Hantxe bertan

Aimar Leunda: "Bizitza soziala hangoaren oso desberdina da"

Maialen Etxaniz 2023ko abe. 26a, 10:30

Aimar Leunda, partida batean. (Utzitakoa)

Realak eskainitako beka batek eraman zuen AEBetara Aimar Leunda (Azpeitia, 2000) duela hiru urte. Ikasketak eta kirola uztartzen ditu Filadelfian. Hango bizitza hemengoaren "zeharo desberdina" dela kontatu du 2023ko abenduko Uztarria aldizkariko Hantxe bertan ataleko elkarrizketan.

Noiz eta nolatan iritsi zinen Filadelfiara?

Realak, La Ligaren bidez, beka bat eskaini zidan. Sekula ez naiz kanpora joateko zalea izan, etxezalea naiz, izatez. Gertukoekin hitz egin ostean, ordea, proposamenari baiezkoa esatea erabaki nuen; izan ere, esan zidaten ihes egiten utzi ezin nuen esperientzia zela. 2021eko urtarrilean iritsi nintzen hona. Berez 2020ko udan etorri behar nuen, baina COVID-19aren pandemia tarteko, bidaia atzeratu behar izan zen. Hona etortzeko ingelesa landu eta maila zehatz bat eskuratu behar izan nuen aurrez. Behin maila hori eskuratutakoan hasi zen esperientzia.

Urte batzuk badira AEBetara joan zinela. Nolakoa da zure egunerokoa han?

Filadelfian dena da desberdina. Aspergarria da hemengo bizitza soziala, hangoaren oso desberdina baita. Euskal Herrian ohikoa da lanak bukatutakoan edo denbora librea dugunean kalera ateratzea eta jendearekin egotea, sozializatzea. Hemen bestelakoak dira ohiturak. Jendea etxean egoten da bideo jokoetan jolasten edo bestelako gailuetan ibiltzen. Nik ere errutina zehatza daukat: goizean esnatu, 07:00etan entrenamendua, ondoren gosaldu, klasera joan, eta libre egotekotan, ezer askorik ez...

Nola baloratzen duzu orain arteko esperientzia?

Ez nuke aldatuko. Askorako balio izan dit: ingelesean trebatzeko, esperientzia berriak bizitzeko, bakarrik bizitzen ikasteko... Sukaldean askorik ez dugu egiten jantokia daukagulako, baina bestelako gauzak egiten ikasi dut. Sufritu ere egin dut, baina ez nuke esperientzia ezergatik aldatuko, gauza onak ere eman dizkit eta.

Desberdina al da futbola ulertzeko modua edo futbolaren bueltako giroa?

Oso desberdina da, bai. Hemen guztiok gara unibertsitateko gazteak. Euskal Herrian adin desberdinetako kideak izaten dira futbol taldeetan. Gogoan dut nik baneukala taldekide bat nire adina bikoizten zuena. Han asko ikasten da taldekideez, eta hemen giroa infantilagoa da. Talde izaera ere apenas dago, eta futbola ulertzeko modua oso desberdina da. Maila baxuagoa da hemen, batez ere arlo taktikoan.

Zer da gehien faltan sumatzen duzuna?

Familia, lagunak, inguruko jendea... baina gehien-gehiena jatekoa, alde handiarekin. Oraindik ez dut ulertzen nola den posible hain aurreratuta dagoen gizarte edo herrialde batean jatekoari baliorik ez ematea eta arlo horretan aurrerapenik ez egitea. Ez dute elikadura zaintzen. Horrez gain, lehen esan bezala, hango sozializatzeko modua ere faltan sumatzen dut, kalera ateratzea eta jendearekin egotea. Hemen sare sozial bidezko harremanak oso ohikoak dira. Hango parrandarekin ez naiz asko oroitzen, ez bada kuadrillakoek Whatsappera argazkiak bidaltzen dituztenean edo. Gehiago sumatzen dut faltan kalera ateratzea, poteatzea, jendearekin egotea... Hemen etxeetan egiten dira festak.

Zer ekarriko zenuke Filadelfiatik Azpeitira?

Asko pentsatu ostean, ez zait ezer bururatzen. Beraz, ez nuke ezer eramango.

Eta zer eramango zenuke Azpeititik hara?

Kaleko giroa.

Filadelfiak zerbait ona ere izango du, ezta?

Bai, noski. Esaterako, hemengo unibertsitatean ezagutu dudan jendea oso ona da. Asko lagundu didate, eta horrekin gelditzen naiz. Bestela, hiria bera oso leku onean dago geografikoki, eta bidaiatzeko aukera ugari eskaintzen du, hiri asko gertu gelditzen baitira; New York, esaterako. Hori dela eta, hainbat bidaia egiteko aukera ere eskaini dit esperientzia honek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide