Nolatan etorri zinen lehen aldiz Euskal Herrira?
2011ko maiatzean Mexikoko Etxetarren hasi nintzen lanean, Elgoibarko [Gipuzkoa] Etxetar enpresaren filialean. Ekainaren 1ean lehen aldiz Euskal Herrira etorri nintzen, Elgoibarko lantegira, bertan egiten diren mekanizazio zentroak martxan jarri ahal izateko entrenamendu bat egitera. Iritsi ginen egunean, Txapeldunen Ligako finala jokatzen zuten, eta gainera, Elgoibarko garagardo azoka ere pare-parean tokatu zitzaigun. Beraz, lehen egunean ezagutu nuen Euskal Herriko festa giroa.
Espero al zenuen hainbeste denboraz hemen gelditzea?
Nik Elgoibarren gauzatu beharreko lana zera zen: mekanizazio zentroen fabrikazioa garatzea, ondoren beste hainbat lekutan horiek martxan jartzeko. Horregatik, Euskal Herrian hilabete batzuk ematen nituen, eta ondoren, beste leku batzuetara mugitzen nintzen. Nire asmoa zen hiru eta bost urte artean enpresa horretan lan egitea, eta ondoren Mexikora itzultzea, lan egonkorrago batean aritzeko. Lehen aldiz etorri nintzenean, ez zitzaidan burutik pasatu ere egin hemen bizitzen gelditzea. Dena den, enpresan bost urte egin nituenean, erabaki zuten Euskal Herrian niri postu egonkorrago bat eskaintzea: lankide berriei entrenamenduak emateaz arduratzen nintzen. Hori horrela, Euskal Herrian bizitzaren parte handiagoa egiten hasi nintzen. Nire pasioetako bat dantza egitea da, eta dantzarako akademiak bilatzen hasi nintzen. Aurrena Elgoibarren hasi nintzen klaseak jasotzen, baina akademia berehala itxi zuten, eta orduan, Azpeitiko Dantzaki akademiaren berri izan nuen. Orduantxe aldatu ziren nire planak: munduko dantza irakaslerik politena, jatorrena eta karismatikoenarekin topo egin nuen, eta ordurako Mexikora bueltatzeko planak eginda banituen ere –lanpostu on bat aurkitua nuen Mexikon–, bihotzak buruari irabazi zion, eta erabaki nuen gaur egun nire emaztea eta nire alabaren ama dena konkistatzen saiatzea. Horregatik da gaur egun nire bizitokia Azpeitia.
Gustuko al duzu?
Oso gustuko: polita da herria, naturaz inguratuta dago, tabernak daude, jende ona, eta batez ere, bertako segurtasuna da gustatzen zaidana. Euskal Herriaz gutxien gustatzen zaidana, berriz, klima da: urtean hainbeste euri egun izatea ingurumenarentzako ona izango da, baina ez buruarentzako [barreak].
Zer da hemengo aisialdiaz gehien gustatzen zaizuna?
Nire distrakziorik handiena dantza egitea da. Horretaz aparte, ostegunetako pintxo-poteoak ikaragarri gustatzen zaizkit; Aisialdi tabernan sagardo trago batzuk edatea da nire planik gustukoenetako bat.
Oso ezberdinak izango dira Mexikoko bizimodua eta hemengoa, ezta?
Ezberdintasun nagusia da Mexikon milioi bat biztanletik gorako hiri batean bizi nintzela, horrek dituen alde on eta txar guztiekin. Bestalde, diferentzia nabarmen bat da Chihuaha ez dela oso leku segurua, narkotrafikoagatik.
Eta jendea? Ezberdintasunik nabaritu al duzu hemengo eta hango jendearen artean?
Orokorrean, leku guztietan dago jende ona eta txarra, baina agian, Euskal Herriko ezaugarri nagusi bat da lagun taldeak oso itxiak direla, kuadrillen kontuagatik, eta horregatik, bertako jendearekin aisialdiko ekintzaren bat gauzatzen ez baduzu, oso zaila dela integratzea. Mexikon oso ohikoa da trago batzuk hartzera irten eta bi lagun berrirekin itzultzea etxera. Hori bai, Euskal Herrian lagunak egiten dituzunean, bizitza guztirako egiten dituzu.
Gaur egun, Mexikotik zeren falta sumatzen duzu? Zer ekarriko zenuke handik hona?
Zalantzarik gabe, lagunen eta familiaren falta sumatzen dut gehien. Pena da Mexiko hain urrun egotea, bestela, astero ekarriko nituzke denak hona.
Erraza al da norbere sorterria ez den leku batean bizitzea?
Zaila da, zure lurra eta lagunak nahiz familia urrun uzten dituzulako, baina errazagoa bilakatzen da pertsona egokiekin topo egiten duzunean. Azkenean, benetako etxea gehien maite dituzunekin zoriontsu zaren lekua da, eta une honetan nire emaztea eta alaba dira nire benetako maitasuna.