Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburua aurkeztu zuen Josebe Blancok atzo arratsaldean Azoka Plazan. Hainbat lagun elkartu ziren hitzaldian, eta adi jarraitu zituzten artzainak kontatutakoak. Antzuolako Pikunieta baserrian bizi den artzain euskaldun-galegoa da Blanco, eta bere bizipenak eta hausnarketak jaso ditu eguneroko honetan. Argiarekin argitaratu du liburua, Bizi Baratzea sailaren barruan.
Besteak beste, artzain ofizioari dagozkion eguneroko lanak eta pasarteak, mendian bizi den herritarrak bizi dituenak, baita emakume gisa, galego-euskaldun gisa, bizi dituenak landu ditu egunerokoan, guztiak lehen pertsonan. Horrez gain, elikaduraren inguruko hausnarketak, euskaraz eta galegoz egindako poesiak eta artzainaren hiztegi txiki bat ere badakartza, baita artzainaren urte osoko lanen taula eta mapa bat ere.
Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain lekukotasun bat da: "Larrialdi klimatikoaren erdian, mendian eta natura zainduz bizimodua aurrera ateratzeko ahaleginean ari den artzain baten lekukotasuna". Liburuan agertzen diren bizipenek "irakurleak egungo gizarteaz eta bizitzaz hausnartzea" du helburu.
Asteazkenean, aldiz, sendabelar jarabea egiten ikasteko saioa izan zen Azoka Plazan, Garbiñe Larreak gidatuta. Herritar ugari izan ziren Elikaguneak antolatutako saioan parte hartzera animatu eta ikastaroa pausoz pauso jarraitu zutenak.