Musika geneetan

Nerea Uranga 2023ko abe. 10a, 09:02

(Irudia: IƱaki Martinez)

Familia musikariak badira Azpeitian, askotarikoak dira, gainera; belaunaldiz belaunaldi instrumentu berdinak jotzen dituztenak, erabat desberdinak diren tresnak jotzen dituztenak, hainbat taldetan parte hartzen dutenak... Musika ikasi eta jo arren, behin bakarrik jo izan dute familiakoek elkarrekin, aukera hori Juan Antxieta musika eskolak eskainita denek.

Santa Zezilia eguna izango da azaroaren 22an, Musikarien Eguna. Azpeitian badira musikariz osatutako familiak, musikari balioa eman, eta beren oinordekoak musikara zaletu edota musikan hezi dituztenak. Aurreko ikasturtean, Juan Antxieta musika eskolaren 40. urteurrenari lotuta, musika eta familia uztartuz bi emanaldi antolatu zituzten Sanagustin kulturgunean. Bi jaialdi horietakoren batean parte hartu zuten familietako batzuk dira honakoak.

Arandiatarrak, trikitiari lotuak

Bi anaia, alaba bana. Aitak zer jo, alabek ere instrumentu bera ikasteko eta jotzeko hautua egin dute. Laurak trikitiari lotuak. Jatorriz Albizturkoak dira Xabier eta Andoni Arandia anaiak; azpeitiarrak, hurrenez hurren, Iraia eta Izaro Arandia beren alabak. Txiki-txikitatik izan dute trikitirako zaletasuna bi anaiek, hala azaldu du Andonik: "Hiru anaia gara, eta ni eta beste anaia bizkiak gara. Bizkiok panderoa jotzen dugu, eta Xabierrek soinua. Xabierrek eta biok seme-alabak ditugu, semeek ez diote heldu trikitiari, baina bai alabek; nireak [Izaro] nik bezala panderoa jotzen du, eta Xabierrenak [Iraia], berak bezala, soinua".

Txiki-txikitatik izan dute trikitirako zaletasuna. "Albizturren ondoko baserrikoak jotzen zuen, eta hura hasi zen guri irakasten. Iñaki eta Ramon trikitilariak izan genituen maisuak". Alabek beren zaletasunari heldu diotelako harro daude biak, "polita eta aberasgarria" dela diote. Panderoa edota soinua ez diren beste musika instrumenturik ikasteko tentaziorik ere ez dute izan Izarok eta Iraiak. Juan Antxieta musika eskolan ari da trikitia ikasten Iraia. Izaro musika eskolan eta Lajarekin ibilitakoa da panderoa ikasten; orain denbora faltan, "aitari begira edota YouTubeko bideoak ikusiz" jarduten du panderoa jotzen.

Familiako ospakizunetan trikiti doinuak presente izaten dituzte arandiatarrek. "Etxean jotzeko ohiturarik ez dugu, baina bazkariren bat dugunetan jotzen dugu trikitia, eta alabak ere batzen dira. Bestelako giro bat sortzen da", diote. Trikitiarekin plazetan aritzeko aukerak gutxitu egin direla uste dute, eta laurek elkarrekin jarduteko aukera gutxi izan dituzte. Musika eskolak antolatutako 40. urteurreneko jaialdian jo zuten elkarrekin, baita Albizturgo Trikitilari Egunean ere.

Ezkerretik eskuinera, Andoni Arandia, Izaro Arandia, Iraia Arandia eta Xabier Arandia. (Nerea Uranga)

Beren etxeetan trikitia dezente entzuten dutela diote Izarok eta Iraiak. "Gu gehiago gara pieza zaharren zaleak, eta alabak, aldiz, modernoagoenak. Trikitia ez den beste musika mota bat ere entzuten dute seme-alabek, baina, baloratzeko, denetik entzun behar izaten da", diote bi aitek.

Cuevas-Zeberio, kirolean bakarrik ez

Kirolari lotuta ezagunak dira Asier Cuevas eta Onintza Zeberio, baina kirolak bezainbeste garrantzi du beren etxean musikak. "Etxeak orkestra bat eman izan du hainbat unetan. Pandemia garaian musika tresnez beteta genuen egongela, eta semeekin [Aner eta Kilian Cuevas] instrumentuak jotzen aritzen ginen", dio Asierrek. "Kirola gustukoa dugu denok etxean, baina niri musikak asko balio izan dit erlaxatzeko eta lasaitzeko, eta beti gustatu izan zait semeek musikarekin harremana izatea. Txikitatik ibili dira musika eskolan, gustura gainera", azaldu du Zeberiok. Anerrek lehen pianoa ikasten zuen, eta orain perkusioa ikasten ari da musika eskolan; Kilianek, berriz, gitarra ikasten du, eta "ondo abesten" du.

Zeberiok Txistuko ikasketak eginda ditu, eta garai batean goiz eresiak-eta egiten zituen txistulari taldearekin. "Orain ikastolako jaialdietan eta tokatzen denean jotzen dut txistua, gainontzean ez", azaldu du.

Asierrek ere txikitan txistua jotzen zuen, "bost bat urtean". Gaztaroan, ordea, lagunartean bateria jotzen hasi zen, "Eibarren lokal batean elkartzen ginen lagunak musika jotzeko". Musikarako nahiz korrikarako "erritmoaren zentzu ona" duela aitortu du Asierrek, eta musika entzunez entrenatzen du, "erritmoa eramaten" laguntzen diolako. Musika "gogorra" du gustukoa, "heavya eta hard rocka". "14-15 urterekin ikusi nuen lehen musika kontzertua, Iruñean; Monsters Of Rock jaialdian Iron Maiden, Metallica, Anthrax eta Helloween taldeek jo zuten. Bateriara Nicko McBrain, Lars Ulrich... bateria jotzaile horiek entzunez zaletu nintzen". Orain, etxean Aner semearekin aritzen da bateria jotzen Asier, baina gainontzean utzita du; "Anerrek nik baino hobeto jotzen du bateria, abilezia handia du musikarako".

Etxeko laurek batera behin bakarrik jardun dute jendaurrean, Juan Antxieta musika eskolak 40. urtemuga ospatzeko antolatutako jaialdietako batean. "Hasieran, Asierrek ez zuen nahi bateria jotzea, baina semeei ilusioa egiten zien aitak ere parte hartzea emanaldian. Kirolean bezala, beste edozertara ere buru-belarri jartzen da Asier, eta orduan ere hala aritu zen", kontatu du Zeberiok. "Erridikulurik ez nuen egin nahi, baina oso ondo atera zen gero, eta poz-pozik gelditu ginen etxeko laurok".

Elkarrekin musikan jardutea "hunkigarria" izan zen Zeberioren ustez, "kirola ez beste esparru batean elkarrekin jardutea oso polita izan zen". Berriro laurek batera musika jotzeko ordukoaren antzeko ekitaldi batek izan beharko duela dio Zeberiok, bestela zaila izango dela.

Bateria jotzen Asier Cuevas, gitarrarekin Kilian Cuevas, txistua jotzen Onintza Zeberio eta pianoan Aner Cuevas, Sanagustin kulturgunean. (Mailo Oiarzabal)

Garmendia-Aranaga, kide hainbete instrumentu

Hainbat instrumentu jotzen dituzte Urrestillako Garmendia-Aranaga familiako kideek. Amaia Aranagak biolina, pianoa "pixka bat", txistua, dultzaina eta txalaparta jotzen ditu. Ibon Garmendiak txistua eta txalaparta. Biak Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldeko kideak dira, eta Ibon Urretxuko txistulari taldeko kidea ere bada, eta hango txistulari alardeak zuzentzen ditu. Beren seme-alabek ere badute musikarako zaletasuna, eta musika eskolako ikasleak dira Ekhi (perkusioa), Mattin (tronboia eta adarra) eta Kattalin (panderoa) Garmendia; bi anaiak, gainera, Banda Gazteko kideak dira.

Musikari esker ezagutu zuten elkar senar-emazteek. "Urrestillako sanjoanetan, Pako Aristi eta lagunek kantu eta musika saioa antolatzen zuten. Garai hartan, ni Bartzelonan nengoen ikasten, eta askotan ez nintzen izaten. Oso kantuzalea naiz, eta urte batean, Pakok dultzaina jotzera joateko esan zidan, eta han ezagutu nuen Ibon. Orain, Bentazaharreko Mutiko Alaiakekin egiten dugu saioa sanjoanetan", gogoratu du Aranagak.

Sanjoanetan bakarrik ez, pandemiaz geroztik, txistua hartu eta kalejirak egiten dituzte senar-emazteek Urrestillan, igandeetan hilean behin. "Izurriagatik etxeratuta geundenean, Ibonek txistuarekin kalejira egin behar zuela esan zidan. Bakar-bakarrik egin zuen kalejira, eta herritarrek esker mezuak bidali zizkiguten. Handik aurrera, biok hasi ginen kalejira egiten". Batzuetan, kalejiraren garaian, Mattin semeak adarra jotzen du.

"Seme-alabak guk nahi genuelako apuntatu genituen musika eskolan, baina gustura dabiltza. Gero, bakoitzak nahi duen instrumentua ikastea aukeratu du", azaldu du Aranagak. Ekhik berretsi egin du amak esandakoa, "Banda Gaztean oso ondo pasatzen dugu. Perkusioan hiru-lau lagun elkartzen gara, eta instrumentu desberdinak jotzen ditugu: bateria, xilofonoa, triangelua, marakak...".

Musika uztarri eta oinarri dute Garmendia-Aranaga familiaren etxean, eta entseatzeko txoko bat ere badute prestatuta garajean. Etxean, autoan... beti izaten dute musika jarrita. Behin bakarrik jo dute bostak batera; horiek ere musika eskolaren 40. urteurreneko jaialdi batean. "Bostok eta amamak [Begoña Bereziartua] jo genuen. Gure ama oso musikazalea izan da beti, eta orain dela hiru urte pianoa ikasten hasi zen, eta oso gustura dabil. Abbaren Dancing queen jo genuen Sanagustinen, eta oso gustura", adierazi du Aranagak.

Kattalin, Ibon, Ekhi eta Mattin Garmendia eta Amaia Aranaga. (N. Uranga)

Gurrutxaga eta Gorrotxategi, hiru belaunaldi

Felix Gurrutxagak 66 urte daramatza klarinetea jotzen Azpeitiko Musika Bandan. "San Pedro egunez debutatu nuen bandan, Ezkuztan jo genuen", dio. Agurtzane Gurrutxagak –Felixen alaba– eta Aitor Gorrotxategik, berriz, 1988ko San Sebastian bezperan irten zuten aurrenekoz bandan; biek ala biek klarinetea jotzen dute. Agurtzanek, ordea, 2007an, "lehen alaba jaiotakoan" banda utzi egin zuen, baita klarinetea ere.

Elene, Nora eta Miren Gorrotxategi alabek ere musika ikasten dute; baina, hiruretatik inork ez dute bandan jotzen, ezta klarinetea jotzen ere. "Ni hasi nintzen klarinetea ikasten, baina ez zitzaidan hainbeste gustatzen, eta utzi egin nuen. Gero, soinua eta panderoa ikasten hasi nintzen", dio Elenek, alaba zaharrenak. Gazteenak ere, Mirenek, trikitiari heldu dio eta "abestera ere" ausartzen da, aitaren esanetan. Erdikoak, Norak, biolina jotzen du.

Agurtzanek aitak klarinetea jotzen zuelako aukeratu zuen instrumentu hori. Jose Luis Franzesenarekin eta Iñaki Alberdirekin ikasi zuen instrumentua, eta musika eskola bukatu aurretik hasi zen bandan. Aitorrek, berriz, musika eskolan instrumentua aukeratzeko garaia iritsi, eta orduan ohikoenak ez zirenetako bat hautatu zuen: klarinetea. "Enparan Dorretxean egindako entzunaldi batera joan nintzen, eta han jo zituzten instrumentuetatik klarinetea gustatu zitzaidan. Bigarren eskuko klarinete bat 56.000 pezeta kostatu zitzaidan, baina inbertsio ona izan zen", dio. Gero, Loiola Irratian entzundako iragarki bati esker hasi zen bandan. "Jende gaztearen bila ari zirela eta iragarkia entzun zuen gure amamak, eta klarinetea ikasteak zerbaitetarako balio beharko zidalako, bandara joatea proposatu zidan". Ez du damurik Aitorrek, bandan "lagunarte ederra" aurkitu duelako; Agurtzanek ere, bandan ibili zeneko oroitzapen "oso onak" ditu.

Aitonak, aitak eta amak hartutako bandarako bidea ez dute segitu Elenek, Norak eta Mirenek. Dena den, familiako ospakizunak girotzen abilak dira. "Ezer esan aurretik soinua eta panderoa jotzen hasten dira", diote gurasoek.

"6-7 urte zituztela guk apuntatu genituen alabak musika eskolan, eta gustura aritzen dira. Instrumentua hautatzeko orduan libre izan dira nahi dutena aukeratzeko". Alabak musikan heztea gurasoen hautua izan dela azaldu du Agurtzanek, etxean beti "balio handia" eman diotelako musikari.

Ezkerretik hasita, tente, Miren, Nora eta Elene Gorrotxategi; eserita, Aitor Gorrotxategi, Felix Gurrutxaga eta Agurtzane Gurrutxaga. Soreasun, Azpeitiko Musika Bandaren egoitzan. (N. Uranga)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide