Azpeitiko Ikastola Ikasberrik jaso du 2024ko Kilometroak jaia antolatzeko lekukoa

Mailo Oiarzabal 2023ko aza. 19a, 14:36

Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ordezkariak gaur, Errenterian, Kilometroak jaiaren lekukoarekin. (Azpeitiko Ikastola Ikasberri)

2023an Gipuzkoako ikastolen jaia antolatu duen Orereta Ikastolaren eskutik jaso dute lekukoa Azpeitiko ikastolakoek gaur, Errenterian. "Hiru helburu handi eta zehatz" izango ditu datorren urteko urriaren 6an Azpeitian egingo den festak: euskara, kulturartekotasuna eta herrigintza.

Azpeitiko Ikastola Ikasberrik eskuetan du dagoeneko 2024ko Kilometroen antolatzaile gisa dagokion lekukoa. Joan den urriaren 5ean jakinarazi zuten datorren urtean laugarrenez hartuko zuela Azpeitiak Gipuzkoako ikastolen festa, eta Errenterian jaso dute gaur lekuko hori Ikasberriko komunitateko hainbat familiak, aurtengo Kilometroak antolatu dituzten Orereta Ikastolakoen eskutik. 2024ko urriaren 6an ospatuko da Kilometroak festa Azpeitian

Lekukoa "gogotsu eta ilusioz" jasotzearekin bat, Orereta Ikastola zoriondu dute Azpeitikoek, eta 2024ko Kilometroak antolatzerakoan ardatz izango dituzten helburuak azaldu dituzte. "Hainbat helburu txikiagoren artean, hiru helburu handi eta zehatz" jarri dizkiote beren buruari Ikasberrikoek datorren urteko Kilometroak antolatzerakoan. Euskara, kulturartekotasuna eta herrigintza dira hiru helburu nagusi horiek, eta "ikastolen izateko arrazoia eta gizartearen egungo erronkak kontuan hartuta" zehaztu dituzte.

Laiene Ezama, Mattin Garmendia eta Amane Urbieta ikasleek irakurri dute Azpeitiko Ikastola Ikasberrik gaurko ekitaldirako prestatutako mezua.  Honako hau:

"Eskerrik asko lekuko zoragarri honengatik, eta zorionak 2023ko kilometroetan lortu duzuen guztiagatik.

Gogotsu eta ilusioz hartu dugu 2024ko Kilometroak antolatzeko enkargua.

Azpeitian ospatuko diren laugarren Kilometroak izango dira datorren urtekoak. 1979an egin ziren aurrenak; 2000. urtean bigarrenak, Hau da leloarekin; eta 2011n hirugarrenak, Klik lemapean. Hauek laugarrenak izango dira. Esperientzia badugu, baina kilometro guztiak desbedinak dira, garai denak diferenteak direlako.

Aurtengo Kilometroak oraingo garaian kokatzeko, lanean hasiak gara, izpi batzuk ikusten hasi gara egin nahi dugunaren eta lortu nahi dugunaren inguruan. Hainbat helburu txikiagoren artean, hiru helburu handi eta zehatz jarriak dizkiogu gure buruari, ikastolen izateko arrazoia eta gizartearen egungo erronkak kontuan hartuta: euskara, kulturartekotasuna eta herrigintza.

Kilometro guztiak bezala, talde lan handia izango da aurtengoa ere. Zuen (Errenteriako KMak antolatzen ibili zaretenon) esperientzietatik ere ikasiko dugu; eta balio diguten tresnak gurera ekarriz zein behar ditugun berriak sortuz, ekin diogu bideari. Hasiak gara dagoeneko saretuta zegoen Azpeitiko ikastolaren komunitatea zirikatzen eta aktibatzen. Hura sendotuz eta indartuz, eta Azpeitiko herri ekimenekin elkarlanean, lortuko dugu, zuek egin bezalaxe, Gipuzkoako ikastolen jaia festa ahaztezin bihurtzea. Ea lortzen dugun metroz metro egin beharko dugun bide hau guztia, lortu nahi dugun gizartearen ispilu bihurtzen!

Zorionak Errenteria, eta aupa Azpeitia!".

Bihar, lekukoari harrera

Gaur Errenterian jasotako testigua bihar iritsiko da Azpeitiko Ikastola Ikasberrira, eta ikastolako ikasleek, irakasleek eta langileek harrera egingo diote, 2024ko Kilometroen antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Harrera horrekin hasiko dute "Kilometroen urtea". "Lan askoko urtea izango da, auzolan handia galdatzen baitu Kilometroak urte batek. Harremanen urtea gertatzen da, ezohiko aukerak eskaintzen dituena, eta bide batez, ekimen berrientzako abiaburu indargarri izateko ere baliatu nahiko genuke. Abian gara, ilusioz eta pozez", adierazi dute Ikasberrikoek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide