Aurrestreinatu den obra baten kronika bat da hau, baina agian ez da kronika bat izango; izan ere, ez dut sekula aurrestreinaldi baten inguruko ezer idatzi. Beraz, aurrestreinaldi baten kronikaren saiakera bat da hau. Argi esan ziguten: kronika bai, baina asko esan gabe; spoilerrik ez, mesedez.
Badon* erditu zen atzo, 41. Euskal Antzerki Topaketen agurraren egunean. Ikusmina nabaria zen Soreasu antzokiaren atarian, ohi baino lehenago hasi baitzen jendea ilaran jartzen. Hala ere, ohikoa baino zertxobait beranduago hasi zen ikuskizuna, aurrez sari banaketa ekitaldia egin baitzuten. Aretoa epel, jendea gogotsu, eta euskal antzerki eszenako aurpegi ezagun hainbat ikusle rolean. Azpeitiarrak ere bai, ohiko antzerkizaleak, baina kanpoko jendea ere ugari. Argiak itzaldu, eta 3,2,1...
Hasieran gozo, eta ondoren indartsu hasten da Badon*, eta energiaz beteta sartzen da ikuslea emanaldian. Hitzak, eta mezuak ikusten ditu, zerbait arraroa usaindu, "eta zer ote dator orain?", pentsatu norbere baitan. Hitzak, mezuak, eta gogoetak. Eta musika ere bai, batzuetan. Noski, sortzaileen hitzetan, "opera garaikidea da Badon*, etorkizun utopiko baten sorrerari buruzko gogoetak sustatzen dituena". Eta leherketatik, sorreratik abiatzen da.
"Bost koadro" ditu: unibertsoaren sorrera eta kosmosa, landareen erreinua, animalien erreinua, gizakien mundua eta mundu espirituala, eta koadro bakoitza pieza bat da. Hasten da, garatzen da eta musikaz bukatzen da. Opera tradizionalaren egitura du: obertura, lehen aktoa, bigarrena, hirugarrena, interludioa, aria eta amaiera handia. Pieza bakoitzak ezaugarri desberdinak ditu, jantzi zein kolore desberdinak, atmosfera bisual anitzak eta ikus-entzunezkoek osagarritzen dute; ikus-entzunezkoek hartzen dute oholtza zenbaitetan. Musika, irudia eta gorputzak, uztartuta, "hackeatutako" operan.
Diziplina anitz barne hartzen ditu proiektuak: dramaturgia, antzerkia, kopla, musika, dantza eta beste hainbat diziplina, baina ikusleak ez daki zer den ikusten ari dena. Momentu batean antzerkia da oholtzakoa, baina denbora gutxira kontzertu bat da, edo bietako ezer ez. Ines Osinagaren ahotsa gailentzen da, baina ez da haren ahotsa entzuten den bakarra.
Antzerkia baino, esperientzia sentsoriala da Badon*, ordu eta hogei inguru irauten duen bidaia sentsoriala. Giroa ere ez da teatro arrunt batekoa; aroma desberdinak, ke poteak, argiak, ikusten ez baina entzuten diren ahotsak, irudiak... Antzerki tradizionalak dituen ezaugarriekin "apurtu" nahi izan dute sortzaileek, eta lortu dute. Ez da antzerki tradizionala, eta ez da "opera" entzun, eta burura etortzen zaigun hori. Azpimarratzekoa da eszenografia, arte zuzendaritza, jantzigintza, argien diseinua, bideografia...
Hiru koadro, inberbaloa eta bi koadro. Ordu bat eta hogei minutu. Sentsazio asko, mezuak, gogoetak, baina, aldi berean, arrazionaltasunik ez. Hori eta askoz gehiago da Badon*.
Eta zer gehiago esan, agian gehitxo esan dut eta.
Bestelako jakingarriak
- AEK-k eta Korrikak antolatutako kultur sorkuntzarako bekaren irabazlea da Badon* proiektua, eta ikuskizuna Korrika Kulturalaren egitarauaren barruan aurkeztuko dute.
- Azpeitian eman zuten Badon*-en berri.
- Aurkeztutako hamahiru proiekturen artean Mauriziak Ez Du Inor Hil kooperatibak proposatutako Badon* proiektuak jaso zuen 2022ko maiatzean Korrika-AEK kultur sorkuntza beka, eta horri esker lantaldeak 23.000 euro jaso ditu lana gauzatzeko.
- Abenduaren 1ean Gasteizko Principal antzokian estreinatuko dute obra.
- Oraingoz, martxo amaiera arte ibiliko dira ikuskizuna taularatzen, eta hainbat emanaldi itxita dituzte: besteak beste, abenduaren 17an Donostian izango dira, Antzoki Zaharrean; urtarrilaren 1ean, Bilboko Euskalduna jauregian; urtarrilaren 13an, Irungo (Gipuzkoa) Amaia kultur zentroan; urtarrilaren 18an, Iruñeko Gaiarre antzokian, eta 21ean Baionako antzokian.
41. Euskal Antzerki Topaketen bueltan sortutako eduki guztiak –elkarrizketak, erreportajeak, argazki bildumak, bideoak, albisteak...–, honako kanal berezi honetan daude eskuragarri.