Gabirel Ezkurdia: "Bigarren Mundu Gerraz geroztik izan den sarraskirik handiena da"

Aitziber Arzallus 2023ko abe. 8a, 14:00

Gabirel Ezkurdia. (Utzitakoa)

Palestinan gertatzen ari dena herritarrei azaltzeko helburuarekin, Ezkurdia Azpeitian izango da hilaren 12an Elkar-ekin taldeak gonbidatuta. Sanagustinen izango da saioa, 18:30ean hasita.

Gabirel Ezkurdia (Bilbo, 1966) politologo eta Euskal Herriko Unibertsitateko Geopolitikaz taldeko ikertzailea Azpeitian izango da hilaren 12an, Elkar-ekin taldeak gonbidatuta. Zer gertatzen ari da Palestinan? hitzaldia emango du Sanagustin kulturgunean, 18:30ean hasita, eta Elkar-ekinek zein Ezkurdiak berak saiora azaltzeko deia egin diete herritarrei, garrantzitsutzat jota Palestinan gertatzen ari dena ulertzea eta ahalik eta gehien zabaltzea.

Palestinan gertatzen ari dena azaltzen saiatuko zara Azpeitian emango duzun hitzaldian. Gako batzuk aurreratzerik bai?

Hitzaldiak hiru parte izango ditu. Hasteko, azalduko dut zer den judaismoa, zer den sionismoa eta zer den semitismoa. Garrantzitsua da kontzeptu horietako bakoitza zer den argitzea eta ondo ulertzea, jende askok nahastu egiten baititu, eta hori akats handia da. Judutarrak ez dira ez herri bat, ez nazio bat; erlijio bat dira, erlijio multikultural, multinazional eta multietniko bat. Badaude judutar persiarrak, judutar eslaviarrak, judutar germaniarrak, judutar beltzak Etiopian... eta badaude judutar semitak ere, mundu arabiarrean sortutako judutarrak; baina arabiarrak ere semitak dira. Beraz, antisemitismoa oker erabiltzen den hitza da, salatzen dena ez baita judutar izatea, sionista izatea baizik. Eta sionismoa da ideologia politiko bat judutartasuna erabiltzen duena helburu politiko jakin batzuk lortzeko; batez ere, Palestina eta haren inguru guztia kolonizatzea, Mendebaldeko potentziak babesteko. Sionismoaren sortzaileak, Theodor Herzlek, argi eta garbi esaten zuen hori bere lehen idazkietan, eta gaur egun bere lehen idazki haiek ziotena goitik behera betetzen ari da.

Hitzaldiaren bigarren zatian, luze eta sakon hitz egingo dut sionismoaz. Azalduko dut nola sortu zen, zer garapen izan duen, Bigarren Mundu Gerran nazismoarekin zer-nolako harreman ilunak izan zituen, ideologia horretatik nola garatu den estatu kolonizatzaile eta arrazista bat, eta nola sionismoaren lidergo guztiek, eskubikoek naiz ezkerrekoek, garbi izan duten palestinarrak bota behar dituztela beraien lurretik, lur hori delako balizko jaungoiko batek beraiei agindutako lurra. Horregatik, beraien ikuspegia guztiz mesianikoa da, ezin da beraiekin negoziatu.

Eta hitzaldiaren hirugarren zatian, Palestinaren historia laburbilduko dut. Kontatuko dut zer gertatu den azken hiru hamarkadetan, nola sionismoak prozesu kolonizatzaileekin jarraitu duen, nola saiatu den inguruko estatu arabiar batzuk suntsitzen –esate baterako, Irak, Siria, Yemen eta Libano–, eta nola sortzen den Palestinan erresistentzia nazional bat. Momentu honetan, erresistentzia nazional hori bateratuta dago. Hau da, gezurra da esatea Hamas eta Israel gerran daudela; esan beharko litzateke estatu sionista gerran dagoela palestinar erresistentzia osoarekin. Erresistentzia horretan denetarik dago: talde laikoak, marxistak, islamistak, abertzaleak eta abar.

Urriaren 7ko erasoa gertatu zenetik, Palestina eta Israel egunero ageri dira hedabideetan, baina hango gatazka ez da sortu orain.

Ukrainako gerrarekin gertatu zen gauza bera ari da gertatzen. Ukrainako gerra 2014ko otsailean hasi zen, Maidaneko kolpearen ostean, baina guri saldu digute 2022ko otsailaren 24an hasi zela. Eta Palestinarekin ere gauza bera, ematen du dena hasi zela Hamasen edo erresistentziaren erasoarekin, baina hori gezurra da. Auzia sakon jarraitu dugunok badakigu palestinarrak geroz eta zapalduago zeudela, inpunitate osoz hil dituztela, 9.000 palestinar preso daudela, ume pila bat preso izan dituztela zortzi-hamar urtez, eta horiez gain beste gertakari asko gaur egungo egoera ulertzen laguntzen dutenak. Asko aipatzen dute Hamasen sarraskia, baina Hamasen sarraskiaren parte handi bat ejertzito sionistak egin du, kontzertu famatu hartan ejertzitoak bonbardatu zituelako autoak eta, eta jende asko bonbardaketa horien eraginez hil zen. Fake news eta gezur asko zabaltzen ari dira. Adibidez, esan dute Hamasek 40 jaioberriri lepoa moztu ziela, emakume pila bat bortxatu zituela... Baina, gero, Hamasek askatu dituen bahitu guztiek onartu dute oso ondo zaindu eta tratatu dituztela; aldiz, beste aldetik askatu dituzten gehienak sekulako jipoiak eta bortxaketak jasanda joan dira etxera. Errealitateak, azkenean, bakoitza bere lekuan jartzen du.

Urriaren 7ko erasoaren inguruan ere bi teoria daude: batek dio Israelek oso ondo zekiela Hamas zer prestatzen ari zen; eta besteak dio Hamasek etsi-etsian eraso egitea erabaki zuela ekar zitzakeen ondorioak larriak izango zirela jakin arren, palestinarren egoera jasanezina bihurtzen ari zelako. Zuk zer uste duzu?

Hori hitzaldian argituko dugu, baina nire teoria oso argia da. Palestinar erresistentziak egin duen ekintza historikoa izan da. 1948tik, Israelek lehenengo aldiz sentitu du ez dagoela seguru. Israelen garapen eta hazte prozesuaren oinarrietako bat izan da palestinarrak gutxituta zeudela, ahulak zirela jakitea, eta segurtasunaren ideia hori beti oso ondo zabaldu izan dute. Baina, ikusi denez, israeldarrak ustekabean harrapatu zituen urriaren 7ko gertakariak. Horrez gain, palestinar herriak, eta batez ere Gazako herritarrek, jakin balute hori gertatuko zela, bortizkeria handiko eraso bat izango zela, ziur asko Hamasen kontra joko zuten, baina ez da hala izan. Hamas erakunde terroristatzat saltzen dute nazioartean, baina Gazan estatua da Hamas: hauteskunde batzuk irabazi zituen, egitura politiko bat dauka, egitura militar bat dauka, unibertsitateak izan ditu eta baita beste hainbat zerbitzu ere. Beraz, zergatik orain hegoaldean masakratzen ari diren errefuxiatuak ez dira ari Hamasi geldiarazteko eskatuz oihuka? Bada, argi dutelako nola gertatu diren gauzak.

Auziari zer-nolako bukaera ikusten diozu zuk? Nola bukatu behar luke?

Jende gehienak defendatzen du urriaren 7ra arteko proposamen politikoa mantentzea izango litzatekeela konponbidea: bi estatu egotea, palestinarra bata eta israeldarra bestea, eta biak errespetatuak izatea. Nire ustez, hori guztia hutsaren hurrena da, eta ez du ezertarako balio. Sionismoak urrats handi bat egin du, eta argi eta garbi adierazi bere proiektua, guztiz mesianikoaz aparte, guztiz faxista eta genozida dela. Nire ustez, irtenbide bakarra da estatu palestinar bakar bat eraikitzea, Israel desegitea eta Israel eraikitzeko erabili den sionismoa epaitzea eta guztiz erradikatzea, Bigarren Mundu Gerraren ostean Nuremberg prozesuan nazismoarekin egin zuten bezala. Isarelek zortzi milioi biztanle bakarrik ditu, Mexiko Hiriak baino gutxiago, eta denak ez dira judutarrak; gehienak judutarrak dira, baina azken urteetan berdin izan zaie nor jaso. AEBetatik, Argentinatik eta munduko beste hainbat lekutatik joandako herritarrak hartu dituzte euren bizitza proiektua han garatzeko asmoz, eta nahikoa izan zaie aireportuan esatea beraien birramona edo hirugarren amona judutarra zutela, inongo frogarik erakutsi beharrik gabe, eta automatikoki naziotasuna aitortu diete eta joan dira etxea bat jasotzera, bertako palestinarrak bota ostean. Hori guztia desagerrarazi egin behar da. Eta hori bai, estatu palestinar horrek izan beharko du multikonfesionala; hau da, tokia izan beharko dute judutarrek, baina baita kristauek, musulmanek edota ateoek ere. Horiek guztiek ere askatasun osoz bizi beharko dute estatu horretan. Eta hori posible da; Sirian gertatzen da. Siria estatu multikonfesionala da, eta hain zuzen, yihadismoak eta sionismoak horregatik nahi izan dute suntsitu. Sirian, errepublika arabiar bat izanda, erlijio kristaua eta musulmana ofizialak dira, eta bietako ospakizunak egiten dituzte. Hori apurtu egin nahi dute, eta nahi dituzte estatu teokratikoak, Israel edota Saudi Arabia bezala.

Mendebaldeko herritarrek zer egin dezakete Palestinako herriari laguntzeko?

Gauza handirik ez, baina egin ahal dira gauzak. Lehengo eta behin, gaian sakondu, eta tabernetan, dendetan eta lantegietan honetaz hitz egin ahalik eta gehien. Egunero iristen zaizkigu bideoak, gero hedabideetan botatzen ez dituztenak, eta horietan ikusten dena ikaragarria da; Bigarren Mundu Gerraz geroztik gertatu den sarraskirik handiena dudarik gabe; genozidioa, hitz batean. Baina Mendebaldeko gizarteak erabat logotomizatuta daude kontsumoaren eta beste hainbat gauzaren bitartez, jendeak bere bizitza egiten du eta ez dio garrantzirik ematen gertatzen denari, baina gertatzen ari dena izugarria da. Gaiaz hitz egiteaz eta han gertatzen ari dena ahalik gehien zabaltzeaz gain, kalean protesta egin behar genuke beldurrik gabe, eta baita boikota ere Israelgo jatorria duten produktuei, baina benetako boikota. Horrez gain, gure politikariak salatu ditzakegu; bizitzaren eta eskubideen inguruan hemen beti egon den bi aurpegiko jarrera hori, eta orain denak isilik daude. Gure lehendakariak lehengo batean esan zuen Israelek ere baduela bere burua defendatzeko eskubidea, Israelago hainbat politikarik, hainbat errabinok, hainbat militarrek argi eta garbi esan dutenean guztiekin bukatuko dutela, Gaza beraientzako izango dela. Beraz, gure politikariak presionatu egin beharko genituzke, eta Israelera armak bidaltzen dituzten hemengo enpresak salatu ere bai.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide