Azken boladan bolo-bolo dabil GHE Gaixotasun Hemorragiko Epizootikoa, hainbat eta hainbat ganaduzaleri kalteak eragiten ari den birusa. Orain gutxi arte nahiko urrun ibili da, Afrikan barrena, baina pixkanaka, inguruotara ere iritsi da: uda sasoian, Andaluzia (Espainia) aldean kutsatu ziren zenbait behi; geroago, Gaztela eta Leon (Espainia) inguruan atzeman zituzten kasu batzuk; eta, orain, Euskal Herrian ere ari da eragiten sarraskia. COVID-19 gaitzarekin parekatzen dute zenbaitek birusa, ganaduaren gaitzak ere buru batetik bestera sintoma ezberdinak eragiten dituelako, sendabiderik ez duelako, eta batez ere, ezjakintasun egoera eragiten ari delako abeltzainen artean. "Egoera zaila izaten ari da, ezezaguna delako, eta gaitza egun batetik bestera sartu zaigulako etxean", adierazi du Eli Egiguren (Oñatz, 1984) Oñazko Zelaiaran baserriko abeltzainak.
Zelaiaran baserrian irailaren 3an hasi ziren beren ganaduak GHE gaitzak kutsatu ote zituen susmoak egiten. "Bat-batean sartu zitzaigun gaitza; ez genekien Gipuzkoan bazenik ere. Espainia aldean bazebilela bai, baina hortik aurrera, arrastorik ez genuen. Egun batetik bestera, behi bat gaixotu zitzaigun, eta hurrengo egunean, beste bat. Balantzaka zebiltzan, deskoordinatuta... Albaitariari deitu genion, eta galdetu genion ea hemen ba al zegoen GHE gaitza. Baietz erantzun zigun, azken egunetan kasu pila bat ari zirela agertzen. Hark baieztatu zigun gure behiek ere gaitz hori zutela. Sekulako sustoa hartu genuen".
Inguruotan gaitzaren kasuak baieztatu zizkioten aurrenetakoak izan ziren Oñazko baserrikoak. Hil egin zitzaien gaixotu zitzaien lehen abelburua, eta ordutik, gaitzaren aurkako borrokan murgilduta dabiltza. "Lehen astean bi kasu agertu zitzaizkigun, eta bat-batean, beste lau". Horrela, egunez egun. Irail hasieratik urri erdira arte –orduan hitz egin zuen hedabide honek Egigurenekin–, guztira hamabost buru kutsatu zaizkie, eta horietatik hiru hil. Oraindik ere, behi batzuk ukuiluan apartatuta zituzten elkarrizketaren egunean, gainontzekoak ez kutsatzeko. Batzuei begietan nabari zitzaien ondo ez zeudela, beste batzuei muturrean, bakarren bat hezur eta azal zegoen... Ganaduak gaixo daude, baina ganaduzaleak ez daude hobeto: "Egunero behi guztiak begiratu behar izaten ditugu, besterik kutsatu ote den jakiteko. Horrela ibili beharrak sortzen duen estresa sekulakoa da. Lo egiteko arazoak ditugu, eta beldurtuta gaude, hurrengo egunean zer panoramarekin topo egingo dugun ez dakigulako", adierazi du Egigurenek. Guztira, berrehun abelburu inguru dituzte Zelaiaran baserrian, eta familia bati jaten ematen dion ogibidea da abeltzaintza.
"Katarro txar bat"
Egiguren eta haren etxekoak bizitzen ari direna ez da kasu isolatu bat; izan ere, hainbat eta hainbat ganaduzaleri ari zaizkie eragiten sekulako buruko minak GHE gaitza. Hori horrela, gaixotasunaren nondik norakoez hitz egiteko, zenbait bilera egin dituzte Lurgintzaren Azpeitiko egoitzan. Garikoitz Nazabal EHNEko Gipuzkoako presidenteak gidatu ditu saio horiek, eta ondo ezagutzen du zein den gaur egungo egoera. Urola Kostan, GHE gaitza "eragin handia" izaten ari dela nabarmendu du hark. "Urola bailaran kasu asko agertu dira, eta Zarautz alde horretan ere gogor sartu da gaitza", dio. Jendea "desesperatuta eta erreta" dagoela azpimarratu du. "Etxe askotan oso gaizki pasatzen ari dira".
Gaitzaren eraginak azaldu ez ezik, haren inguruko informazio orokorra ere eman du Nazabalek. Batetik, argitu du GHE gaitza birus bat dela, kutsakorra, eta bektore batzuk behar dituela transmititzeko: eltxoak, hain zuzen ere. "Behitik behira ez da kutsatzen, intsektuek egiten dute bektore lana", adierazi du. Hau da, kutsatuta dagoen abelburu bat ziztatzen badu intsektuak, eta ondoren beste bat, bigarren buru hori kutsatu egiten da. Bestetik, azpimarratu du, gaitza birus batek eragiten duenez, ez dagoela hori zuzenean sendatuko duen botikarik: "Pertsona batek anginak harrapatzen dituenean bezala da. Birikoa baldin bada, ez daukazu ezer egiterik; pasatu arte itxaron". Zer egiten ari dira, baina, egoeraren aurrean ganaduzaleak? "Kutsatutako animaliak apartatu eta behi guztiei kasu egin, ez daukazu besterik egiterik", esan du Nazabalek. Prebentziorako ere ez dago erremedio magikorik, Egigurenek adierazi duenez: "Intsektuak hil izan ditugu, ingurua desinfektatuta, eltxoak animaliengana joan ez daitezen eta ez daitezen behi gehiago kutsatu. Baina hori ere ez da segurua: nahiz eta intsektuak hil, posible da behi hori aurrez kutsatuta egotea".
Argi diote gaitzaren eraginak larriak direla ganaduzaleek, baina zein dira eragiten dituen sintomak? Nazabalek azaldu duenez, birusaren eraginez, animaliaren defentsek "sekulako jipoia" hartzen dute, eta bigarren mailako afekzio batzuk sor daitezke: "Matraila gogortzen zaie, sudur mintzak lehortzen zaizkie, mingaina puztu (horrek min ematen die, eta ahoan zauriak egiten zaizkie), hankak gogortuta gelditzen dira, balantzaka, eta batez ere, jateari eta edateari uzten diote, ahoko zaurien eraginez". Gaitzaren ezaugarri nagusia da, hain zuzen ere, sintomak askotarikoak izan daitezkeela eta oso ezberdinak animalia batetik bestera: "Abortuak ikusi ditugu, ondo jaio eta gero hiltzen diren txekorrak... Oso gorabeheratsua da intzidentzia". Hori horrela, askotan tratamendua bigarren mailako afekzio horiek arintzeko egiten dela nabarmendu du Nazabalek: "Normalean, tratamendua ez da egiten birusaren kontra, baizik eta bigarren mailako eragin horiei aurre egiteko". Antibiotikoak eta antiinflamatorioak ematen dizkiete gaixo dauden animaliei, oro har.
"Katarro txar bat" bezala definitu du gaitza Egigurenek. "Gure behiei mingaina loditu zaie, errapeko azala erori –txahalari esnea emateari uzten diote min hartzen dutelako–, muturrean zarakarra egin zaie, arnasa hartu ezinda gelditu dira, sukarra izan dute, begietako konjuntibitisa... Kasurik larrienean, ahoko minagatik jateari eta edateari utzi diote; beste batzuen kasuan, organoei eragin die gaitzak, gibelari, ultzerak ere sortu zaizkie...". Egigurenen arabera, animalia batetik bestera hain sintoma "ezberdinak" izanda, asmatzea ere ez da erraza. "Bat hiru eguneko tratamenduarekin sendatuko da, beste bati hamar egunez eman beharko diozu... Animaliek hitz egiten ez dutenez, egunero gainean egon behar da ezinbestean".
Gaitzak oreinei eta behiei eragiten die batez ere. Hasieran uste zuten behi jakin batzuk bakarrik kutsatzen zirela, baina hori ez dela horrela dio Nazabalek. "Bizirik dauden denak jotzen ditu: handiak, txikiak, amarekin errapean dauden txekorrak... Denetarik ikusi dugu". Beste gauza bat ere argitu nahi izan du Nazabalek. Harategietan bezeroak gaitzaren inguruan galdezka ari direla eta, GHE birusak elikagaietan ez duela eraginik azpimarratu du. "Haragiari ez dio inolako kalterik eragiten, baina sektoreari kalte handiak eragiten dizkio".
"Enpatia gutxi"
Gaitzak berak eragiten duen ondoeza ez ezik, babes falta sentitzen dute ganaduzaleek. "Enpatia gutxi sentitu dugu erakundeen aldetik", dio Egigurenek. "Ez dira etxean zer daukagun ikustera etorri, eta ez dute neurririk hartu", dio. Baserritarrak "gezurretan" ari balira bezala tratatzen dituztela sentitu du Oñazkoak. "Antibiotikoa ematen badiegu behiei, goitik esaten digute ez emateko gehiegi. Aldiro albaitaria ekarri behar dugu etxera, hark esan behar digulako zenbat botika eman, eta bisita bakoitza ordaindu behar diogu hari. Esaten digute kalte ordaina emango digutela hildako behi bakoitzagatik, baina frogatu egin behar dugu gaitzak eraginda hil dela, eta hil aurretik jakinarazi egin behar diegu gaixo dagoela. Eta gure hitzak ez du balio, ez garelako albaitariak", salatu du bizi duten egoera Egigurenek. Ahal dutena egiten ari direla erantsi du: "Dirua gastatzen ari gara botikak, pentsua, bitaminak, probiotikoak... erosten. Ahal duguna egiten ari gara gaixo dauden behiek iraun dezaten".
Gipuzkoako Foru Aldundiak laguntza batzuk emango dituela iragarri du orain gutxi. Nazabalek adierazi duenez, "aldatuz" doa erakundearen planteamendua. "Tratamendua %100 lagunduko zutela esaten zuten hasieran. Gero, kanpotik bueltan jakin genuen behiko hogei euro izango zirela: antiinflamatorioa bost egunetan, albaitariaren bisita sartu gabe. Planteamendua aldatzen ari dira bilera batetik bestera, eta ez dute gurekin adostu", nabarmendu du Gipuzkoako EHNEko presidenteak. Horren aurrean, aldundiarekin izan dituzten bileretara beren proposamena eraman dute, baina hori zehaztea ez dela eginkizun erraza azpimarratu du Nazabalek: "Kaltearen tamaina zehazterakoan, akabatutako behi kopurua da neurtzen errazena, baina animalia asko ukituta gelditzen dira, abortuak ikusten ari gara, jaio eta akabatzen diren txekorrak... Idiskoetan antzutasuna eragiten omen du gaitzak, eta hori nola neurtzen da? Nola ordaindu kalte horiek? Kasu horiek neurtzea askoz ere zailagoa da". Balio batzuen araberako planteamendua egin zuen Gipuzkoako EHNEk, baina Nazabalek aitortu du halako planteamendu bat egitean ez dela erraza denekin asmatzea. Hala eta guztiz ere, arazo nagusia beste bat dela dio: "Betiko arazoa dago: urte bukaera da eta aurrekontua falta da".
Eta kalte materialak ez ezik, birusa ganaduzaleen buru osasunean eragiten ari den larritasunak ere aipatu ditu: "Hau guztia sekulako tentsioa eragiten ari da, eta enpatia pixka bat daukanak hori baloratu egin beharko luke. Egunean bi edo hiru aldiz behi guztiak errepasatzen dabiltza, aldiko kutsatu berriren bat azalduko den beldurrez eta tartean azalduz, eta jendeari horrek ezinbizia eta inpotentzia eragiten dio, ez daukalako praktikan ezer egiterik. Hor badago neurtzen hain erraza ez den beste faktore bat". Egoera "kontrolaezina" dela nabarmendu du Nazabalek. "Hori da agian frustragarria, azalpena bilatu nahi eta ezina".
Beste kolperik?
Eguraldia freskatzen hasten denean egoera hobetuko den esperantza du Egigurenek, eltxoak gutxituko direlako, baina ez da hain baikorra, hurrengo urtean ere berotuko duelako. "Hori ez da konponbidea. Ez dakigu datorren urterako inmunizatuta egongo diren gaitza pasatu duten behiak. Aurtengoa pasatuko da, baina gure kezka da, COVID-19arekin gertatu bezala, berriro agertuko ote den, beste kolperik izango al den". Nazabalek teoriak zer dioen adierazi du: "Teoriak esaten du, behin gaitza pasatuta, antigorputz maila handi bat garatzen duela behiak, baina ez daukagu inolako ziurtasunik".
Nazabalek argi adierazi du sektoreak "benetako krisi bat" bizi duela. "Honek sekulako triskantza ekarriko du. Bertatik soldata atera behar duenarentzako sekulako kolpea da, baina dozena bat behi dauzkanarentzako ere bai: jende pila batek erabakiko du proiektua haizea hartzera bidaltzea. Lehen ere nahikoa kokoteraino eginda daude, lanean eta dirua galduz ari direlako, eta jende horrek esango du: 'Akabo'". Sektoreak duen garrantzia aitortu behar dela eta neurriak hartu behar direla uste du Nazabalek, urgentziaz.
Larritasunaren tamaina zenbatekoa den adierazteko, konparaketa bat egin du hark: "Aldundikoei zera esan nien bilera batean: 'Urumeak gainezka egingo balu, eta Donostian sekulako uholdeak eta txikizioak izango balira, inor ez litzateke txikikerietan hasiko'. Inork ez luke esango: 'Behiko 20 euro emango dizkizut'. Diru partida handiak jarriko lirateke egoerari aurre egiteko. Eta gurekin, zer pasatzen da? Ganaduzaleona ez al da sektore estrategiko bat, geure-geurea eta ezinbestekoa? Herri honetan ezer behar baldin bada, jan egin beharko da, ezta?".