Dislegiren Debabarreneko lehendakaria da Inga Segurola (Azpeitia, 1980). Momentuko beharrek eta arrazoiek bultzatuta elkartu ziren hasiera batean hainbat herritar, eta bilera batzuk egin ostean, Dislegi Gipuzkoako dislexia elkartearekin elkarlanean hastea erabaki zuten. Gaur egun, hamabi familia inguruk osatzen dute taldea. Besteak beste, dislexia duten herritarrei eta haien familiei laguntza eta baliabideak ematea da delegazioaren lan nagusietako bat. Horrez aparte, dislexia gizartean ezagutzera emateko lan egiten dute egunero.
Zer da dislexia?
Dislexia burmuinak hizkuntza identifikatzeko duen zailtasuna da. Zailtasun horrek eragina du alde batetik, idazketan, eta bestetik, irakurketan. Gure hezkuntza sistema irakurketan eta idazketan oinarrituta dagoenez, eragin egiten die dislexia duten ikasleei. Bi gauza garrantzitsu azpimarratu nahiko nituzke: lehenik eta behin, esan nahi dut dislexiak ez duela inolako zerikusirik ez adimenarekin, ez erlijioarekin, ez kulturarekin, ezta nazionalitatearekin ere. Hau da, leku guztietan ematen den gauza bat da. Eta bestea, garbi utzi nahi dut ez dela gaixotasun bat. Dislexia ez da sendatu daitekeen zerbait, baizik eta hainbat herritarrek duten kondizio bat. Beraz, pertsona bat dislexiko jaiotzen da eta dislexiko hiltzen da. Horrez gainera, guztiak desberdinak dira; ez daude dislexia duten bi pertsona berdin.
Nola hauteman dezakegu?
Dislexia hautemateko seinaleak txiki-txikitatik ikus daitezke berez: psikomotrizitate saioetan, adibidez. Geroago, sei edo zazpi urterekin, irakurtzen hasten direnean ere ikus daitezke, baina seinaleak lehenagotik datoz. Hori horrela denez, oso garrantzitsua da eskolan daudenean arreta berezia jartzea gai honi. Izan ere, adin horietan eskolan igarotzen dituzte eguneko ordu gehienak, eta seinaleak hautemateko beharrezkoa da momentu horiei garrantzia ematea. Seinaleak zenbat eta lehenago ikusi, orduan eta lehenago edukiko dute diagnostikoa egiteko aukera.
Irakasleak nahiko prestatuta al daude seinale horiek identifikatzeko?
Egia esan, gaur egungo irakasle gehienak ez daude prestatuta seinale horiek garaiz hautemateko. Gure delegazioa arrazoi hori eta beste hainbat aspektuk behartuta sortu genuen, eta, adibidez, formakuntzak bultzatzeko jarduten dugu lanean. Gainera, nire iritziz, irakasle izateko prestatzen ari direnek oso ordu gutxi dituzte gai honen inguruan unibertsitatean. Formakuntza bat behar dute irakasleek ere, laguntza bat dislexia zer den eta nola hauteman daitekeen jakiteko.
Garrantzitsua al da goiz hautematea?
Ezinbestekoa da garaiz hautematea. Berez, dislexia diagnostikatzea ez da zaila, baina zentro guztietako irakasleen lana ezinbestekoa da, baita haien eta familien arteko elkarlana ere. Garaiz hautemanez gero, gauza asko saihestu daitezke; eskola porrota, besteak beste.
Behin hautemanda, zer da egin beharrekoa?
Diagnostikoa ezinbestekoa da, eta diagnostiko hori psikopedagogoarekin egiten da. Ondoren, psikopedagogoaren laguntzarekin lanketa prozesu bat hasten dute eta bertan pertsonei trikimailuak eta teknikak irakasten dizkiete, ikasketak aurrera ateratzen laguntzeko.
Nola lagundu dezakete ingurukoek?
Inklusioa hitza oso modan dago gaur egun, eta hasteko hori egin beharko genuke laguntzeko. Oso garrantzitsua da onartzea. Dislexia duten eta ez dakiten pertsona askok frustrazioz betetako motxila bat daramate soinean, eta horrek asko eragiten du beraien jarreran. Depresioa izan dezakete haietako askok, eta muturreraino joz gero, eskola porrota. Hori guztia ekiditeko beharrezkoa da guztion laguntza, eta baita nork bere aldetik laguntza ematea ere.
Iaz erabaki zenuten Debabarreneko delegazioa sortzea. Zer dela eta?
Dislexia duen alaba bat daukat, eta momentuko beharrek bultzatuta eratu genuen delegazioa. Hasieran, inguruan genituen familiekin elkartu ginen bilera batzuk egiteko, eta erabaki genuen Donostiako dislexia elkartearekin harremanetan jartzea. Ondoren, beraiekin elkartu ginen, eta behin proiektua ezagutu genuenean, Debabarreneko delegazioa sortzea eta elkarlanean jardutea erabaki genuen. Orain hamabi familia inguruk osatzen dugu taldea: batzuk Elgoibarkoak eta beste batzuk Azkoitikoak. Lan talde bat dugu osatuta; lehendakaria, idazkaria, diruzaina... Nik momentu honetan lehendakari modura jarduten dut bertan.
Kanpoko laguntzarik jasotzen al duzue?
Bai; Elgoibarko Udalaren laguntza jasotzen dugu eta Danobat kooperatibak ere laguntzen digu. Horrez gainera, Azkoitiko Udalarekin elkarlanean ari gara.
Zer lan egiten duzue eta zeintzuk dira zuen helburu nagusiak?
Dislegiren barruan gaude, eta Dislegiren Debabarreneko delegazioa zuzentzen dugu. Hala eta guztiz ere, Debabarrenaz gainera, Azkoitia geografikoki gertu daukagunez, hango familiekin ere egiten dugu lan. Gure lantaldearen funtzioak dira irakasleak formatzea, familiei behar duten guztian laguntzea, eta nola ez, dislexia dutenei teknikak eta trikimailuak irakastea, beraien bizitza ahalik eta modurik egokienean aurrera eraman dezaten.
Dislexia kultura guztietan eta baldintza sozioekonomiko guztietan egon arren, gaiaren inguruan nahikoa hitz egiten dela uste al duzu?
Ez, egia esateko. Orain, delegazioen eta elkarteen bidez kaleratzen dugu gaia. Pixkanaka-pixkanaka lanean jardungo dugu dislexia ezagutzera emateko. Izan ere, guztiok –edo gehienok– entzun dugu dislexiaren inguruan zerbait; agian, zenbakiak alderantziz irakurtzen direla eta abar. Horrek denak, baina, atzetik gauza asko ditu, eta gizartearen gehiengoa ez da horren jakitun. Gure elkartearen lanetako bat da dislexia kalera ateratzea eta gizartean ezagutaraztea. Horretarako, irakasleen formakuntzan sakontzea behar-beharrezkoa iruditzen zaigu, baita familiei beharrezko tresnak eta informazioa ematea ere. Horrez gain, ikastaroak eskaintzea ere oso garrantzitsua da, gauzak bere bidetik joan daitezen.
Dislexia dutenek zein motatako laguntza jasotzen dute?
Pertsona bakoitzak diagnostiko bakoitzaren araberako laguntza jasotzen du. Sistema aldatzen doa, eta oraindik lan asko dago egiteko. Eskolan, adibidez, badute lagungarria den Hezkuntza Premia Berezia-W67 plataforma.
Laguntza hori nahikoa da ala gehiago jaso beharko luketela uste duzu?
Jasotzen duten laguntza ez da nahikoa. Laguntza gehiago jaso beharko lukete diagnostikatzeko orduan. Hortik aurrera dator beste guztia.
Zenbat jenderi eragiten dio dislexiak munduan?
Mundu osoan herritarren %10 ingururi eragiten die dislexiak, baina diagnostikoa egina dutenen kopurua ez da %1era ere iristen. Horrekin esan nahi dudana da diagnostikatu gabeko jende asko dagoela. Diagnostiko bat ez izateak egokitzapen bat ez edukitzea dakar askotan, eta horrek esan nahi du, adibidez, selektibitatean ez duela izango egokitzapenak egiteko aukerarik, ezta beste edozein azterketa ofizialetan ere. Diagnostikoa eginda izatea behar-beharrezkoa da horrelako gauzetarako nahiz beste hainbatetarako.