Badator III. Hator Hator Horror Fest, "kalitate handiko" film laburrez beteta

Maialen Etxaniz 2023ko abe. 6a, 17:30

Egitarauan moldaketak eginda, larunbatez eta igandez egingo dute beldurrezko eta fantasiazko zinemaren jaialdia. Aurten, Sail Ofizialeko film laburren emanaldiak doakoak izango dira. Guztira, munduko hainbat txokotako 275 film labur aurkeztu dira lehiaketara. Horietatik hamasei aukeratu dituzte, eta horiek izango dira ikusgai zapatu arratsaldean Soreasun. Gauean, Su Ta Gar taldearen kontzertua izango da, eta igande eguerdian umeentzako tailerra. 

Beste urte batez, beldurrezko eta fantasiazko zinemaren topagune bilakatuko da Azpeitia asteburuan. Hator Hator Horror Fest beldurrezko eta fantasiazko zinema eta musika jaialdiaren hirugarren edizioa egingo dute larunbatean eta igandean, Ospel Filmsek antolatuta. Aurten, egitarauan hainbat aldaketa egin dituzte, eta film laburren Sail Ofiziala zentralizatu dute. Modu horretan, larunbatez soilik emango dituzte ikus-entzunezkoak. Beste urteetan bezala, musikak ere izango du bere lekua, HellraiFestekin. Aurten, Su ta Gar taldea izango da Sanagustingo oholtzan.

Sail Ofizialaren xehetasunak

Larunbatean, 17:00etatik aurrera fantasiazko eta beldurrezko hamasei film labur eskainiko dituzte Soreasun. Aurten ez da sarrerarik erosi beharko, eta emanaldiak doakoak izango dira. Ospel Filmseko Xanti Rodriguez da jaialdiaren sustatzaile nagusietako bat da, eta hark azaldu duenez, aurten 275 film labur aurkeztu dituzte Hator Hator Horror Fest jaialdiaren barruko lehiaketara. Horien “kalitatea” nabarmendu du Rodriguezek: “Aurten inoiz baino lan gehiago aurkeztu dituzte lehiaketara, munduko hainbat eta hainbat txokotakoak. Tartean Japoniakoak, Hego Koreakoak eta Iranekoak. EuskalHerrian egindakoak ere badaude. Kalitate handiko film laburrak aurkeztu dituzte, eta beste urte batzuetan baino gehiago kostatu zaigu horien artean hautaketak egitea. Benetan nabarmentzekoa da aurkeztu diren lanen maila eta kalitatea”.

Larunbatean egingo dute filmen emanaldia, doan. Zuzendari batzuk Soreasun izango dira. 

Honako hauek dira emango dituzten film laburrak:  Match, Quien llama, Matryoshka, La caja, Hado, Director's Cut, Ratón de biblioteca, Voyager, Alicia, Transición, The Boogey and The Witch, The 6 Relics of Helena, Mason, Betizu Buru, La Pesadilla de un moco, Los Complices eta In Corpus. Horien inguruko xehetasun eta sinopsi guztiak, hemen.

Sail Ofizialean lehiatuko diren film laburren zuzendarietako batzuk Azpeitian izango dira asteburuan. Ospel Filmseko kideak aurreratu duenez, ikus-entzunezkoen egileetako batzuk Soreasun izango dira haien proiektuen inguruko xehetasunak ematen: “Aurreko urteetan ez bezala, zuzendariek hitza hartuko dute larunbateko ekitaldian. Modu horretan haien proiektuen inguruko xehetasunak azaltzeko eta ikusleen galderei erantzuteko aukera izango dute. Zuzendari gutxi batzuk etorriko dira, batzuk Euskal Herrikoak".

Ospel Filmsek ez du film laburrik aurkeztuko aurtengoan, baina datorren urterako prestatzen ari diren "apustu anbiziotsuaren" aurrerapena emango dute larunbateko saioan. Hain zuzen, 2024an aurkeztuko du Ospel Films estudioak azken hilabeteetan esku artean duen proiektua. Beraz. larunbatean Soreasura joaten direnek proiektu horren lehen aurrerapena ikusteko parada izango dute.

Hator Hator Horror Fest "jaialdi xume" izaten jaio zen, eta Sail Ofizialak hartu duen oihartzunaz jabetuta, "harrituta" daude sustatzaileak. "Gu ere aurkezten gara bateko edo besteko lehiaketetara, eta agian horrek ere balio izan du jaialdi hau munduratzeko. Hainbat zinema jaialditan aurkezten diren edo hautatuak diren filmak iritsi zaizkigu, eta zentzu horretan oso pozik gaude", adierazi du Rodriguezek. Dena den, Hator Hator Horror Fest "jaialdi bihurria" dela azpimarratu du, eta hastapeneko ezaugarriei jarraitzen saiatzen direla dio: "Denetarik iritsi zaigu, baita produkzio handiak ere, diru eta baliabide askorekin egindakoak, aktore ezagunek parte hartzen dutenak, baina guk gure ezaugarriei edo balioei jarraitzen diegu aukerakera egiterakoan. Besteak beste, beldurra, odola edota B  Seriea goraipatzen duen zinemagintza du oinarri Hator Hator Horror Festek, eta ezaugarri horiek hartzen ditugu kontuan. Kalitatea bai, baina zinemagintza bihurriaren ikuspegiarekin". 

Dena den, zinemazalea den edonorentzako moduko jaialdia da Ospelek sustatutakoa, eta Rodriguezek argi dio: "Kalitate handiko lanak dira, zinema bikaina da, areto handietan ikustekoa. Balore asko duten filmak dira, eta beldu horiek kendu eta etorri Soreasura. Ez da inor alde egingo aretotik ikaratuta. Gainera, behin bakarrik izango dute ikusleek film hauek ikusteko parada. Beraz, ez galdu aukera".

Hiru sari eta musika

Iaz bezala, hautatutako hamasei filmen artean hiru sari banatuko dituzte: K Saria, animaziozko film labur onenaren saria eta fikziozko film labur onenaren saria. K Saria jasotzen duen ikus-entzunezkoa 2024ko Donostiako Zinemaldian K-sarien sailean eskainiko dute.

Rodriguezek azaldu duenez, aurten ikusleek ere izango dute Sail Ofizialean botoa emateko aukera: “QR kode baten bidez irekiko dugu ikusleek botoa emateko aukera, eta ikuslegoaren saria ere egongo da”.

Hiru kategoriatako sariak banatuko dituzte Sail Ofizialean. Larunbat gauean Su Ta Gar musika taldearen kontzertua izango da.  

Larunbateko egitaraua borobiltzeko, Ospeleko kideek Su Ta Gar taldearen kontzertua antolatu dute Kulturaz kooperatibarekin elkarlanean, Emanaldia 23:00etan hasiko da, eta sarrerak salgai daude Kulturaz.eus webgunean.

Jaialdiaren bigarren egunean, abenduaren 10ean, haurrak izango dira protagonistak; izan ere, beste urteetan izan duen “arrakasta” ikusita, Hator Hator Horror Fest jaialdiaren antolatzaileek umeentzako  makilaje tailerra prestatu dute. Bertan, marrazteko eta aurpegia margotzeko aukera izango dute gaztetxoek. Gainera, berrikuntza bezala, animaziozko film labur bat eskainiko dute Sanagustingo pantailan, ikastaroak irauten duen bitartean. “Tailerrean parte hartzen ari direnak nahiz zain daudenak entretenitzeko asmoz emango dugu film laburra, modu horretan txikienek ere zinemaz goza dezaten”.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide