Joan den ostiralean, hilaren 8an, jantzi zuen lehen aldiz Mikel Larrañagak Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko txapela, eta "oso pozik" da azpeitiarra, Bilboko Bizkaia pilotalekuan eskuratutakoaren ostean. Bigarren postua iazko txapelduna izan zen Txikia IV.a azkoitiarrak eskuratu zuen; hirugarrena, Eneko Otaño beizamarrak.
Arazo fisikoek markatu dute Larrañagaren azken denboraldi hau: "Gerriko minarekin ibili naiz urte osoan zehar eta ez nintzen guztiz prest ikusten astebururako, baina nire lana egitera joan nintzen". Garaipen "berezia" dela dio, azken urtean "arrastaka" ibili baita. Ildo beretik, urte zail baten ostean, horrelako garaipenak pisu handia duela azpimarratu du: "Azkenean maila honetako txapel bat eskuratzeak aurrera jarraitzeko gogoa eta indarra ematen dizkit". Alabaina, gerriko minari alde ona ikusten ere jakin du azpeitiarrak: "Egia esan azkenengo hilabeteetan gerriko minaren kontuagatik jatekoa gehiago zaindu dut, eta horren harira kilo batzuk ere galdu ditut. Agian horrek finalean arinago ibiltzen lagundu zidan".
Txikia IV.ari "beldurra" ziola aitortu du aizkolariak: "Urte oso ona egin du, maila handiko aizkolaria da eta banekien oraingoan ere ez zuela hutsik egingo. Argi nuen hari irabazteko lanak oso ondo egin beharko nituela". Halere, hasiera samarrean nabarmendu zen Larrañaga: "Lanean hasi ginenean ez nuen batere argi, baina denbora aurrera joan ahala ikusi nuen ondo ari nintzela eta gustura sentitu nintzen. Azkenen laugarren egurrean ikusi nuen txapela nirea zela".
Hamar kanaerdiko eta lau oinbiko moztu behar izan zituzten finalean lehiatu ziren sei aizkolariek, eta txapeldunak 39 minutu eta 25 segundo behar izan zituen lanak osatzeko. Iazko txapeldunak, Txikia IV.a azkoitiarrak, amaitu zuen bigarren (41.19), Larrañagarengandik 1.55era; eta iaz Larrañagaren aurretik bigarren gelditu zen Otaño beizamarrarentzat izan zen hirugarren postua (42.57). Urrutiago gelditu ziren beste hiru finalistak: Ugaitz Mugertza izan zen laugarrena (47.28), Ibai Soroa bosgarrena (49.15) eta Julen Larrea seigarrena (49.53).
Gizonen finalaren aurretik jokatu dute zuten emakumeen finala ere. Nerea Arrutik bigarren urtez jarraian lortu zuen garaipena, Karmele Gisasola Zelai III.aren eta Malen Barrenetxearen aurretik.
Txapelaz gain, urteko azken egunean, abenduaren 31n, jokatuko den Urrezko Aizkolari Txapelketarako txartela ere lortu zuen Larrañagak finalean. Oraindik azken lehiatik indarrak berreskuratzen ari dela aitortu badu ere, gogotsu agertu da urteko azken txapela lortzeko: "Geratzen diren aste hauetan ahalik eta ondoen zaintzea da nire helburua, finala irabaztera joateko".
Euskal Herriko Aizkolari Txapelketa
Urrezko Aizkolari Txapelketaz aparte, beste hitzordu bat ere badute aizkolariek urteko azken hilabete honetan: Euskal Herriko Aizkolari Txapelketa, hain zuzen. Abenduaren 24an jokatuko dute, Turtziozen (Bizkaia).
Federazioaren eta Ezpal elkarteko aizkolarien artean horrela adostu eta gero, hirugarren mailan lehiatuko dutela azaldu du Larrañagak: "Guk federaziotik alde egitea erabaki genuen eta esan ziguten itzuli nahi bagenuen hirugarren mailatik hasi beharko genuela. Elkarteko guztiok bildu eta hitz egin ondoren, horrela izatea erabaki dugu". Ondorengoa gehitu du: "Egoera konpontzea nahi genuen guk, eta horretarako federazioko finala hirugarren mailan jokatu behar badugu, horrela egingo dugu".