Azaroak 25

2023an hamasei indarkeria matxista kasu artatu dituzte Gizarte Zerbitzuetan

Nerea Uranga 2023ko aza. 25a, 08:00

Iaz baino hiru kasu gehiagoren berri izan dute Azpeitiko Udalaren Gizarte Zerbitzuetan. Hamasei pertsona horietatik zortzik indarkeria fisikoa nahiz psikologikoa jaso dute. Adinari dagokionez, gazteenak 19 urte ditu eta zaharrenak 79 urte.

Azaroaren 25a da gaur, Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna, eta emakumeen aurkako indarkeria salatzeko hainbat ekitaldi izango dira gaurkoan herrian. Izan ere, aurtengoa ere ez da salbuespena izan indarkeria matxistari dagokionez. Azpeitiko Udalak emandako datuek baieztatzen dutenez, indarkeria matxistak bizirik jarraitzen du oraindik orain Azpeitian ere.

Azken urteetako joerari eutsiz, 2023an ere bat baino gehiago izan dira indarkeria tarteko Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetara jo duten herritarrak; Gizarte Zerbitzuetako kideek emandako datuen arabera, aurreko urteetan baino gordinagoak dira; urtea hasi zenetik hamasei indarkeria kasu artatu dituzte han, iaz epe berean baino hiru gehiago. Iaz hamahiru zenbatu zituzten, 2021ean hamabost, 2020an zazpi, 2019an lau eta 2018an hamabi. 

Hamasei pertsona horietatik zortzik (iaz bostek) indarkeria fisikoa nahiz psikologikoa jaso dute, beste zazpik psikologikoa, eta batek akosoa. Hamabik bikotekidearengandik jaso dute indarkeria, batek aurreko bikotekidearengandik, batek aitagandik, batek semeagandik eta batek ezagun batengandik. 

Adinari dagokionez, 19 urte ditu Gizarte Zerbitzuetara jo duen pertsonarik gazteenak –bikotekideak eragindako indarkeria fisikoa nahiz psikologikoa dela eta jo du hara–, eta 79 zaharrenak. Emakume horien batez besteko adina 39 urtekoa da; iaz 42 urte zituzten batez beste, eta 2021ean 34 urte batez beste. Jatorriz, berriz, Gizarte Zerbitzuetara jo duten herritar horietatik bost euskal herritarrak dira, eta 11 atzerritarrak; beraz, datuek erakusten dute, bertakoak ere izan ohi direla indarkeria matxistaren biktima. 

Indarkeria jasan duten hamasei pertsona horietatik bederatzik erasotzailearen aurkako salaketa jarri dute, eta gainontzekoek ez dute salaketarik jarri.

Azpeitiko Udalak azaroko udalbatzarrean onartu zuen indarkeria matxistaren biktimen arretarako bigarren erakunde arteko protokoloa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide