Atzegiren egoitza: aterpe berria, betiko helburuak

Maialen Etxaniz 2023ko aza. 29a, 15:11

Atzegik egoitza berriarekin hasi du ikasturtea. Udan inauguratu zuten lokala, eta orain askotariko ekintzak egiten dituzte bertan. "Ikusgarritasuna" eman die guneak erabiltzaileei.

Uztailetik egoitza berria du Atzegik Azpeitian, Telefonica zaharraren eraikinean. Kanpotik eraberrituta eta barrutik biziberrituta dago Perez Arregi plazako eraikin ezagunaren beheko solairua. Goiko solairuan Udal Euskaltegia dago. Uztailaren 28an egin zuten adimen desgaitasuna duten pertsonentzako lokalaren inaugurazio ekitaldia, eta orduz geroztik edukiz bete dute Atzegiko kideek nahiz erabiltzaileek. Besteak beste, askotariko ikastaroak, batzarrak eta aisialdirako ekintzak egiten dituzte bertan. Egoitza berriak "aukera berriak" irekiko dizkietela uste dute Atzegiko koordinatzaile Aloña Agirrek eta Atzegiko kide Nerea Mendizabalek.

Agirrek azaldu duenez, duela 63 urte sortu zuten Atzegi, eta orduko "helburu berberekin" jarraitzen dute lanean: "Saiatzen gara adimen desgaitasuna duten pertsonen bizi kalitatea hobetzen hainbat zerbitzuren bitartez, eta lan asko egiten dugu familiekin inguru sentsibilizatuagoa eta positiboagoa lortzeko. Era berean, saiatzen gara adimen desgaitasuna duten pertsonen familientzat erreferente izaten; izan dezatela nora jo".

Atzegiko Aloña Agirre eta Nerea Mendizabal, lokal berrian. (Maialen Etxaniz)

Mendizabalek gertutik ezagutzen du Atzegik egiten eta eskaintzen duena: "Adimen desgaitasuna duen pertsona bat jaiotzen denean edo familiara iristen denean, oso momentu gogorrak bizitzen dira, bakarrik sentitzen baitzara une askotan. Hori dela eta, Atzegi bezalako talde batean egoteak asko laguntzen du, ikusteko zer gauza egin diren eta ohartzeko zer gauza dauden egiteko". Mendizabalek urte asko daramatza Atzegin, haren alabaren eta gainerakoen ongizatea helburu. Urte horietan askotariko "gorabeherak" izan dituztela kontatu du, baina finean esperientziak "asko" lagundu diola aitortu du: "Batzuetan lantalde txikia jardun gara lanean, eta zenbaitetan bakarrik sentitu izan gara. Beste urte batzuetan, aldiz, jende gaztea sartu da lantaldera, eta ikuspuntu nahiz iritzi berriak ekarri izan dituzte gure artera. Ekarpen horiek lagungarri zaizkigu lanean jarraitzeko eta gauza berrien alde borrokatzeko".

Adimen desgaitasuna duten pertsonen "bizi kalitatea hobetzeko" egiten du lan Atzegik

Aisialdirako eskubidea

Atzegiz aparte, Txolarte aisialdi taldea dago Azpeitian, eta talde horrek ere baliatuko du Perez Arregi plazako lokal berria. "Aisialdiaz gozatzea guztion eskubidea dela uste dugu, eta adimen desgaitasuna duten pertsonen aisialdia Txolarteren bidez garatzen da", azaldu du Agirrek. Mendizabalek uste du aisialdia pertsona guztientzako "beharrezkoa" dela, eta zentzu horretan boluntarioen lana eskertu eta goraipatu du: "Adimen desgaitasuna duten pertsonen bizi zikloan gertatzen dena da txikitan erraza dela ikastetxeko giroan murgiltzea eta lagun giroan sentitzea, baina une batetik aurrera bakarrik sentitzen direla. Txolartek aukera ematen die pintxo-potera irteteko edo bestelako planak egiteko, gurasorik gabe edo anai-arrebarik gabe, beraien pareko jendearekin". Hori "oso onuragarria" dela azpimarratu du Mendizabalek. "Boluntarioek lan ikaragarria egiten dute, eta altxorra dira guretzat", gaineratu du. 

Ikastaroak, ahalduntzeko

Aurten, gaztelania, sukaldaritza, diruaren erabilera eta eskulan  tailerrak eskaintzen dituzte Atzegiko lokalean. Iaz familiekin hitz egin ostean erabaki zuten ikastaroak martxan jartzea. "Eskulan tailerra iaz jarri genuen martxan, eta izan zuen harrera ona ikusita erabaki genuen aurten jarraipena ematea. Beste tailerrak senideek proposatutakoak dira. Urola bailara oso euskalduna da, eta pertsona askok ez dute gaztelaniaz hitz egiten. Hori dela eta, kanpora joandakoan eta, gaztelaniaz hitz egiteko zailtasunak izaten dituztela ikusi zuten erabiltzaileen senideek. Horregatik jarri genuen martxan gaztelania tailerra. Diruaren erabilera eta sukaldaritza tailerrak, aldiz, egunerokoan gauza praktikoak egiteko ikastaroak dira, eta arrakasta izugarria izan dute", kontatu du Agirrek.

Egoitza berriak "lanerako gogoa eta ilusioa"eman dizkie elkarteko senideei

Azpeitiko, Azkoitiko, Zestoako, Errezilgo eta Zumaiako herritarrek parte hartzen dute tailerretan, besteak beste, eta kide horietako bi dira Maria Angeles Arrizabalaga eta Itsaso Orbegozo. Biak ala biak "oso gustura" daude saioetan ikasitakoarekin eta lokal berriarekin. Orbegozok dio hasieran "zalantzak" izan zituela, baina azkenean, amak animatuta, ikastaroetan parte hartzera animatu zela. Orain "pozik" dago, eta "gustura" joaten da Azpeitiko tailerretara. Gainera, etxean ere aritzen da errezeta berriak bilatzen eta probatzen. Arrizabalaga ere "gustura" joaten da ikastaro guztietara, eta hezitzaileek asko laguntzen dietela dio.

Hainbat gazte sukaldaritza tailerrean. (Maialen Etxaniz)

Mendizabalek nabarmendu du egoitza berriak "lanerako gogoa eta ilusioa" eman dizkiela: "Guretzako izugarrizko onura izan da udalak utzitako lokal berria, eta oso eskertuta gaude. Perdillegin geneukan lokalak ez zuen komun egokiturik, hezetasuna zegoen… Ez zen atsegingarria lanerako. Oraingo egoitza goxoa da, sukaldea dauka eta gune zabalak ditu. Ziur nago gauza asko egiteko grina piztuko digula, baita ikusgarritasuna emango digula ere". Modu horretan, adimen desgaitasuna gertu duten familiei eta lagundu nahi duten boluntarioei Atzegiren egoitzara bertaratzeko deia egin die.

Perez Arregi plazan dago Atzegiren egoitza berria. (Maialen Etxaniz)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide