten dute etorkizuna, eta sentsazio horrekin aurrera jarraitu behar izatea oso gogorra da. Askotan pentsatzen dut hemendik aurrera ez ditudala telebistako irudiak ikusiko; inpaktua sekulakoa da ezagutzen duzun jendea han dagoenean eta zu ere bertan izandakoa zarenean. Ezin dut ulertu zigor kolektibo hau nola izan daitekeen posible; hain krudela, hain gogorra… Ez dakit zein hitz erabili hau deskribatzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide