Egunerokoan naturarekin harreman zuzena behar izaten du, eta baserrian bizitzeak lasaitasuna ematen dio Amaia Odriozolari (Azpeitia, 1984). Izarraizpeko Urbigain baserrikoa da jaiotzez, eta orain dela urtebete ingurutik Urrestilla eta Aratzerreka artean dagoen Oñederra baserrian bizi da, "aitaren jaiotetxean". Hernaniko (Gipuzkoa) Karabeleko ekonekazaritza etxaldean egiten du lan hura sortu zutenetik, "kaletik bertan dagoen etxalde bat da". Barazkiak ekoizten dituzte han, eta gainera, Enplegurako Zentro Berezia ere bada.
Karabeleko ekonekazaritza etxaldean egiten duzu lana. Zer da Karabeleko?
Nekazaritza ekologikoko etxalde bat da, eta oinarri nagusia du buru osasun arazoa duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea bultzatzea. Azkenean, lehen sektoreko lan hori erabiltzen dugu erreminta gisa, beraien sufrimendua arintzeko. Baratzeak eta hazitegiak ditugu, kontsumo taldea dugu, eta baita denda bat ere etxaldean bertan. Horrez gainera, jatetxeetara eta beste denda batzuetara ere saltzen ditugu produktuak. Lehen, zentro okupazionala zen; 2020tik, berriz, Enplegu Zentro Berezia da. Pauso garrantzitsua izan zen enplegu zentro izaera lortzea, baina hori mantentzeko lan handia egin behar da. Gure asmoa, terapiaren bidez, jendearen ongizatea eta bizi kalitatea hobetzea da, eta ahal den neurrian, lan munduratzeko aukera dutenei horretan laguntzea.
Agifes, Blasenea eta Kimu Baten artean sortu zuten Karabeleko, ezta?
Hasierako fundatzaileak hiru eragile horiek dira, bai. Hasieran, esperimentazioa asko lantzen genuen. Beti izan dugu jakin-mina landareen inguruan, barietate asko landatu izan ditugu, eta beti saiatu izan gara bertako barietateak sustatzen. Lehen urteetan, arlo hori oso gustukoa genuen, eta lan asko egiten genuen horretan. Orain, berriz, esperimentazioaren arloaren eta arlo sozialaren artean oreka bilatu nahian gabiltza. Urtean ekoizten dugunaren %80 komertziorako barietateak dira, eta beste %20 bertako barietateak, antzinakoak, bereziak edota beste klima batzuetakoak. Azkenengo urteetan enplegu zentroaren kontuak denbora gehiago hartu digu, eta ekoizpena mantenduz, arlo sozialera energia gehiago bideratzen ari gara.
Nolatan hasi zinen Karabelekon lanean?
Sorreratik ari naiz Karabelekon lanean. Garai batean Kimu Baten egiten nuen lana, eta gero ama hil zitzaigunean, lan hura utzi eta Zestoako Estankoan hasi nintzen lanean. Behin, Kimu Bateko Mitxelekin [Igarataundi] hitz egiten ari nintzela, proiektu berri bat abiatu behar zutela kontatu zidan hunkituta, eta Karabelekoren egitasmoa azaldu zidan. Nik esan nion proiektu hartan lan egiten ikusten nintzela, eta lanerako bateren bat behar izanez gero deitzeko. Handik pixka batera deitu zidan Karabelekon lanean hasteko, eta dena utzi eta hara joan nintzen lanera. Karabelekon lanean jarduteko baratzeaz jakin behar da, baina besteekiko enpatia eta pazientzia latza eduki behar dira. Inprobisatzeko gaitasuna eta prestutasuna ere eduki behar dira, aldez aurretik ez delako jakiten egun bateko lana nolakoa izango den; ez da jakiten zenbat etorriko diren lanera, nola etorriko diren, zenbateko gogoa ekarriko duten...
Zuengana lanera doazenak nondik nora bideratzen dituzte horra?
Buru osasuneko zentroetatik bideratuta etortzen dira lanera; egun azpeitiarrak ere badaude gurekin lanean. Osakidetzak sail bat du, eta bakoitzaren profilaren arabera bideratzen dituzte gugana. Pertsona batzuk oso aktiboak dira, fisikoki oso ondo daudenak eta behar dutenak aire zabalean egotea. Autonomoak dira, baina behar dute beste begirada bat, beste zaintza bat. Lan munduratzeko zailtasun handiak dituzte, baina gizartean zailtasunak dituztenak gu gara, gu gara arazoa. Karabelekon denok berdinak gara, gutako bakoitzak ardura batzuk ditugu, bakoitzak bere abilidadeak ditugu, eta buruko osasun arazoak dituztenek badakite behar bat dutenean norengana jo dezaketen. Laguntza behar dutenean hori erraztea da gure egitekoa. Baratzean edota hazitegian lanean jarduteak beste era batera gerturatzeko aukera eskaintzen du sufrimendu handia duten pertsona horiengana. Hezitzaileak eta psikologoak ere badaude Karabelekon lanean.
Nola uztartzen dituzue baratzezaintzako lanak eta enplegu zentrokoak?
Nik uste dut inportanteena lanerako dugun giro ona dela, magia hori. Bestalde, herritik bertan dagoen etxaldea izan arren, aire zabalean eta naturarekin harremanetan egiten dugu lan. Lan fisikoa da egiten duguna, baina era askotako jarduerak egiten ditugu, lana ez da batere monotonoa. Gurekin lanera datozen batzuek ez dute egon nahi lau hormaren artean, nahiago dute euria goian-behean ari denean ere txamarra jantzita ibiltzea. Haiek egiten dutena egiten dutela, dena ongietorria izaten da, eta kito! Haientzako egunerokoan ohetik jaikitzeko arrazoi bat edukitzea eta jakitea nonbait haiek joan zain daudela garrantzitsua da. Karabelekon badira norbait, bakoitzak du bere lekua eta bere ardura, hori txikia bada ere. Une batzuetan aske direla ikusten dut, beraiek diren bezalakoak izateko espazio bat dutelako. Pertsona batzuek izugarri egiten dute onera, garapen hori ikusi egiten da, eta batzuetan beraiek adierazten edota esaten dute. Gurekin lanean ari diren batzuk 18 urte zituztenetik egoitza batean bizi izan dira, eta harremantzeko, sozializatzeko edota ardura bat hartzeko zailtasunak dituzte, bizi duten sufrimendu horrek eraginda. Beraz, haiek egunero Karabelekora etortzeko egiten duten ahalegina ikaragarria da.
Gipuzkoan bakarrak al zarete lehen sektorea eta arlo soziala uztartuz lan egiten duzuenak?>
Gipuzkoan badaude beste baratze okupazional batzuk ere, Caritasek Altzan [Donostia] dituenak adibidez, baina ez dute funtzionatzen gure erara. Nire ustez Karabelekon dugun egitasmoa beste toki batzuetan kopiatzeko moduko eredua da, han eta hemen jarri beharko lirateke martxan, funtzionatu egiten duelako.
Baserrikoa izanda eta Kimu Baten lanean jardunda, baratzeko lana ez zenuen ezezaguna izango Karabelekon lanean hasi zinenean. Buruko gaixotasuna dutenekin lan egitea, ordea, berria izango zen zuretzako. Zer ikasi duzu lan horretan?
Hamar urte dira Karabeleko sortu zela, eta oraindik egunero ikasten dut zerbait lanean. Batik bat hara lanera doazenek beraien artean duten sentsibilitateaz ikasi dut. Bizi duten sufrimenduarekin ere, bizimodu duina eta osasungarria izan dezaketela ikusi eta ikasi dut. Goizero ohetik jaiki eta Karabelekora joateko duten kemena ikaragarria iruditzen zait, izugarrizko indarra dute. Ikasi dudan beste kontu bat da nola entzun. Gu askotan ulertzen saiatzen gara, beti ulertu egin nahi dugu, baina ulertu behar horretan ez dugu entzuten. Gauza batzuk ez daude ulertzerik; esaterako, pertsona baten barreneko mundu hori agian ez duzu inoiz ulertuko, eta pertsona horrek bakarrik behar duena da beste batek bera entzutea. Alegia, ikasi dudana da ulermenetik baino presentziatik gehiago egon behar dela. Askotan, produktiboa ez bada ez digu balio, baina hori ez da horrela beti. Hori horrela izan ez dadin, denok egin beharra dugu ahalegina, inor kanpoan utzi gabe, bestela alferrik da.
Zenbat lagunek jarduten duzue Karabelekon?
Okupazionalean edota enplegu zentroan 30 bat pertsona dabiltza; horietako batzuk egunero joaten dira, eta beste batzuk ez. Gainontzean, hamalau-hamabost pertsona aritzen gara lanean. Ekonekazaritzan eta arlo sozialean ari gara lanean, eta gustatuko litzaidake jendea benetan konturatzea beren ekarpenaren garrantziaz, gauza asko lortzen eta babesten laguntzen dutelako. Guk baratzerako lurrak alokatuta ditugu, eta alde horretatik, kili-kolo gaude beti. Erriberan ditugu lurrak, eta askotan urak hartzen dizkigu. Aurrera egiten badugu, ekoizpen ekologikoa eta salmenta zuzena egiten ditugulako da.