DemaSA film laburren lehiaketaren saria irabazi du Leire Ibarrek Durangoko Azokan

Mailo Oiarzabal 2023ko abe. 9a, 13:40

Leire Ibar azpeitiarra eta Libe Amas zumaiarra (ezkerretik hasita bigarrena eta hirugarrena) atzo Durangon, saria jasotzen. (Utzitakoa)

2023an Euskal Herrian egin diren ikus-entzunezkoen rallyetan saritutako lanak lehiatu ziren atzo Durangoko finalean, eta azpeitiarrak bi ikaskiderekin batera sortu eta Bilboko Zinebi jaialdian saritutako Aldebiko lanarentzat izan zen sari nagusia.

Durangoko Azokara "egun pasa" joan, eta ezusteko pozarekin eta sariarekin itzuli da Leire Ibar (Azpeitia, 2004). Atzo, euskal liburu eta disko azokaren Irudienea gunean, DemaSA film laburren lehiaketaren finala jokatu zen.  2023an Euskal Herrian egin diren ikus-entzunezkoen rallyetan saritutako lanak lehiatu ziren Durangoko finalean, eta Ibarrek Ikus-entzunezko ikasketetan kide dituen Libe Amas zumaiarrarekin eta Begoña Arana getxoztarrarekin ondutako Aldebiko lanak jaso zuen sari nagusia; 600 euro irabazi dituzte hiru ikaskideek.

Bilboko Zinebi jaialdiaren barruan egiten duten ikus-entzunezkoen rallyan jasotako sariari esker iritsi zen Aldebiko DemaSAren finalera. Ikus-entzunezko graduaren hirugarren mailako ikasleak dira Ibar, Amas eta Arana; ikaskideak, eta lagunak. Aldebiko da beren lehen lana, minutu eta erdiko filma. "Elkarrekin zerbait" egiteko gogo lausotik abiatuta sortu, eta dagoeneko bi sari lortu dituzte opera primarekin Ibarrek eta lagunek. "Unibertsitatetik kanpo inoiz ezer egin gabeak ginen, eta beti esaten genuen egin behar genuela proiekturen bat klasekoen artean. Zinebiko lehiaketaren berri izan genuenean, aurkeztera animatu ginen. Baina beste asmorik gabe, geure artean zeozer egiteko, geure buruarentzat erronka gisa", kontatu du Ibarrek.

Ikus-entzunezko rallyetan epe jakina eta laburra izaten dute egileek lanak sortzeko eta grabatzeko. Zinebikoaren kasuan, esaterako, asteburu bat izan zuten Ibarrek, Amasek eta Aranak lana hasteko, garatzeko eta bukatzeko. "Asteburu bete-betea" izan zela aitortu du Ibarrek: "Ostiralean eman zizkiguten gaia eta baldintzak, eta astelehenean entregatu behar genuen lana". Bilboko hiriaren jasangarritasunaren eta klima aldaketaren ildotik zihoan antolatzaileek proposatutako gaia, eta film guztietan hiriko gutxienez hiru lokalizazio ezberdin agertu behar ziren. Zerotik hasi behar eta epemuga laburra, filmaren ideiarekin asmatzeko zailtasunak, baliabide mugatuak... Animazioaren bidetik jotzea erabaki zuten, azkenean, hiru ikasleek: "Sormenaren bidez, marrazkiekin nahi genuen istorioa eta buruan genituen ideiak kontatzea errazagoa egiten zitzaigun". Mamiari dagokionez, ironia eta erakundeekiko zein enpresa handiekiko kritika uztartu dituztela dio Ibarrek.

Eta hau da Aldebiko, Zinebirako prestatu eta orain Durangon sari nagusia jaso duen lana:

Jarraitzeko gogoz

Zinebiko lehiaketan laugarren saria eman zioten Aldebikori eta "oso gustura" hartu zuten emaitza hori egileek. Hain zuzen ere, Zinebiko antolatzaileek jakinarazi zieten DemaSAren finalera aurkeztuko zutela lana; Aldebikoren sortzaileen ez zuten lehiaketa horren berririk.

Atzo, finalaren egunean, egun pasa joan ziren Ibar eta Amas Durangora -Aranak ezin izan zuen-, beren filma beste askorekin batera Azokan emango zutela jakinda eta horrek eragiten zien ilusioarekin. "Lagunei-eta esan genien finalera joateko eta gure filmaren alde botoa emateko. Bi sari banatu zituzten, sari nagusia eta ikusleena. Lagun mordoa joan zen finala ikustera, eta geure artean pentsatzen genuen 'ea, behintzat, publikoaren saria lortzen dugun eta otarrea denon artean banatzen dugun'". Publikoarena ez, baina sari potoloa, bai. "Gure izenak esan zituztenean... kristoren poza. Ez genuen saririk espero, ez Zinebikoa, ez Durangokoa", dio Ibarrek.

Momentuz ez dute ezer zehatzik esku artean, baina lehen saiakeran horrelako harrera izanda, hiru lagunak proiektu berriak egiteko "gogoz" daude.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide