Aurrekontuak osatzeko prozesuan, aurrez aurreko bilerak indartuko ditu udalak

Nerea Uranga 2023ko aza. 3a, 13:43

'Denona denontzat' aurrekontuen prozesu parte hartzailearen aurkezpena. (Azpeitiko Udala)

Landa eremuko auzoetan eta herrigunekoetan 11 bilera antolatu ditu Azpeitiko Udalak. Batzar horietan, herritarren lehentasunak ezagutzea eta ekarpenak jasotzea du helburu udalak. Azaroaren 6tik 21era bitartean egingo dituzte bilerak. Herritarrek aurrekontuetarako proposamenak egiteko beste bi bide ere jarriko ditu erakundeak; batetik, postontziak egongo dira herriko hainbat gunetan, eta bestetik, Internetez ekarpena egiteko aukera izango da.

Datorren urterako udal aurrekontua osatzeko lanean ari dira Azpeitiko Udalaren ordezkariak. Azken urteetan bezala, aurten ere, aurrekontuak herritarren ekarpenak eta proposamenak kontuan hartuta osatzeko, hainbat bide jarriko ditu abian udalak, Denona denontzat leloarekin hasi duen aurrekontu parte hartzaileen prozesuan. "Aurrekontuak eta parte hartzea lotuta doaz Azpeitian, eta lan egiteko modu hori indartu egingo dugu aurten, aurrez aurreko harremanei garrantzi handiagoa emanez", azaldu dute Udal Gobernuko ordezkariek. Horretarako, landa eremuko auzoetan ez ezik, herrigunekoetan ere batzarrak antolatu ditu udalak. Guztira, 11 bilera egingo dituzte: Aratzerrekan, Loiolan, Urrestilan, Matxinbentan, Nuarben, Lasaon, Oñatzen, Elosiagan, Sanjuandegin, Alde Zaharrean eta erdigunean.

Aurrez aurreko batzarretan, aurrekontuei begira herritarrek zer lehentasun dituzten jakin nahi du udalak. Horrez gainera, aurrekontuetatik haratago, herritarrek zer proposamen eta behar dituzten ere jaso nahi du udalak bilera horietan.

Herritarrekin auzoz auzoko bilerak datorren astelehenean hasiko ditu udalak. Hona hemen egunez egun egingo dituen bilerak, orduak eta tokiak:

  • Azaroak 6, astelehena. Aratzerreka. Auzoko tabernan, 19:00etan.
  • Azaroak 7, asteartea. Loiola. Loiolatxon, 20:00etan.
  • Azaroak 8, asteazkena. Erdigunea. Baigeran, 19:00etan.
  • Azaroak 9, osteguna. Urrestilla. Auzo lokalean, 19:00etan.
  • Azaroak 13, astelehena. Matxinbenta. Taberna gaineko gelan. 19:00etan.
  • Azaroak 14, asteartea. Sanjuandegi. Baigeran, 19:00etan.
  • Azaroak 14, asteartea. Nuarbe. Sokatira museoan, 19:00etan.
  • Azaroak 15, asteazkena. Alde Zaharra. Basazabalen, 19:00etan.
  • Azaroak 15, asteazkena. Lasao. Auzo lokalean, 19:00etan.
  • Azaroak 15, asteazkena. Oñatz. Elizako lokalean, 19:00etan.
  • Azaroak 21, asteartea. Elosiaga. Añotan, 19:30ean.

Beste bi bide

Aurrez aurreko batzarretara joaterik ez dutenek beste bi bide izango dituzte beren ekarpenak egiteko. Alde batetik, eskuorriak jasoko dituzte etxeetan, eta horietan beren ekarpenak idatzi, eta herriko sei puntutan jarriko dituzten postontzietan uzteko aukera izango dute. Azaroaren 17ra bitartean honako tokietan egongo dira postontziak jarrita: udaletxean, igerilekuan, liburutegian, Urrestillan, Jose Artetxe kalean eta Urbitarte auzoan. Bestetik, Internet bidez ere egin ahal izango dituzte herritarrek beren ekarpenak, helbide honetan.

Azpeitiko Udalak adierazi du "herritarren ongizatean inbertitzen" jarraitu nahi duela, "kalitatezko zerbitzu publikoen eta azpiegitura egokien bidez". Horretarako, ordea, "ezinbestekotzat" jotzen dute udal ordezkariek herritarren lehentasunen berri izatea. "Elkarri entzun, eta elkarrekin aurrera egitea da helburua, azpeitiar guztion ekarpenekin, Azpeitia hobea egiteko", adierazi dute udal gobernukideek.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide