Euskararekin eta euskaraz jolas egiteko, Xapokeitan jolasa sortu zuten urte honen hasieran Azpeitiko Udalak eta Uztarria Gukak elkarlanean. Galdera-erantzunen jolasa da Xapoiketan, eta galderek Azpeitiarekin eta Euskal Herriarekin dute zerikusia. Martxoan egin zuten jokoaren lehen ekinaldia, helduen bertsioa, Egunean Behin lehiaketaren formatuaren antzekoarekin (hemen, helduen finala). Horren ondotik jaio da haurren bertsioa, Mihiluze telebista saioaren antzeko formatuarekin.
Atzo jokatu zuten haurren Xapokeitan Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, Ignacio Arakistainek eta Mireia Galarzak gidatuta. Saioa bideoz grabatu zuen Urolako Komunikazio Taldeak, eta, beraz, herritarrek lehiaketa ikusteko aukera izango dute datozen egunetan Erlo telebistan nahiz Uztarriaren webgunean. Ostiralean, abenduaren 22an, 21:00etan; eta zapatuan, abenduaren 23an, 16:00etan emango dute atzo Sanagustinen grabatutako saioa Erlo Telebistan. Uztarria.eus-en, berriz, zapatutik aurrera izango da ikusgai.
Azpeitiko LH6 mailako ikasleek parte hartu dute Xapokeitan lehiaketan. Herriko ikastetxe bakoitzetik hiru lagun lehiatu dira, elkarren artean nahastuta eta guztira hiru hirukote osatuta. Lehiakideen adinaren mailan, herriaren inguruko ezagutza lortzea izan da saioaren helburua, lagun giroa eta jolasa uztartuta; hau da, lehiakortasun sanoa bultzatuta.
Lehiaketan parte hartu zuten gaztetxoek hainbat arlori lotutako galderak erantzun behar izan zituzten: kultura, historia, festak, kirola, artea, zientziak... Gai horiei lotuta, era askotako probak egin behar izan zituzten: bertsolaritzari lotutakoak, hitzik gabe egin beharrekoak...
Lehen bost probetan puntu gehien batu zituzten bi hirukoteak finalera igaro ziren, eta ondoren, elkarren kontra aritu ziren buruz burukoan: erantzun posiblerik gabeko galderak erantzun behar izan zituzten, eta bost galdera asmatu zituen hirukotea izan zen irabazlea.
Parte hartu zuen hirukote bakoitzak euskarazko jolas sorta bana irabazi zuen, eta txapeldunek xapo bana eskuratu zuten.