30 urte joko zelaia irabazten

Unax LarraƱaga eta Nerea Uranga 2023ko aza. 10a, 11:47

Lagun Onakeko belaunaldi berriko neskatilak, argazki zahar bat eskuan. (Unax LarraƱaga)

30 urte bete dira aurten Lagun Onak futbol klubaren emakumeen taldea osatu zutenetik. Hiru hamarkada igaro dira, eta ezin ahaztu urte guztiotan egindako lan gogorra, hain zuzen ere, futbolarekiko zaletasuna egungo belaunaldietako emakumeek txikitatik goza dezaten ahalbidetu duena. 2023ko urriko Uztarria aldizkariko erreportaje nagusia da honako hau.

Duela hiru hamarkada, emakume talde batek bere historia idazten hasteko ordua zela erabaki zuen Garmendipeko zelaian. Pasioz, ausardiaz eta kirolarekiko zaletasun amorratuaz, garai horretako Azpeitiko futbolaren mugak zeharkatuko zituen talde bat osatu zuten.

Hogeita hamar urte igaro dira sorrera horretatik, eta hamarkada hauetan zehar, taldean jokatu duten emakumeek ausardiaz eta esfortzuz osatutako sarea ehundu dute. Elkarri lagunduz, joko zelaiaren mugak gainditzen dituzten aurreiritziei eta erronkei aurre eginez.

Lagun Onak klubak 50 urte bete zituenean sortu zuten taldea, guraso batzuen proposamenaren ondorioz. Iñaki Arrieta Pipillo (Azpeitia, 1950) izan zen haietako bat, eta eskaerarekin batera eskaintza ere izan zuen, taldea entrenatzeko proposamena egin baitzioten. Hasiera batean aldi baterako izango zela esan zioten, baina bederatzi urtez jarraian gidatu zuen taldea Pipillok. "Ahoz aho zabaldu zen deialdia, eta neska asko agertu ziren futbolean jokatzeko prest. Talde bakarra zen hasieran, eta bi urteren ostean mailaz igo ginen, eta ondoren goren mailan ibiltzea ere lortu genuen. Futbolari oso onak genituen taldean, eta maila ona ematen genuen". Bere kasa ikasi zuen entrenatzaile lana Pipillok. "Ez neukan entrenatzaile ikasketarik, eta nik futbolari izandako sasoian ikasi nituen ariketak egiten genituen. Taldean hasi ziren nesken sasoiarekin eta haien futbol mailarekin guztiz harrituta gelditu nintzen. Oso ondo moldatzen ziren".

Iñaki Arrieta Pipillo eta Mirian Arrieta aita-alabak. (Unax Larrañaga)

Mirian Arrieta (Azpeitia, 1979), izan zen hasierako taldeko futbolarietako bat. Pipilloren alaba da Arrieta, eta harengandik jaso du futbolarekiko zaletasuna. "Ingalaterran nengoen, hilabete pasatzera joanda, eta aitak deitu zidan Lagun Onakek emakumeen taldea osatu behar zuela esanez, eta esan nion entrenatzaileari abisatzeko talderako nire izena emateko. Hara non ezustekoa, aitak erantzun zidanean bera zela entrenatzailea".

Lan gogorraren emaitzak

Hasierako urte haiek ez ziren errazak izan Pipillok gidatutako futbol taldearentzat. "Klubaren zuzendaritzaren aldetik ez genuen laguntza askorik jasotzen. Entzun izan genuen gu 'gastua besterik' ez ginela. Kamisetak ere soberan zeudenak ematen zizkiguten, eta bertan zelai ederra izan arren, harri txintxorretan jokatzera bidaltzen gintuzten".

Mirianek argi dauka taldekoen ahaleginagatik eta ilusioagatik egin zutela aurrera. "Nesken futbol taldearen alde egindakoa taldetik bertatik eta taldekoek egin dutenagatik izan da. Beti sentitu izan dugu Garmendipe ez zela gure lekua, baina guk oso giro ona genuen taldean, lagunarte ederra genuen, oso ondo pasatzen genuen eta aurrera egin genuen".

Aiora Iriarte eta Kris Fernandez. (Unax Larrañaga)

Kris Fernandezek (Azpeitia, 1982) eta Aiora Iriartek (Azpeitia, 1979) gogoan dituzte futboleko lehen urte haiek, 14 urte bete orduko hasi ziren jokatzen biak, eta futbolarekiko zuten zaletasunak zein ingurukoen babesak ahalbidetu zieten aurrera egitea. "Oso oroitzapen ederrak ditugu, futbolaz gain, lagunarte ederra genuelako", azaldu du Iriartek. "Ni ez naiz gogoratzen partida batean edo bestean gertatu zenarekin, baina gogoan ditut aldageletako giroa eta zapatu gauetako parrandak. Giro bikaina genuen, eta uste dut hori antzematen dela gaur egun ere, oraindik ere harremanetan jarraitzen dugulako taldekide ginenok", adierazi du Fernandezek. Hala ere, belarra urtean bi aldiz "zapaltzen" zuten, "eguraldi on-ona egiten zuenean, belarra oso ondo zegoenean, eta beste aukerarik ez zegoenean". "Gauza askok" egin behar zuten bat neskek belarretan jokatu ahal izateko.

Emakumeen futbolak gaur egun hartu duen garrantzia pentsaezina zen garai batean Fernandezentzat. "Neskak futbolean profesional izatera iristea ez nuela ezagutuko pentsatzen nuen. Emakumeen futbolak hartu duen indarra izugarria da, eta urte gutxian jauzi izugarria egin du". "Oraindik ere ez dago mutilen futbolarekin alderatzerik, ezta gutxiago ere", dio Iriartek. Fernandezek ere ez du uste parekatuko denik, baina lehen ere ez zuen uste gaur egungo egoerara iritsiko zenik, beraz, ezin esan. "Emakumeen futbola zenbat eta gehiago hazi, baliabide gehiago izango dira haientzat, eta aukera gehiago. Baliabide eta bitarteko onak izatea funtsezkoa da. Gu harri txintxorretan jokatzen ibiltzen ginen, lurrera erortzeko beldurrez, minik ez hartzeko". "Eta hala ere gustura ibiltzen ginen", gehitu du Iriartek.

Kopuruak goraka

Hiru hamarkada pasatu dira, eta egoera aldatu egin da. Emakumeen talde nagusiaren entrenatzailea izan da azken hiru denboraldietan Unai Urbizu (Azpeitia, 1991), eta orain dela bi urtetik bera da Lagun Onakeko emakumeen futbol taldeen koordinatzailea. "Azken hiru urteotan behintzat, ikaragarri igo da futbolean dabilen neska kopurua. Aurten 2015ean jaiotako neskak hasiko dira lehenengo aldiz, eta horiek kontuan hartuta, 180 jokalari inguru daude klubean. Duela hiruzpalau urte 80 jokalaritik behera genituen".

Unai Urbizu. (Unax Larrañaga)

Urbizuren ustez, ahoz ahokoak eragina izan du. "Ingurukoek eragin handia dute; jendea gustura badabil, lagunak animatu egiten dituzte. Ikusgarritasunak ere eragin izugarria izan du, eta gainera, emakume futbolari erreferenteak dituzte orain. Horrek ilusioa piztu eta indarra ematen die". Hala ere, emakume entrenatzaileen falta sumatzen du Urbizuk. Entrenatzaile titulua atera dezaten "amua botatzen" saiatzen dela dio, baina "emakume gutxi animatzen dira" lan hori betetzera.

Garai berriak: iraganeko lanaren fruitua

Lagun Onak futbol klubeko emakumeen lehen taldeak Eguzkiñe Peña (Azpeitia, 1992) entrenatzailearen gidaritzapean hasi du denboraldia. Ibilbide luzea du Peñak futbolean, 12 urterekin hasi zen Lagun Onaken, eta denboraldi ugari egin ditu Garmendipen. Etenik izan gabe, futbolari eskaini dio bere bizitza Peñak: Realean sei urtez ibili zen azpeitiarra, eta Oiartzunen beste bi denboraldi egin zituen. Gero, lesio bat izan, eta berriro etxeko taldera itzuli zen. Unai Urbizuren ondoan bigarren entrenatzaile aritu ondoren, hasi berria du talde nagusiaren ardura bere esku duen aurreneko sasoia.

Joane Korta (Azpeitia, 1999) eta Malen Astigarraga (Azpeitia, 1998) dira Lagun Onakeko talde nagusiaren hiru kapitainetako bi. Horiek ere, urteetan futbolean jardun ondoren, Lagun Onaken aurkitu dute beren habia. Txikitatik izan dute futbolerako zaletasuna hirurek. Futbola izan dute kirol kuttuna.

Izan ere, badu zerbait futbolak hiru jokalariak joko zelaiari lotuta mantendu dituena. Astigarragaren kasuan, futbol taldean lagunak izateak eragina izan du: "Kuadrillakoak ditut taldean, eta hori amu ona da". Kortaren esanetan, futbol ibilbidean izaten dira "gorabeherak" eta futbola uztea pentsatzen den uneak, baina udako atsedena eta gero, "futbolean jarraitzeko gogoa" pizten zaie berriro. "Gainera, taldearekiko loturak, giro onak eta eroso sentitzeak ere eragin handia dute futbolean segitzeko", gaineratu du Kortak.

Peñarentzako lan iturri izatera igaro da futbola: "Niretzat futbola ogibidea izan den arren, taldearekiko konpromisoa izan da guztiok lotuta mantendu gaituena. Taldearekiko lotura sentitzea, datozen emakumeentzat erreferente izan zaitezkeela jakitea, zaindua izatea eta zuk ere zaintza hori ematea... Hori guztia du berarekin futbolak, eta hori da Lagun Onaken emakumeen taldean sentitzen duguna".

Joane Korta, Eguzkiñe Peña eta Malen Astigarraga. (Unax Larrañaga)

Lagun Onakeko futbol klubeko emakumeen taldearen 30 urteurrenari helduz, hasierako garaietan zituzten baliabideen eta egungoen arteko aldeak azpimarratu dituzte. Aurten, aldagela eta arropa berria dituzte, baita zelaiak eta gimnasioa erabiltzeko aukera ere, eta lehengo baldintzekin alderatuta, gauzak aldatu direla diote. "Esan beharra dugu, ordea, Lagun Onakeko aurreko emakumeen taldeetan ibilitakoek ez balute guzti hori borrokatu, gu ez ginatekeela gauden tokian egongo, ezta ditugun baldintzak izango ere. Eskerrak emateko ordua badugula uste dut", nabarmendu du taldearen entrenatzaileak.

Kortak eta Astigarragak azken urteotan emakumeen futbola izaten ari den ikusgarritasuna azpimarratu dute, eta egun jendeak emakumeen futbol partidak ikusteko duen joera ere "positiboa" dela diote.

Talde osoa, talde teknikoa barne, emakumez osatu dute aurten lehenengo aldiz, eta horrek taldeari "sentsibilitate berezia" eta emakume entrenatzaileei "ikusgarritasuna" ematen diela adierazi dute. "Eredu gisa hartzeko moduko kideak ditugu, eta horrek emakumeen futbolari bultzada eman diezaioke", dio Kortak.

Azken urteotan emakumeen futbolak herrian izan duen gorakadaren zergatien artean, "proiektu bat" izatea dela azpimarratu dute. "Orain arte proiektu hitza ez da inoiz egon nesken futbolari lotuta, eta proiektu hori egiteak eskailera bat sortzea ahalbidetu du, talde sendo bat eratuz", dio Astigarragak.

Peñaren ustez, iraganeko ahaleginen emaitzak dira egun bizi dituztenak. "Ikusgarritasunak eragina izan du, eta koordinatzaileak [Unai Urbizu] egindako lana ere antzeman da. Talde bat osatu ezinda ibiltzetik, bi talde izatera igaro gara, neska gehiagok ematen baitute izena futbolean jokatzeko. Azkenean, duela 30 urte lehenengo futbolari haiek ereindako hazia ari da bere fruituak ematen".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide