Urrestillako bere dantzarako txokoan sartu, musika aparailua eta bozgorailua martxan jarri, eta aurpegia aldatzen zaio Angel Mari Oiarzabali. Irribarrea ezkutatu ezinik, gerria alde batera eta bestera mugituz, sinesteko hitzez esan beharrik ez dagoena ahoskatu du: "Dantza nire bizitza da". Areto dantzen irakaslea da Oiarzabal, eta dantzak harengan zer eragiten duen ikusita, zaila egiten da hura beste zerbaitetan imajinatzea. Baina gauzak nola izaten diren: 47 urte zituen arte ez zen dantza irakasten hasi. "Tailerrean lan egin izan dut beti, eta sekula ez nukeen pentsatuko dantza irakasle izango nintzenik!", adierazi du.
Bizitzak, baina, aurrez pentsatu gabeko bidetik gidatu ohi du sarritan norbera, eta halaxe eraman du Oiarzabal ere patuak gaur egungo tokira. Ez da izan txikitatik dantzan aritu izan den horietakoa, baina "dantzazalea" beti izan dela dio: "Beti izan naiz chico de discoteca esaten dena. Inoiz ez naiz izan tabernako mostradorean jarri eta tragoa hartuz hantxe egotekoa, beti aritu izan naiz dantzan. Uste dut familiatik datorkigula dantzarako joera hori", esan du. Hala, egun batean lagun batzuek aipatu zioten Jose Mari Orbegozo dantza irakasten hasi zela, eta animatu egin zen probatzera, 30 urte pasatxo zituela. "Ordutik, hemeretzi-hogei urte eman nituen Jose Marirekin dantza ikasten, eta denera, zenbat klase galduko nituen? Hamar? Nonbaitera egun-pasa joanez gero ere, itzuli egin behar izaten nuen dantza eskolarako. Obsesio puntua ere izan dut horrekin".
Halaxe, fabrikako lana ogibide eta dantza pasio; horiexek izan dira urte luzez Oiarzabalen bizimoduaren ardatz nagusiak. Azcue y Compañian lan egin zuen urteetan urrestildarrak, baina 2008ko krisiaren ondorioz, lantegiaren egoerak okerrera egin zuen, eta 2013ko otsailean lanik gabe gelditu zen. Orduantxe komeriak; 47 urte zituela, bizimodua birplanteatu beharra egokitu zitzaion Oiarzabali. "Emazteak zera esan zidan: 'Dantza hainbeste gustatzen zaizunez, zergatik ez zara lokaltxo batean eskolak ematen hasten? Hamabi lagun apuntatzen bazaizkizu, hamabi, eta hogei lagun apuntatzen badira, hogei'". Hari kasu egin eta probatzea erabaki zuen, baita sekulako sorpresa hartu ere: "60 lagun apuntatu ziren". Halaxe, hasierako "lokaltxo" hura handiago batekin ordezkatu, eta ustekabean hasitako bideari eusten dio oraindik ere Oiarzabalek.
Gaur egun, Urrestillan, Zumaian, Arroabean eta Arroagoian ematen ditu dantza eskolak urrestildarrak. Denera, hamabost ordu egiten ditu astero dantza irakasten, eta horrez gain, denbora pasatu ohi du pausoak ikasten, abesti berriak entzuten... Era berean, Sanagustin Dantzaleku saioak direnetan ere, han izan ohi da, bera izan zelako egitasmo horren bultzatzaileetako bat. "Huraxe dut huts egiten ez dudan hitzorduetako bat, baina ez naiz asteburua iritsi eta dantza egiteko aukera non egongo hara joaten naizen horietakoa", esan du, barrea ezkutatu ezinik, "bestela maleta ate aurrean" utziko lioketela aipatuta. Dena den, orain gutxi "bizi osoko ilusio" bat bete du. Bachataren kasuan, asko miresten dituen Ataca y La Alemanak kongresu bat egin dute Bartzelonan, eta han izan zen. "Primeran pasatu genuen", dio.
Zoratzeko moduko dantzak
Hainbeste dantza modalitateren artean areto dantzak zergatik gustatzen zaizkion galdetuta, "oso politak" direla eta "zoratu" egiten dutela nabarmendu du Oiarzabalek. "Erritmo aldetik ederrak dira... Gainera, Euskal Herrian debekatuta egon diren gorputz atal batzuk mugitzen dira". Ezkontza baterako aurreskua dantzatzen ere ikasi zuen, baina euskal dantzak baino gehiago gustatu izan zaizkio beti areto dantzak.
Dantzarik gabeko bizimodurik imajinatzen al duen galdetuta, bere beldurrik handienetako bat mahai gainean jarri du Oiarzabalek: "Beti pentsatu izan dut: 'Dantza egiteko gai ez naizenean, zer?'. Ez nuke aguantatuko dantzarik egin gabe, nire umorea ederki aldatuko litzateke. Petral-petral eginda biziko nintzateke; hori garbi daukat". Dena den, dantzarekiko lotura hori hainbesterainokoa izatea "ona ez" dela iruditzen zaio. "Ez dakit obsesio puntu hori ere ona den. Egia esan, beldurra ematen dit dantzatzeko gai izango ez naizen egunak", aitortu du.
Beldurrak plazaratzen hasita, gauza guztiek bezala, dantzak eman bakarrik ez, kendu ere egiten diola aitortu du. "Duela urte batzuk, izan nuen beherakada handi samar bat, eta medikuek zera esaten zidaten: 'Dantzak asko ematen dizu, baina xurgatu ere egiten du'". Hala, "oreka" bilatzen ikasi behar izan duela dio, ematen dion horri heldu eta kentzen diona hainbesterainokoa izan ez dadin.
Ematen duenaz hitz egiten hasita, baina, irribarrea datorkio berriro aurpegira: "Dantzak asko laguntzen du burua irekitzen. Jende ezberdin asko ezagutzeko aukera ematen du, eta tratuan ikasi egiten duzu. Izan ere, denok hain ezberdinak izanagatik, gauza bat dugu komunean: dantzarako zaletasuna. Jende pila bat ezagutu dut dantzari esker, eta hori ederra da, aberasgarria".
Gauzak pixkanaka aldatzen ari badira ere, dantzaren mundua beti lotu izan da gehiago emakumeekin gizonekin baino, eta gaur egun ere, oraindik gutxiago dira Oiarzabalen eskolak jasotzen dituzten gizonak. "Neskak izango dira %70 edo", dio. Emakumeak askoz errazago animatzen direla esan du, baina animatzen diren gizonei normalean "ikaragarri" gustatzen zaiela eta "katigatu" egiten direla azpimarratu du. Hala eta guztiz ere, joera horren zamarik sekula ez duela sumatu azaldu du Oiarzabalek. "Nik ez dut gizona eta dantzaria izateagatik sufritu izan. Ez diot sekula gai horri bueltarik eman. Badakit zenbait gizonek zama hori izan dutela, eta neuk ere esan izan diet hainbati: 'Gustatu egiten al zaik? Bada, segi'".
Sormenerako joera
Dantzarako ez ezik, sormenerako joera ere badu urrestildarrak, eta duela denbora bat afizio berri bat deskubritu du: margotzen aritzen da denbora librean. Arkatzarekin margotzen du, eta autodidakta da arlo horretan; bere kabuz ikasi du. Errealismoaren bidea lantzea atsegin du: "Margolan abstraktoak-eta ez ditut egiten; paisaiak, pertsonak... margotzea gustatzen zait". Gauez lo gutxi egiten duela eta "zeharo goiztiarra" dela nabarmendu du, eta dantza eskolak arratsaldez ematen dituenez, goizetan orduak igaro ohi ditu margotzen. Inguruko jendearen aurpegiak margotzea, adibidez, izugarri gustatzen zaio, eta horren adierazle da Urrestillako haur gehienek badutela beren argazki bat oinarri hartuta Oiarzabalek egindako koadroa.
Eta margotu bakarrik ez: kantatzea ere izugarri gustatzen zaio Oiarzabali. Urteak eman zituen Urrestillako abesbatzan kantatzen, eta gaur egun ere, ondo gogoan ditu orduan ikasitako mezak. "Esango nuke oraindik ere gai naizela latinez sei bat meza ezberdin kantatzeko". Abesbatzan ez ezik, parranda sasoian ere abestu ohi zuen kantu bat: "Tabernak itxi aurretik, Benito Lertxundiren Baldorba kantatzeko ohitura zen orduan, eta pila bat gustatzen zitzaidan hori kantatzea". Abesbatzak eta parrandak utzi zituen Oiarzabalek, baina oraindik ere tarteka abestu ohi du Baldorba jendaurrean. Azkenekoz noiz abestu zuen, ordea, ez du ondo gogoan: "Urrestillan kantatuko nuen seguruenik azkena mikrofonoarekin, edo Aratzerrekako sanisidroetan bestela. Beti esaten didate kantu hori abesteko; ederra da abestia, asko gustatzen zait".
Benitoren doinuetara, arkatza eskuan eta gerria mugimenduan, horixe da Oiarzabalen egunen joan-etorri perfektua, espero zuen bidetik aldendua, baina zoriontsu egiten duen bizimodua.