Noiz eta nolatan etorri zinen Azpeitira?
Izatez Marokokoa naiz, eta 2006. urtean iritsi nintzen Euskal Herrira. Aurrez, Espainian bizi izan nintzen pare bat urtez. 2006an Bilbon egin nuen geldialdia. Hainbat urtez han egon ostean, 2013an Getariara mugitu nintzen, eta dezente denbora egon nintzen han bizitzen. Getarian ere denda batean egiten nuen lan. 2020an etorri nintzen hona, eta orduz geroztik eroso nago hemen.
Aurrez ezagutzen al zenuen Euskal Herria?
Egia esan, istorio bitxia dut. 90eko hamarkadan Historiako irakasle batek hitz egin zidan aurrenekoz Euskal Herriaz. Garai hartan, jende askok erakunde armatuarekin eta indarkeriarekin lotzen zuten Euskal Herria, orduko testuinguru politikoa tarteko. Niri, ordea, ez zidan halakorik esan irakasleak. Hark oso ondo hitz egiten zuen Euskal Herriaz, eta zentzu guztietan gomendagarria zela esaten zigun: jendea, giroa, bizi baldintzak... Beraz, hari esker erabaki nuen ni Euskal Herrira etorriko nintzela bizitzera. Murtzian [Espainia] bi urte egin nituen aurrena, eta handik zuzenean etorri nintzen Euskal Herrira.
Marokoren falta nabaritzen al duzu?
Zalantzarik gabe, familiaren falta antzematen dut gehien. Lehen ama eta aita nituen han; dagoeneko aita ez dago, baina ama han bizi da. Asko oroitzen naiz amaz.
Zer ekarriko zenuke Marokotik Euskal Herrira?
Marokoko ohiturak edo tradizioak ekarriko nituzke. Esaterako, jatekoa eta tea. Hemengo jakiak ere goxoak dira, baina gu musulmanak gara, eta ez dugu txerrikirik jaten. Beraz, hango zenbait jaki tradizional ekarriko nituzke.
Zer da Euskal Herritik gehien atsegin duzuna?
Dena atsegin dut, benetan. Hori bai, bereziki hunkitzen naute euskal kantek. Ez naiz sekula arabierako kantu batekin hunkitu euskal abesti batzuekin hunkitu naizen beste. Getarian bizi nintzenean, hango festetan eta, asko hunkitzen ninduten kalean abesten zituzten kantek. Asko maite dut Euskal Herria eta euskal kultura: kalera irtetea, ohiturak, euskara, festak... Lagunekin soziedadeetara ere joan izan naiz otorduak egitera.
Dendan lan egiteak harremanak egiten lagundu al dizu?
Bai, saltokian lan egiteak jendearekin hitz egitea eta harremanak egitea erraztu egiten du. Getarian bizi nintzenean ere, fruta eta barazki denda batean egiten nuen lan, eta bai han eta bai hemen, Damason, saltokian lanean aritzeak jendearen artean zein gizartean bertakotzen lagundu dit. Esaten zidaten euskaldunak itxiak zirela, eta ez dutela askorik hitz egiten, baina ez nago ados. Jendea jatorra eta irekia da hemen. Azkar integratu naiz.
Zein dira zure egitekoak dendan?
Gehienetan kutxazain egoten naiz, baina bestelako lanak ere egitea egokitzen zait behar denean: harategian aritzen naiz edota gauzak beren lekuan kokatzen.
Zer egiten duzu lanetik irtetean?
Etxera joaten naiz gehienetan. Hala ere, baditut lagunak Azkoitian, eta askotan haiekin gelditzen naiz. Marokokoak baino lagun azkoitiar gehiago ditut.
Moldatzen al zara euskararekin?
Euskara asko gustatzen zait, eta ez dut uste jendeak dioen bezain zaila denik. Ni, oraingoz, ez naiz euskaltegietara joan, eta neure kabuz ari naiz hizkuntza ikasten. Hiztegia pixka bat kontrolatzen dut, eta dendara etortzen direnei euskaraz hitz egiten saiatzen naiz. Jatekoen izenak, zenbakiak... horiek guztiak badakizkit gutxi gorabehera. Euskara ikasi nahi bada, ahal da. Gainera, bertako hizkuntza jakiteak ate ugari irekitzen ditu.