Biele. Julian Lazkanoren (Azpeitia, 1946) eta Tomas Letamendiaren (Azpeitia, 1945) abizenen lehen bi L hizkiei erreferentzia egiten die 1973an elkarrekin sortu zuten enpresaren izenak. Landetako baserrietan eta hamar senideko familietan jaioak dira biak: Lazkano, Antzibarrenan, eta senideetatik gazteena da; Letamendia, Arretxen, eta zortzigarrena da senideetan.
Landetan baserriak, soroak eta artasoroak nagusi ziren garaietatik ezagutzen dute elkar, umetatik. "Orain dela 65 urte kalean zeuden negozio ia guztiak. Dena soroa zen Landeta. Urrestillatik hasi eta Azkoitiraino izugarrizko bailara ederra zen", gogora ekarri du Lazkanok.
Enparan kalean, Juan XXIII.a auzoan eta Damaso Azkue auzoan kokatzen ziren tailer gehienak Lazkano eta Letamendia mutil koskorrak ziren garaian. "Damaso lantegia zegoen egungo Damaso Azkue auzoan; Genaro, egun Eroski dagoen lekuan, baina aurretik kalean izan zuen tailerra; Sprint ere Enparan kalean zegoen; eta kalearen barrenean, Sarralle. Garai hartan, Enparan kalea oso industriala zen. Kaletik aldenduta zegoena Azcue y Compañia zen, Loiolako hiribidean".
Denboraren poderioz, tailer txikiak handitzen eta Landetara lekualdatzen joan ziren, pixkanaka; enpresa berriak sortzen ere hasi ziren. "Azpeitiko altzari fabrika txikiak elkartu egin ziren –Enparan kalean dezente zeuden–, eta Olatz kooperatiba osatu zuten. Landetan Potxuneko lurrak erosi zituzten, eta han jarri zuten lantegia", kontatu du Letamendiak. Altzariaren beste kooperatiba handi bat ere egin zuten Landetan, Obrera del Mueble, egun Lan Mobel dena.
1960tik 1970era, egurraren eta altzarien sektoreak "izugarrizko booma" izan zuen Azpeitian. "Tren geltokiaren aurrean Ignacio Lasa zegoen; atzealdean, ibai aldera, Imaz altzari fabrika –Muno esaten zioten–, gero Muebles Loiola kooperatiba izango zena. Enpresa piloa sortu zen, biderkatzen joan ziren", azaldu du Lazkanok. Eta zerrenda erantsi dio Letamendiak: "Damaso Azcue, Aguirre Hermanos, Muebles Olatz, Muebles Urbieta, Muebles Loiola, Euskalduna, Gureak, Fidel eta Fernando Olaizolak tailer bana zuten, Danona, Gambil, Lasa, Olazaldi, Xalio, Muebles Arregi, Laguntzaile, Gurola kooperatiba, Genaro... Baziren tailer txikiagoak ere: Xumeta azpian bazegoen bat, Larrañagak moldurak egiten zituen, Loielux, Pogu, Olara, Saldias, Manolo Angulo... Guztiek altzariak eta altzarien osagarriak egiten zituzten".
Lan gehiena eskuz egiten zuten altzari lantegietan, baina tailerrak handitzen joan bezala, makinak behar zituzten, eta makina hobeak, gainera.
Lazkano 14 urterekin hasi zen Zubiolan lanean eta, aldi berean, marrazketa linealeko eta matematikako eskoletara joaten zen Maristetara. Zubiolan zura lantzeko makinen muntatzaile ikastun hasi zen, eta urte batzuk geroago, bezeroen instalazioetan jarritako makinen muntaketa eta mantentze lanen ardura izan zuen. Letamendia, berriz, 15 urterekin hasi zen lanean Sprint enpresan, mekanikan eta makinen muntaketan. Lazkano bezala, lanean ez ezik ikasten ere aritu zen Letamendia gau eskoletan; eta 1968an, Letamendia ere Zubiolan hasi zen lanean, zura lantzeko makinen muntatzaile ikastun. Han egin zuten elkarrekin topo biek.
Beren kasa hasteko pausoa
Ohol edota taula aglomeratuarekin hasi ziren lanean altzari lantegietan, eta lanerako modua aldatu zuen horrek. "Lan egiteko beste sistema bat eskatzen zuen aglomeratuak, eta makinak behar ziren taula aglomeratuei ertzak egiteko, gainean txapa jartzeko... Lantegiak handitzen ari ziren, makinaria gehitzen ari zen, baina tailerretan ez zituzten mekanikari asko matxuratutako makinak konpontzeko eta. Irurak izeneko tailer bat bazen makinen konponketetan-eta ibiltzen zena, baina zerrak eta berniza sikatzeko makinak egiten hasi zen, eta konponketena pixka bat utzi egin zuen". Lazkano eta Letamendia, berriz, "zerbaitekin hasteko gogoz" zeuden, eta beraien kontura hasi ziren makinak konpontzen. "Erreminta kaxa eta Vespa moto banarekin hasi ginen; haiek ere ez genituen gureak, anaienak ziren", gogora ekarri dute, barrez. Bieleren lehen urratsak izan ziren haiek. Ondarre baserriaren atzealdeko lokalean hasi ziren; 1973ko martxoaren 5a zen.
Nondik deitu, hara joaten ziren makinak konpontzera edota mantenuaz arduratzera. Lanean eskarmentua Zubiolan hartu zuten, eta horretan "abantaila" zuten. "Ez genion ezeri uko egiten, makina batek errodamendua puskatuta zuela, besteak ardatza gaizki... Han ibiltzen ginen bueltaka batetik bestera, gure tailerrera eraman, konpondu, bezeroari itzuli... Bezeroren batek eskatzen bazigun altzari zehatz bat egiteko makina txiki bat, zulagailua zela, zerra zela... guk aurrera, baietz esan eta segi". Sortzen zitzaizkien lanei eta eskatzen zizkietenei aurre egiteko, ordea, tornurako eta fresatzailerako langileak nahiz makinistak behar zituzten, eta langileak hartzen hasi ziren. "Hainbestekoa zen eskaria, eta guk denari baietz... Bezeroek zer nahi, horretara moldatzen genuen makina, eta era askotako makina txikiak egin genituen".
Makina txikiak sortzen
Lana egiteko modua aldatzen ari zen, eta gero eta azkarrago egiten zen lana. Beraz, lana errazteko makinak behar zituzten enpresetan. Bielekoak lantegia sortu eta aurreneko urtetik hasi ziren makinen azoketara joaten Alemaniara, Italiara eta beste hainbat tokitara. Bidaia haiek oso baliagarriak izan zitzaizkien joerak ezagutzeko, ikasteko eta ideia berriekin etxera itzultzeko. "Makinek piezak azkar botatzen zituzten, eta piezak makinetatik irtendakoan langileei lana errazteko makinak ekoizten hasi ginen. Makina baten irteeran piezak pilatzeko makina txiki-txiki bat egin genuen. Ahal zen bezala sortu genuen makina hura, delineatzaileak zati bat eginda eta beste zatia guk. Martxan jarri eta inguruko enpresei erakusten hasi ginen; Muebles Urbietakoak halako bi makina eskatu zizkigun, Fernando Olaizolak ere beste bi...". Lazkanok honela dio: "Dena ez da buruan sortzen, inguruan eta kanpoan zer joera dauden ikusi behar da, eta gero, egin". "Egin, bai, eta hobetuta!", gehitu du Letamendiak.
Makinak egitea, gaurko aldean, lan nekeza zen orduan. "Alemaniako azoketan-eta izugarrizko motor onak ikusten genituen, baina haiek ekartzeko izugarrizko zergak ordaindu behar ziren. Beraz, ezin genituenez ekarri, geuk egiten genituen. Programatzailerik ere ez zegoen, eta kablez betetako makinak izaten ziren. Zaila zen makina bat egitea, baina pixkanaka aurrera egiten genuen, eta gainera, bezero bakoitzaren beharretara moldatzen genituen. Egungo exijentziarik ere ez zegoen".
Negozioen munduan, ordea, zerraren hortzak nola, "batzuetan goraldiak eta besteetan beheraldiak" izaten direla adierazi du Letamendiak. 1982ko krisiak eraginda, enpresa berregituratu behar izan zuten. "Aurreneko bederatzi urteak ondo joan zitzaizkigun, eta lanerako jende asko hartu genuen. Baina aurretik izandako boomaren ondorioz goia jotakoak, behea ere halaxe jo zuen, eta 1982an izugarrizko danbatekoa hartu genuen. Ordurako, Espainiako Estatu osoan saltzen genituen makinak eta azoketara ere joaten ginen gure makinak erakutsi eta saltzera. Bankuekin negoziatzen genuen, makinak geuk finantzatzen genituen eta hiru urtean ordaintzeko aukera ematen genien erosleei, baina krisiagatik enpresak ixten hasi ziren, letrak bueltan ailegatzen hasi zitzaizkigun, eta...".
1982ko krisiari aurre egiteko, sozietate berria sortu behar izan zuten Bielen, hamar lagunez osatua. "Sozietate berrian oso-oso jende ona zegoen; horien babesean indartsu ekin genion berriro lanari, eta ordutik hobeto joan da, gu biok ez baikinen diru kontuetan oso jakitunak".
50 urte
50 urte bete ditu aurten Bielek, eta egun, 350 langile ditu. Bost hamarkada hauetan gorabeherak izan dituen arren, Lazkanok eta Letamendiak ereindako hazitik sortutako zuhaitzak sendo ditu adarrak egun. "Noski, beherakadak izan dira urteotan, erraz egiten baita behera: gerrak direla, beste edozer pasatu dela... 2008ko krisia ere izugarria izan zen, ia altzari lantegi guztiak hondoratu zituen". Egun, baina, Bielen ez dute zuraren sektorerako bakarrik ekoizten; besteak beste, eskaiolaren eta metalaren sektoreetarako ere lan egiten dute. "Biele ingeniaritza enpresa bat da egun, eta langileen erdiak baino gehiago ingeniariak dira. Diseinua egiten dugu batik bat, planoak inguruko enpresetara banatzen ditugu, eta makina horiek muntatzen ditugu gero. Enpresetarako lerro osoak diseinatzen eta muntatzen ditugu Bielen". Gaur egun, ekoizten dutenaren %95 nazioartean saltzen dute.
2007an hartu zuten Lazkanok eta Letamendiak erretiroa, baina sarri joan ohi dira lantegira. Gustura daude beraiek "soldata on bat lortzeko asmoz" hasitako bideak izan duen jarraipenarekin. "Oso eskertuta gaude jende oso ona izan dugulako ondoan. 50. urtemugaren ospakizun festara ere langile asko joan ziren beraien familiekin, eta askok eman zizkiguten eskerrak. Asko hunkitu ginen biok".
Ondarre azpitik Urrestillako lantegira lekualdatutako enpresak toki berean jarraitzen du oraindik ere. Enpresa herriz aldatzeko eskaintzak izan dituzte, baina ez dute egoitza Azpeititik kanpora eramaterik nahi izan: "Beti izan gara herri maiteak, baita enpresako bazkide guztiak ere. Eskaini izan dizkigute tailerra handitzeko lurrak beste toki batzuetan, baina guk beti esan dugu, ahal baldin bada behintzat, ez garela Azpeititik mugituko".
50. urtemugan, enpresako kideen eta langileen eskerrak jaso dituzte biek, eta azaroren 21ean, beren enpresa ibilbideagatik Joxe Mari Korta saria jaso zuten Bieleren sortzaileek, Adegi Gipuzkoako enpresarien elkarteak proposatuta. "Ezustean" jaso dute aitortza, baina "oso eskertuta eta hunkituta" daudela aitortu dute.
Landeta dute sorlekua biek, eta ia pareko ibilbidea egin dute. Oso ondo konpondu izan dira beti, baina biak "erabat desberdinak" dira: "Hori ona da elkarren gabeziak konpontzeko".