Boluntariotza

Ikasketetan aurrera egiteko, Ikaslagun

Aritz Mutiozabal 2023ko aza. 10a, 15:00

Marije Zumeta eta Itxaso Azkue. (Aritz Mutiozabal)

2016an jarri zuten Ikaslagun egitasmoa martxan Zarautzen, aurretik Donostian ekin zioten eredua kontuan hartuta. Gizartea aldatzen ari zen eta arazo edo egoera berriak sortzen ari ziren: familia migratzaileak, desegituratuak, pobretuak... Ondorioz, hezkuntza aldetik haurrak atzean geratzen ari ziren, etxeko giroa haiei laguntzeko moduan ez zegoelako. Orduan erabaki zuten eskola partikularrak ematea dohainik, ikasketetarako laguntza behar zutenei 
eta aparteko laguntzarik ordaindu ezin zutenei. "Ildo beretik, guk erabaki genuen gauza bera egitea Zarautzen", kontatu du hastapenetatik dabilen Marije Zumeta (Zarautz, 1953) irakasle jubilatuak.

Kide batzuk elkartu ziren hasiera hartan, eta orain, urtero-urtero elkartzen dira ikasturte hasieran dena programatzeko. "Boluntarioak gara denak, batzuk irakasle ibilitakoak, eta beste batzuk, berriz, ez". Astean hiru egunetan klaseak ematen hasi ziren, eta gaur egun ia egunero ematen dituzte, astelehenetik ostegunera. "Boluntarioak nahi dutenean etortzen dira, eta horren arabera, haurrak mailaz maila banatzen ditugu. Ordubetez aritzen gara haiekin etortzen diren aldiro", zehaztu du.

Zumetaren esanetan, "haur bati eskolan etxeko lanak jartzen baldin badizkiote eta etxean egiteko aukerarik ez badu, eskolara jada kezkatuta joaten da. Eginda eramatea sekulako lasaitasuna da berarentzat, eta gure laguntzaz egin ditzake. Era berean, euskarari dagokionean batik bat, etorri berria delako, laguntza ematea, berekin hitz egitea eta pixkanaka aurrera nola egiten duen konturatzea da helburua".

Ikasturte hasieran ikastetxe guztietara joaten dira. "Jada ezagutzen gaituzte, baina hemen gaudela gogorazten diegu. Hortik aurrera, irakasle bakoitzak bere gelan zerrenda bat egiten du gugana etortzeko beharra luketenekin, eta zehazten du zertan lagun diezaiokegun. Ondoren, gurasoek hartzen dute gugana ekartzeko ardura. Ikastetxeak erabakitzen du zein haur datorren Ikaslagunera; gu horretan ez gara sartzen".

Edonor boluntario

Irakasle ohiek ekin zioten Zarauzko Ikaslagun egitasmoari, baina badira irakasle izan ez diren jubilatuak ere, eta baita irakasle ez direnak eta ikasi nahi dutenak, eta ezagutzen ari direnak. "Boluntarioak eskatzen ditugu, gogoa dutenak, eta benetan esan dezaket, esperientzia polita dela. Hasieran egokiena iruditu zitzaigun jubilatuak etortzea laguntzera, baina gaur egun, hori ez da beharrezkoa: magisteritzako ikasleak, jubilatu gabeak... edonor etor daiteke".

Boluntariotzaren itsasoan murgiltzeko gogoz batu zen Itxaso Azkue (Zarautz, 2006) duela urtebete, Ikaslaguneko kideen artean gazteena. "Boluntario izan nahi nuen, eta Internet bidez bila aritu nintzen zer aukerak zeuden herrian. Niri haurrak asko gustatzen zaizkit, eta Ikaslagun egitasmoaren berria irakurri nuen Hitzako albiste 
batean. Egitasmoko arduradunekin harremanetan jartzeko posta elektronikoa ageri zen han; bertara idatzi nuen galdezka, eta horrela hasi nintzen guztia". Batxilergoko bigarren mailan dabil oraindik Azkue, baina argi dauka 
magisteritza ikasi nahi duela.

Ikasleek bide onetik jarraitzen dutela ikusteak "asko asebetetzen" ditu Ikaslaguneko kideak

Iaz ekin zion ikaslagun izateri, eta ziur da bizitzen ari den esperientzia baliagarria izango  zaiola. "Ume bati laguntzen egon nintzaion euskararekin, eta oso-oso gustura aritu nintzen". Lan taldean oso giro ona topatu duela nabarmendu du: "Denak laguntzeko prest daude, eta edozer gauza komentatu dezakezu. Esaterako, Marijek kontatu dit Orokietan matematika beste modu batera ematen hasi direla, eta horrela, gauza berriak ikasten ditut".

Boluntario bakoitzak erabakitzen du zer egunetan joango den laguntzera, eta zer mailetako  ikasleak hartuko dituen. "Hala, bi lagunen artean hartzen ditugu lauzpabost ikasle, edo batek hartzen ditu bizpahiru. Ikaslagunen beste helburua da ahalik eta haur gutxien edukitzea bakoitzak, lan pertsonalizatua egiteko haiekin. Batzuk etxeko lanekin etorriko dira, eta beste  batzuk beste behar batzuekin, baina, azken finean, denei modu zuzenen lagundu nahi diegu", azpimarratu du Zumetak.

"Pila bat jaso"

Izandako ikasleak bide onetik jarraitzen dutela ikusteak "asko asebetetzen" ditu Ikaslaguneko kideak. "Izugarria da kaletik zoazela haurrek eta gurasoek nola agurtzen zaituzten ikustea. Sekulakoa da, esaterako, LH5en izan zenuen  norbait DBH4n ongi dabilela jakitea. Horrek zirrara berezia sortzen dizu. Zerbait emango dugu, baina pila bat jasotzen dugu trukean. Hori oso garbi dugu boluntario jendeak", dio, hunkituta, Zumetak. Ikasketetan atzean gera ez daitezen, aurrera egiteko tresnak ematen dizkie Ikaslagunek bertaratzen diren haurrei. Hori da, azken finean, egitasmoaren xede nagusia: "Ez dakit beti lortu izan dugun, baina ematen beti ahalegindu gara. Ez daitezela geratu beraien eskolako martxa jarraitu ezinik, horrek asko markatzen baitu gerora".

Une honetan, dozena bat lagun dabiltza boluntario Ikaslagunen, eta beste bi ere espero dituzte epe laburrean. Edonola ere, gogoratu dute hemezortzi zirela egitasmoarekin hasi zirenean, eta kopurua murriztu egin dela. Hori 
horrela, jendea beraiengana batzeko deia egin dute: "Gutxienez, bertaratu, ikusi zer egiten dugun, probatu arratsalde batez, eta animatzen badira, ongietorriak izango dira". Haien esanetan, gero eta beharrezkoagoa da: "Pozik etortzen gara eta pozik joaten gara, eta astean ordubete ez da horrenbeste. Azken finean, bakoitzak eman dezakeena da gakoa". Zarauzko Ikaslagun egitasmoarekin harremanetan jarri nahi duenak marijezumeta@gmail.com posta elektronikora mezua bidal dezake.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide