Haurrei eta gaztetxoei eskuko telefonoak emateko adina atzeratzearen aldeko joera hedatzen ari den honetan, Azpeitian ere bide horretatik dihoan kanpaina berria aurkeztu dute Aurrez Aurre taldeak, udalak eta Bertan merkatarien elkarteak.
Beste herri batzuetan egin duten bezala, kanpaina horrekin udal eraikinetako zein herriko hainbat denda eta tabernatako telefonoak gaztetxoen eskura jarriko dituzte, "beharra dutenean" erabil ditzaten eta "mugikorra erabiltzeko edo gainean eramateko premiarik izan ez dezaten". Kanpainarekin bat egin duten eraikinetako eta saltokietako erakusleihoetan hasi dira egitasmoaren ikur diren laranja koloreko eranskailuak jartzen; pegatina oraindik jaso ez dutenek, edo egitasmoarekin bat egin nahi eta oraindik izena eman ez duten dendek eta tabernek, Bertanen bulegoan eska ditzakete eranskailuak (943-02 56 73 da merkatarien elkarteko telefonoa). "Sartu eta telefonoa eskatu, besterik ez dute egin behar gaztetxoek" eranskailua ikusten duten tokietan, udalak azaldu duenez.
Talde berria
Aurrez Aurre talde berriaren lehen egitasmoetako bat da kanpaina. Gurasoen artean sortutako kezka batetik abiatuta sortu dute taldea, eta "gizarte aske eta osasuntsu baten alde" elkarlanean ari dira gaur egun herriko ikastetxe guztietako gurasoak eta udala. "Mugikorrak, pantailak eta sare sozialak, oro har, oso txertatuta daude gure egunerokotasunean, eta oso baliagarriak zaizkigun arren, erabilera desegoki batek oso eragin kaltegarriak ekar ditzake. Teknologia berriak azkar ari dira garatzen, helduon garuna baino azkarrago, eta, zer esanik ez, gure haur eta nerabeen garuna baino azkarrago”, diote taldeko kideek.
"Bi helburu nagusi" ditu Aurrez Aurre taldeak: "Seme-alabek mugikor propioa eskuratzeko adina ahalik eta gehien atzeratzea, eta mugikor eta teknologia berrien erabilera egokia bideratzea".
Eraikin eta toki publikoetako telefonoak gaztetxoen eskura jartzeko kanpainaz gain, talde berriak badu beste egitasmo bat martxan. Herriko ikastetxeetako LH1etik LH6ra bitarteko ikasle guztiei eskatu zieten Aurrez Aurre taldearen logoa aukeratzeko marrazki bat egitea, eta urtarrilaren 4an, Gabonetako ekintzen barruan, aurkeztuko dute taldearen logoa Azoka Plazan, 19:00etan. 723 ikaslek egin dituzte logo aukeraketarako marrazkiak, eta horien guztien artean sariak zozkatuko dituzte. Urtarrilaren 4ko ekitaldian banatuko dituzte sariak, eta aurkeztutako marrazki guztiekin urtarrilaren 7ra arte ikusgai egongo den erakusketa ere jarriko dute Azoka Plazan bertan.