Orkatz, senegaldarren agertoki

Aitziber Arzallus 2023ko aza. 29a, 09:51

Ane Iturriza eta Baba Gueye. (Aitzber Arzallus)

Larunbatean, 23:00etatik aurrera, rap, hip-hop, reggae, reggaetoi, dancehall eta beste zenbait musika estilo jorratzen dituzten hainbat talde senegaldar zuzenean ariko dira Orkatzen. 

Larunbat gauean festa berezia izango da Azpeitiko Orkatz kultur elkartean, Baba Gueyeren (Dakar, Senegal, 1982) eta haren lagunen eskutik. 23:00 aldera hasita, Baye Fall Manek, Bit Soundek, Patera Stylek eta beste zenbait artistak eta taldek rap, hip-hop, reggae, reggaetoi, dancehall eta beste hainbat musika estilo nahastuko dituzten saioa egingo dute zuzen-zuzenean, eta ondoren, taberna itxi artekoak Bit DJak eta Selektah Stepik egingo dituzte. Dantzarako gogoa daukanak, beraz, badauka larunbaterako plana.

Baba Gueye bera da larunbatean Orkatzen egingo duten festaren sustatzaileetako bat, eta Ane Iturriza (Azpeitia, 1996) da bestea. Iturrizak duela hilabete batzuk arte Orkatzen lan egiten zuen, eta Gueyek eta biek han ezagutu zuten elkar. "Kafea hartzera tabernara etortzeko ohitura zuen Babak, eta behin, tabernara etorri zen horietako batean, talde baten kontzertua egokitu zitzaion parean", gogora ekarri du Iturrizak. "Ordura arte ez zekien Orkatzen kontzertuak eta beste hamaika eratako emanaldiak antolatzen genituenik, eta ustekabeko atsegina izan zen beretzat. Orduan kontatu zidan bera ere artista zela, rapa egitea gustatzen zitzaiola, eta noizbait zerbait antolatzekotan gelditu ginen". 

Gueyek Afrikatik dakar raperako zaletasuna. Aspaldiko zaletasuna du hori: "Rap musika atsegin zuten lagunak nituen Senegalen; haiekin egin nituen lehen urratsak, eta Senegaldik aspaldi alde egin nuen arren, sekula ez diot musika sortzeari utzi". 

Gueyek gazterik utzi zuen sorterria, eta Zaragozan (Espainia) zenbait urtez bizitzen egon ostean, 2016an iritsi zen Euskal Herrira. Zarautzen egin zituen urte batzuk, eta duela urtebete pasatxotik Azpeitian bizi da. Kristaldegi batean lan egiten du, ofizioa ikasten ari dela dio, baina benetako zaletasuna rap musika du, eta rapeatzea.  

Euskal Herrian bizi denetik, musika herrikideekin elkartzeko aitzakia izan da Gueyerentzat. "Zarautzen bizi nintzenean, han bizi ginen hainbat senegaldar sarritan elkartzen ginen Hernanin [Gipuzkoa] bizi ziren beste batzuekin musika egiteko. Aspaldian, ordea, gauza bat dela eta bestea dela, gutxi egon izan gara, baina erabaki dugu berriz hasi beharra daukagula elkartzen, eta larunbatean egingo duguna bezalako festak horretarako aukera bikaina dira". Gainera, haren iritziz, herrikideak elkartzeko ez ezik, integraziorako bidea ere badira horrelako ekintzak. "Gainontzeko herritarrengana gerturatzeko eta haiekin egoteko aukera polita izango da larunbatekoa, gure kulturaren zati bat azpeitiarrekin partekatzeko modu bat". 

Artista ugari

Iturrizak gogoan zuen duela hilabete batzuk Gueyerekin izandako elkarrizketa hura, eta tabernan zerbait egiteko proposamena Orkatz kultur elkarteko kideei helarazi zien. Baiezkoa jaso zuen bueltan, eta halaxe jakinarazi zion artista senegaldarrari. "Anek duela hilabete inguru esan zidan festa antolatzeko aukera neukala, eta sekulako poza hartu nuen. Abenduaren 2an egitea adostu genuen, eta berehala hasi nintzen buruari bueltaka, zer egin eta nor gonbidatu pentsatzen. Baye Fall Mani deitu nion, jaian parte hartuko duen beste artista senegaldar bati, eta dena martxan jarri genuen. Hain zuzen ere, Baye Fall Manek diskoa kaleratu berri du, eta Orkatzeko ekitaldia baliatuko du lan berria aurkezteko".    

Urteetako ibilbidea duten artistek eta taldeek parte hartuko dute larunbateko jaian, baina baita inguruko herrietako artista hasiberriek ere. "Zestoako, Zumaiako eta inguruko beste hainbat herritako lagunak, musikaren munduan hasiberriak, etorriko dira, eta bakoitzak abesti bat zuzenean aurkezteko aukera izango du", azaldu du Gueyek. "Polita iruditu zaigu horiei ere jendaurrean aritzeko aukera ematea". 

Hasiberrien atzetik, izen handiagoa duten artistek eta taldeek hartuko dute agertokia; besteak beste, Baye Fall Manek, Bit Soundek eta Gueye bera kide den Patera Stylek. "Festari itxiera, berriz, Bit DJak eta Selektah Stepik emango diote. Stepi, aurrena, Patera Stylekooi musika jartzen ariko da, eta gure saioa bukatzen dugunean, bere saioa egingo du Bit DJarekin batera". Festara joan edo ez zalantzan dauden herritarrei "dudarik ez izateko eta azaltzeko»" deia egin die Gueyek, "ez direlako damutuko". Eta nahi luke larunbatekoa zerbait handiagoaren hasiera besterik ez izatea. "Gustatuko litzaiguke elkarteren bat-edo sortzea, herriko bizitzan orain daukaguna baino parte hartze handiagoa izan dezagun".    

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide