Herriko sarbide zein irteera, pasealeku estimatua, Azpeitiaren azken hamarkadetako hazkunde urbanistikoaren lekuko eta gune esanguratsua. Loiolako Ignazio etorbidea, abenida, Loiolabide... 1910eko hamarkadan hartu zuen Gipuzkoako Aldundiak Azpeitiko herrigunea eta Loiolako Santutegia lotzen dituen hiribidea eraikitzeko erabakia, Loiolako santuaren jaiotetxea eta hura bataiatu zuten Azpeitiko parrokia lotuko zituen "bide zuzena" ezarrita uzteko, zein sasoi hartan gero eta ugariagoak eta jendetsuagoak ziren fededunen erromesaldiei tokia egiteko; gainera, Urolako Trena martxan jartzear zen, eta garraiobide berriaren eraginez erromes kopurua asko haziko zela aurreikusi zuten garaiko agintariek.
Diputazioaren erabakia ekarri zuen eskaeraren atzean hainbat gizon egon ziren, baina guztien artean baten itzala nabarmentzen zen: Tirso Olazabal Lardizabal, Arbelaizko kondea. Politikari karlista ezaguna, eta beste askoren artean Azpeitian ere jabetzak zituen gizona, Arbelaizko kondearen ekimena ezinbestekoa izan zen Loiolako etorbidearen proiektua bultzatzeko. Olazabalen ekimen hori goratzen du etorbidean bertan, Olatzerako bidegurutzearen ondoan, dagoen plakak; 1943an jarri zuen han Gipuzkoako Diputazioak. 1918an argitaratutako Geografìa de Guipúzcoa lanean, Serapio Mujikak dio Loiolako Ignazio etorbidea 1921ean inauguratu nahi zutela, Loiolako Iñigo Iruñean zauritu zuteneko mendeurrenaren ospakizunetarako. Baina helburu hori, lanak ordurako guztiz bukatzea, behintzat, ez zuten lortu. Oso bestera, lanak ez atzera eta ez aurrera ere gelditu ziren 1921ean, Arbelaizko kondea hil zenean, 1923ko iraileko Argia aldizkariko artikulu batean irakur daitekeenez.
Hain zuzen ere, aurten ehun urte bete dira "Loiolako etorbide bikaina eraikitzeko lanekin jarraitzeko eta horiek ordaintzeko baliabideak" lortzeko errifa ikusgarria egin zutenetik. Azpeitiko Udalak, Casto Orbegozo alkatea buru zuela, jarri zuen martxan errifa hori 1923an; urte hartako abuztuaren 1eko data dauka errifaren berri emanez eta alkateak sinatuta argitaratu zuten iragarkiak. Etorbidearen lanak ez ziren nolanahikoak, eta errifaren sariak ere ez: hiru sortatan banatuta, hiru automobil "bikain" eta Schwytz arrazako hemezortzi behi "eder", "zuzenean Suitzatik inportatutakoak", zozkatu zituzten, alkateak sinatutako iragarkian irakurtzen denez. Autoak De Dion Bouton etxekoak ziren, XX. mende hasierako auto egile nagusiarenak, alegia; hiru auto, hiru, ia inork autorik ez zuen garaian eta inguruan. Errifarako 39.000 txartel jarri zituen salgai udalak; txartel bakoitzak 15 pezeta balio zituen, baina hiru ataletan banatuta saltzen zituzten, hala nahi zutenek txartel osoa erosi beharrean bosna pezetako atalak eskuratu ahal izateko. Espainiako loteriaren urte hartako azaroaren 2ko zozketan saritutako zenbakiekin bat zetozen errifako txartelak izan ziren sarituak. Hiru autoak Nafarroara joan ziren, Zangotzara bi eta Arripodasera bestea; behiak irabazi zituztenek, berriz, diputazioari saldu zizkioten abelburuak.
"Beste mundu bat"
Javier Zudaire da errifa bitxi eta aberats horren arrastoa atera duen gizona. Loiolako Santutegian bizi da 82 urteko jesuita iruindarra, eta "garai batean ez bezala", liburu eta artxibo artean maiseatzea bihurtu zaio zaletasun urteen poderioz. Zaletasun hori jorratzeko toki aproposa aurkitu du Loiolako jesuiten liburutegian, eta han, etorbidearen historiaz gehiago jakin nahian agiri zaharrak arakatzen ari zela, halabeharrez, egin zuen topo 1923ko errifa bitxia iragartzen zuen idatziarekin.
"Hain jatorra iruditu zitzaidan... Guretzat, beste mundu bat", dio Zudairek udalaren iragarkiaz. Ikusmina piztu zion errifaren kontuak jesuita nafarrari, are gehiago aurten egitasmo haren lehen mendeurrena betetzen zela kontuan hartuta. Gaiaz gehiago jakin nahian, liburutegian agiriak arakatzen jarraitu eta jesulagunen komunitateko kideei galdezka hasi zen, baina inork ez zion aurrerabiderik eman. "Inork ez zekien ezer".
Zudairek ez zuen etsi, eta errifaren gaineko informazio eta agiri gehiago aurkitzen joan zen: goian aipatutako lanen kronologiaren zertzelada solteak, Arbelaizko kondearen eta Casto Orbegozoren biografiaren datuak, zozkatu zituzten autoen eta behien argazkiak, eta sariak nori egokitu zitzaizkien jakinaraziz garaiko prentsan argitaratutako albisteak... Zudairek horretan jardun du amaitzear den urte honetan. Horiekin eta beste hainbat dokumenturekin txostena osatu eta txukun-txukun gordea du iruindarrak.
Penatxoa ere badu, halako urteurren batek oihartzun gehiago merezi zuelakoan baitago. Etorbidearenak eta errifarenak bukatuta, "liburutegiko sagu" lanean jarraituko du Loiolan jesuita nafarrak, altxor zahar berrien bila.