Haurrekin heriotzaren gaia eta dolua lantzea helburu duen Azken galdera amari ipuina ondu du Manex Beristain azpeitiarrak. Benetako gertaeretan oinarritutako istorioa da. "Ekain izeneko haurraren eta haren amaren arteko maitasun istorio gordina bezain samurra kontatzen du lanak. Heriotzaren eta doluaren inguruan kontzientzia lanketa bat egitea du helburu, eta bide batez, gai horiek lantzeko baliabideak eskaintzea. Bizitza bera bezala, ipuinean geruzarik gabe agertzen dira heriotza, dolua, bakardadea, galera edota beldurra bezalako kontzeptuak", dio kontakizunaren sinospiak. Atzo, osteguna, aurkeztu zuen Beristainek liburua Azpeitiko Udal Liburutegian, hainbat haurren eta gurasoren aurrean. Egileak esan duenez, "goxoa eta xumea" izan zen aurkezpena, baina aldi berean, "hunkigarria".
Atzoko lehen aurkezpen publikoaren aurretik, joan zen astean egin zuen ipuinaren lehen aurkezpena Beristainek, inguruko jendearen artean. Izan ere, hark bizi izandako gertaera bat du oinarri ipuinak, eta giro intimoan elkarbanatu nahi izan zuen lehenengoz lana. "Jende pila bat bertaratu zen saiora, ia ehun lagun elkartu ginen", esan du. Ordubete inguruko ekitaldia egin zuten, dantza, clown, musika eta poesia diziplinak uztartuz, eta bide batez, Mirari Amenabar zena omenduz, haren heriotza baita ipuinaren ernamuina, abiapuntua. "Jende askok zor zion omenaldia izan zen, eta nik ere zor nion halako ekitaldi bat".
Atzokoa, berriz, herriz herri egingo dituen aurkezpen saioetan lehena izan zen. Ordu erdi inguru iraun zuen saioak, eta ipuina bera kontatu ez zuen arren, haren zenbait atalen zertzeladak eman eta hausnarketarako bidea zabaldu zuen Beristainek. "Ipuineko kapituluak beste ikuspegi batetik aztertu eta transmititu nituen. Pare bat kapitulu hausnarketarako esaldien eta txotxongiloen bidez azaldu nituen, eta beste bi nire semarean ahotsaren bidez", adierazi du. Musika ere izan zen atzoko saioan: "Pare bat kantu jo nituen, eta hausnarketarako unea ere izan zen". Jendea "ukituta" gelditu zela nabaritu zuen Beristainek, eta haurrak adi-adi egon zirela azpimarratu du.
"Interakzio polita"
Hainbat haur bertaratu ziren liburutegiko saiora, eta Beristainek nabarmendu du "polita" izan zela umeekin sortu zen interakzioa. "Bi unibertso sortu ziren: batetik, umeen artean naturaltasunez aritu ginen heriotzari buruz; eta bestetik, atzean zeuden helduak, beren minarekin". Orokorrean, saioa "oso intimoa" izan zela nabarmendu du. Dena den, ez zen hainbeste jende bertaratu. "Ez dakit jendeak ez zuen aurkezpenaren berri, edo aurkezpena egingo genuela jakin arren, bere momentua ez zelako ez zen bertaratu. Izan ere, gai konplexua da heriotzarena, edonoren barrena asko mugitzen duena". Hala eta guztiz, ipuinak "interes handia" piztu duela iruditzen zaio egileari. "Asko gustatu zaio jendeari, eta uste dut erreminta potentea dela heriotza eta dolua lantzeko. Gainera, gehigarri bat dauka: gertaera erreal batean oinarrituta dago, eta jende asko identifikatuta sentituko da". Ipuineko testuaz gain, QR kodeen bidez material dezente jarri du herritarren eskura.
Ipuina 5 urtetik gorako haurrei zuzenduta dago, betiere heldu baten babesean elkarbanatu eta landuz gero, horrela "mami gehiago" atera ahal izango zaiolako lanari.
Datozen aurkezpen datak
Lehen aurkezpena Azpeitian eginda, aurrerantzean Gipuzkoako hainbat txokotan aurkeztuko du ipuina Beristainek. Hona hemen ekitaldien egunak eta lekuak.
-Azaroak 10, ostirala. Elgetan.
-Azaroak 14, asteartea. Hernanin.
-Azaroak 20, astelehena. Orion.
-Azaroak 21, asteartea. Zestoan.
-Azaroak 23, osteguna. Deban.
-Azaroak 28, asteartea. Aizarnan.
-Azaroak 30, ostirala. Elgoibarren.