Azpeitiko Juan Antxieta musika eskolak 40. urteurrena aitzaki hartuta, Kantatzen duen herri bat bi orduko kontzertua eskaini zuen igande arratsaldean Soreasu antzokian, eta Felipe Murillo musika eskolako irakasleak eta emanaldiaren produkzioaren arduradunak balorazioa "oso positiboa" izan dela dio, bai kontzertua prestatzeko aurreko prozesuari eta baita emanaldiari dagokionez ere.
Musika eskolako kideez gain, ikuskizunean parte hartu zuten euskal kantagintzan erreferenteak diren hainbat musikarik ere: hain zuzen, Eñaut Elorrieta, Maixa Lizarribar, Imuntzo eta Beloki, Deñe Garcia-Bravo eta Ines Osinaga igo ziren oholtza gainera. Lizarribarrek bere abesti bat taularatu zuen, eta erreferente bezala Bakarrik eta libre abestia interpretatu zuen. Elorrietak ere, bere abesti bat abestu zuen, eta erreferente modura Itoitz taldea hautatu zuen. Osinagak, berriz, Dena aldatzen da abestia kantatu zuen, eta erreferente modura Lourdes Iriondoren hiru abestiren nahasketa bat interpretatu zuen. Garcia-Bravok, berriz, bere azken diskoko bi abesti abestu zituen jendaurrean, eta erreferente bezala Ibil Bedi taldea hartu zuen. Imuntzok eta Belokik, azkenik, beraien azken diskoko bi abesti kantatu zituzten, eta erreferente modura Anje Duhalderen Eperrak abestu zuten. Horiek guztiak, musika eskolako haurren ahotsekin eta koreografiez lagunduta.
"Haurrentzat interesgarria izan da entseguetan eta kontzertuan espazioa partekatzea horrelako musikariekin", dio Murillok. Halaber, aurrez eta emanaldian bertan gonbidatutako musikariek izan duten gertutasuna nabarmendu du: "Gonbidatuak oso hurbilak izan dira. Asko irakasle dira edo izan dira, eta oso erraza izan da elkarrekin lan egitea". "Momentu oso intimo eta hunkigarriak bizi izan genituen kontzertuan", azaldu du Murillok. Halere, jendeak txaloka eta kantuan ere jardun zuela gaineratu du.
Azkenik, musika eskolak egindako lana azpimarratu nahi izan du Murillok: "Apustu inportantea izan da musika eskolak egin duena. Elkarrekin sortu dugun zerbait izan da, eta ahotsak protagonista izatea nahi genuen 40. urteurren honetan, ez genuen emanaldi soil bat izatea nahi". Hori horrela, lanean jarraituko dutela azaldu du: "Egiten duguna egiten jarraituko dugu, eta euskal kulturarekin eta egileekin lotutako guztia haurrengana hurbiltzen ere jarraituko dugu".
(Argazkiak: Julen Imaz)