Gautenako langileen gutuna, zaintza grebaren atarian

Azpeitiko Gautenako langileak 2023ko aza. 24a, 09:43

Aniztasun funtzionaleko sektoreko langileak, aldundiaren egoitzaren aurrean. (Utzitakoa)

Azaroaren 30era deituta dagoen greba orokor feministaren atarian, Azpeitiko Gautena zentroko langileek honako gutun hau helarazi diote Uztarriari. Zentroan egiten dutena "kalitatezko zaintza lana" dela adierazi dute Gautenakoek, eta "zerbitzuaren neurriko lan baldintzak" aldarrikatu dituzte.

"Gautena Gipuzkoako autismo elkartea da, eta zerbitzu desberdinak ditu: Diagnostiko eta Tratamendua, Hezkuntza, Eguneko Arreta, Etxebizitza, Asia eta Denbora Librea nahiz Familientzako Laguntza. Azpeitiko zentroa 2021ean ireki zen, besteak beste, zerbitzuaren birlokalizazioa bermatzeko; izan ere, Gautenaren zentro gehienak Donostia inguruan kokatuta zeuden. Gaur egun, Azpeitiko eta inguruko herrietako langileak ari gara bertan lanean. Hasieran, elkarte txikia zen Gautena, eta pertsona erabiltzaile gutxi zituen. Orain, ordea, bestelakoa da egoera: 300 langile inguruk egiten dugu lan Gipuzkoako zentro desberdinetan banatuta.

Jakitun gara zerbitzua, nolabait, publikoa dela, Gipuzkoan ez baitago autismoaren eta buruko gaixotasunen bueltan gurea bezalako zerbitzu orokor bat -pertsona bakoitzaren beharretara egokitzen dena, alegia- eskaintzen duen beste elkarterik. Gipuzkoako Foru Aldundia arduratzen da erabiltzaileak lokalizatzeaz; aldundiak egiten ditu ebaluazioak, eta erabakitzen du zein izango den zerbitzua hartuko duen pertsona. Ez dago beste zerbitzurik guk daukagun erabiltzaile profilaren gainena lan egiten duenik. Horregatik, iruditzen zaigu, zerbitzu publiko gisa jardun beharko genukeela, eta baldintzak ere duinak izan beharko luketela. Gautenak jasotzen duen diru partidarik handiena diru publikotik iristen da: Hezkuntza Departamentutik, Foru Aldunditik eta Osakidetzatik. Familia kuotak txikiak dira proportzioan. Modu horretan finantzatzen dira langileen soldatak. Beraz, diru publikoa du oinarri. 

Zerbitzu publikoa izan beharko luke Gautenak, baina izatez azpikontrata bat da; izan ere, diru publikoz finantzatuta dagoen arren, Gautena elkarte bat da, Gipuzkoako Foru Aldundiak azpikontratatzen duen elkarte bat. Horren ondorioz, gure lan baldintzak eskasagoak dira, eta aldundia hortaz probesten da. Azpikontratatutako langileak gara, langile publiko edo funtzionario izan beharrean. Hori dela eta, funtzionarioek edo langile publikoek baino baldintza txarragoetan egiten dugu lan.

Horrenbestez, iruditzen zaigu badaukagula zer aldarrikatu, eta badaukagula greba egiteko nahikoa arrazoi. Hain zuzen, azaroaren 30eko greba deialdian horri egiten zaio erreferentzia: zaintza arloan aritzen garenok soldata baxuagoak eta baldintza kaskarragoak ditugu. Gurea ere zaintza lana da, hezitzaileak gara, pertsonen zaintzaz eta ongizateaz arduratzen gara. Urte askoan eta historikoki feminizatua izan den sektorea da gurea, eta horren albo kalteak ezagutu eta sufritu ditugu, gure lan baldintzak eta soldatak eskasak baitira. 

Zerbitzua etetea, ezinezko

Gipuzkoako autismo elkartea da Gautena, baina zerbitzua hartzen duten pertsonek ez dute autismoa bakarrik; behar desberdinak dituzte. Hori dela eta, behar horiei guztiei erantzuteko laguntza mota asko eman behar izaten ditugu, laguntza orokortuak deritzenak. Horrek esan nahi duena da, laguntza hori ematen ez baldin bada, pertsonaren ongizatea arriskuan jartzen dela. 

Guk jakin badakigu greba eguna langileen lan baldintzak defendatzeko eta aldarrikatzeko eguna dela, baina guk ezin diogu lana egiteari utzi, pertsonak arriskuan jar daitezkeelako, eta hori ez ezik, ardura guztia gure lankideengan gelditzen delako. 

Gure kasuan, Azpeitiko zerbitzua egituratuta dagoen moduagatik, ezin dugu grebarik egin, eta ez daukagu grebarako eskubiderik. Hau da, ez da baldintzarik ematen greba egiteko, eta, beraz, langileoi eskubide hori ukatzen zaigu. 

Bi etxebizitza daude, eta horietako bakoitzen zazpi pertsona bizi dira; etxe bakoitzean bi pertsonak egiten dute lan. Hau da, bi langile zazpi pertsonako. Foru Aldundiak erabakitzen du zenbatekoa den greba egunean eskaini beharreko gutxieneko zerbitzua. Demagun %50eko gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituztela. Kasu horretan ere ezingo genuke grebarik egin ulertzen dugulako langile batek ezin duela zazpi pertsonaren gaineko ardura guztia izan. Zerbitzuak erabiltzen dituzten pertsonek behar bereziak izan ez ezik, jokabide krisialdiak dituzte. Askotan esku hartu behar izaten dugu beraiek arriskuan ez jartzeko, baina baita beren pisukideak nahiz gure lankideak arriskuan ez jartzeko ere. Beraz, horretan jarri nahi dugu arreta edo fokua: lan baldintza duinak aldarrikatu nahi ditugu, baina ezin dugu gure lankideengan utzi ardura guztia. Beraz, erabaki dugu grebarik ez egitea, ezingo genukeelako gutxieneko zerbitzuetan jardun eta zerbitzua osotasunean eskaini.Lan baldintzak eta langileon antolakuntza politikorako eskubideak elkarri lotuta doaz. Protestarako zein aldarrirako eskubidea kentzen digute lan baldintzak kaskartzearekin batera. Modu horretan, ez daukagu lan baldintzen aldeko antolakuntza politikorako aukerarik, eta horrek eragin zuzena du zerbitzua jasotzen duten pertsonen arretaren kalitatean. 

Aldarrikatu nahi dugu gure lan esparrua ezinbestekoa dela, eta baldintzak horren parekoak izan beharko luketela. Gaur egun uste dugu gure lan baldintzak ez direla eskaintzen dugun zerbitzuaren parekoak. Iruditzen zaigu gure lan esparrua ere baldintza onetan egotea guztion ardura dela, guk gizarte justuago baten alde egiten dugulako lan; izan ere, guk ez dugu zerbitzua hartzen duten pertsonen edo haien familientzako soilik lan egiten; gure helburua da gizarte justuagoa eraikitzea eta aniztasuna kalean ikustea. Hain zuzen, iruditzen zaigu gure erabiltzaileek ekarpen asko egiten dietela gizarteari. 

Era berean, azpimarratu nahi dugu hau ez dela Azpeitiko zentroan gertatzen den zerbait. Gautenaren egoitza eta zerbitzu guztietan gertatzen den zerbait da. Inork ez du greba egingo, ez delako egingarria. Ezin dugu grebarik egin ezingo delako %50eko zerbitzua bermatu, eta bermatuta ere, ez delako lankideenganako erabaki zintzoa. Izatez, ez dugu grebarako eskubide errealik. 

Guk, gure arlotik, lanean jarraituko dugu gizarte parekide eta anitzagoaren alde". 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide