Eskalada: nola aldatu diren gauzak...

Maialen Etxaniz 2024ko urt. 30a, 10:01

Iosu Arrieta 'Ixkurre', Xabier Eizagirre 'Potronko' eta Krispin Agirre (ezkerretik eskubira) Basazabalen, hitzaldiko egunean. (Maialen Etxaniz)

Azpeitiko eskaladaren hastapenak ezagutu zituzten Krispin Agirrek, Josu Arrietak eta Xabier Eizagirrek. 1980ko hamarkadaren bueltan hasi ziren eskalatzen, Izarraizko harrobian. Kirol kutun horrek munduan zehar bidaiatzeko aukera eskaini zien. Orain, argazki zaharrak digitalizatu eta kontu zahar zein berriak elkarbanatu dituzte herritarrekin. "Kanterako ametsak" gogoan, eskalada "ikaragarri" aldatu dela diote. Haiek dira 2024ko urtarrileko Uztarria aldizkariko erreportaje honen protagonistak.

Izarren hautsa egun batean/ bilakatu zen bizigai/ hauts hartatikan ustekabean/ gi... Hitz horiek ondo irudikatzen dute Azpeitiko eta Azkoitiko eskaladazale askorentzat Izarraizko harrobia –kantera, kaleko hizkeran– izan dena. Ametsen habi batzuentzat, etxea besteentzat. Bertso horrek ireki zuen Lagun Onak mendi bazkunak antolatutako Udazkeneko Mendi Asteko azken hitzaldia. 2023. urtea agurtzeko, solasaldi berezia prestatu zuten elkarteko kideek, Azpeitiko eta eskualdeko eskaladaren hastapenak ezagutarazteko. Hainbat belaunalditako eskalatzaileak elkartu ziren hitzaldiaren aitzakian, lehengo eta oraingo kontuak kontatzeko gogoz. Argazki mordoxka ere elkarbanatu zituzten.

Goiko argazkia zein ondorengo guztiak Kanterako ametsak proiekziorako digitalizatutakoak dira.

Azpeiti-Azkoitiko hiru eskalatzaile mitiko dira Krispin Agirre (Azkoitia, 1960), Iosu Arrieta Ixkurre (Azkoitia, 1962) eta Xabier Eizagirre Potronko (Azkoitia, 1967). Azken hilabeteetan argazki zaharrak biltzen eta digitalizatzen aritu dira, eta osatu duten bilduma lagun, Azpeitiko eta eskualdeko eskaladaren hastapenei buruz aritzeko parada izan dute. "Afari baten bueltan" sortu zen ideia, eta pozik hartu zuten proposamena hiru eskalatzaileek. Eskaladaren mundua "ikaragarri" aldatu dela diote.

Hiru kideak Izarraizko harrobian hasi ziren eskalatzen, baina haien aurretik ere baziren bidea eginda zutenak. 80ko hamarkadan hasi ziren Izarraizko harrobian bideak irekitzen, besteak beste, Joxe Urbieta Takolo eta sasoi hartako beste hainbat kide. Krispin, Potronko eta Ixkurre 18-20 urte ingururekin hasi ziren eskaladara zaletzen, eta lehen urteetan "ia egunero" joaten ziren Izarraizko harrobira. Ordurako zazpi bide zeuden irekita kanteran. Gaur egun, 70 bidetik gora daude.

Krispinek ondo gogoan ditu hastapenak: "Garai hartan dena zen futbola eta pilota. Gu ere ibiltzen ginen horietan, baina ez ginen oso gustura sentitzen kirol horiek praktikatzen. Gehiago gozatzen genuen mendira joaten edo naturan ibiltzen. Egun batean lagun batek proposatu zigun kanterara joatea, jendea eskalatzen ibiltzen zela eta. Animatu egin ginen, eta ikaragarri gustatu zitzaigun". Hark dio eskaladak "arrastoa" utzi ziela hastapenetan. "Esango nuke hormak eta harriak hasieratik ukitu gintuztela, eta betirako arrastoa utzi zutela gugan. Lagunartean egoteko eta ibiltzeko arrazoi bat zen eskalada. Gogoan dut batzuetan irratikasetea hartuta joaten ginela harrobira, noizbehinka Vivaldiren musika jartzen genuen, eta hura zeruan egotearen parekoa zen", oroitu du, barrez.

Ixkurreri mendirako zaletasuna familiatik datorkio: "Gurasoek mendirako ohitura eta joera zuten, eta haiek transmititu zidaten zaletasuna. Beti eskertu izan diedan zerbait da; izan ere, ni ere beti izan naiz mendizalea. Gurasoekin irteera asko egiten genituen, eta Anaitasuna mendi bazkunak antolatutako irteera eta kanpaldietara ere joaten ginen. Pixka bat koskortutakoan eta kuadrillara lehen kotxeak iritsi zirenean, Pirinioetara irteerak egiten hasi ginen. Eskaladari dagokionez, gogoan dut osabak eskaladaren inguruko xehetasunak jasotzen zituen liburu bat oparitu zidala. Esango nuke hortik sortu zitzaidala aurreneko grina".

Potronkok ez du inoiz "askorik behar izan" zerbait egitera animatzeko, eta eskalada ere horrela ezagutu zuen: "Ixkurre, Piztixe eta haien bueltako hainbat ezagutzen nituen kaletik. Haiek proposatuta joan nintzen aurrenekoz harrobira. Behin probatu ostean, sarriago joaten hasi nintzen, guztiz zaletu nintzen arte. Eskaladak badauka berezia egiten duen zerbait".

Ez erortzea, erronka

Sasoi hartan, 80ko eta 90eko hamarkaden bueltan, ez zegoen gaur beste materialik kirola egiteko, are gutxiago eskaladarako; orduan ez zen horren ohikoa eskalatzea. Hori dela eta, ekipamendu aldetik askoz ere "xumeago" ibiltzen zirela kontatu du Krispinek: "Ez geneukan apenas materialik. Etxean genuenarekin joaten ginen hormak igotzera. Hainbat tresna oso garestiak ziren, eta geuk sortzen genituen. Gainerakoan, sokak eta iltze mordoxka hartuta joaten ginen eskalatzera. Orduan ez zegoen katu hankarik, horiek gero iritsi ziren". Noiz edo noiz, gomazko abarkekin edo bota handiekin ere eskalatutakoak dira. "Aurreneko katu hankek iraultza eragin zuten eskaladaren munduan", dio Ixkurrek. Katu hankarik erabiltzen ez zuten bezala, sasoi hartan ez zuten koltxonetarik ere erabiltzen; erortzen zenak, lurrean bukatzeko aukera asko zituen. "Ez erortzera ibiltzen ginen. Materiala hala moduzkoa izaten genuen, eta ez zegoen jakiterik helduko ote zuen ala ez. Beraz, helburua zen bidea hastea eta bukatzea. Batzuetan elkarrekin apustuak ere egiten genituen. Aurrena erortzen zenak dena jaso beharko zuela eta horrela ibiltzen ginen", gogoratu du Krispinek. "Lurrera erortzen zenak, kolpe galanta hartzeko arriskua zuen".

Era berean, horma berriak egitera joaten zirenean, "abenturan" murgiltzen zirela diote. Gaur egun, aurrerapen teknologikoak eta sakelako aplikazioak tarteko, zaleek bideen xehetasun guztiak jakiteko aukera dute eskalatu aurretik. "Gu abenturan murgiltzen ginen; orduan ez geneukan ez bideorik, ez antzekorik. Hormak ikusi eta behatu ostean, eskuz egiten genituen krokisak eta eskemak, eta horiek ziren gure gidak. Batzuetan, gora begiratu eta ez genekien zer egon zitekeen han goian. Gaur egun, eskalatzera joan aurretik, eremuaren inguruko xehetasun guztiak ezagutzen ditu jendeak. Horrek ez dauka grazia bera", diote hiru eskalatzaileek.

Askatasuna eta gozamena

Eskaladaren mundua asko aldatu dela uste duten arren, bat datoz esatean "eskaladaren bueltako filosofia eta kirola ulertzeko modua" aldatu direla gehien. Horrela kontatu dute: "Eskalada ondo pasatzeko zaletasuna zen guretzat, inguruaz gozatzekoa, norberak bere erronkak jarri eta betetzen saiatzekoa, lagunekin esperientzia elkarbanatzekoa, eta, batez ere, elkarrekin gozatzekoa. Askatasuna ematen zigun. Edonora joan eta eskalatzen genuen, orduan ez zegoen gaur adina debeku. Sasoi hartan ia dena zen libre, eta egun ia edozer egiteko baimena eskatu behar da". Horrez gain, urteen poderioz eskaladaren inguruan ere "lehiakortasuna" areagotu egin dela uste dute. "Pixkanaka masifikatzen doan kirola da. Jende askok praktikatzen du dagoeneko, eta lehiakortasuna ere nabariagoa da", azaldu du Ixkurrek. Hala ere, nabarmendu dute egungo eskalada ez dela haiek egiten zutenaren berdin-berdina. Krispinek azaldu du desberdintasuna: "Lehen askoz jende gutxiagok eskalatzen genuen. Guk ez genuen entrenatzen; zuzenean eskalatu egiten genuen. Kanteratik aparte, Atxartera joaten ginen sarri, gehiago trebatzera. Gurea abenturazko eskalada zen, nolabait, eta gaur egun kirol eskalada da gehien praktikatzen dena. Entrenamendu asko egiten dituzte oraingo gazteek, eta beste modu batera prestatzen dira. Era berean, 'segurolagoak' ere badirela esango nuke, ekipamendu hobeak dituztelako. Dena den, lehiakortasuna nabariagoa da, baita kirola ulertzeko modua ere. Orain, ahalik eta bide gehien egitea da helburua, eta ez horrenbeste bidea egiten gozatzea".

Eta horren kutuna izan duten kirolak eman dien askatasunaz eta gozamenaz aparte, bakoitzari utzi dio bestelako arrastoa ere. Potronkori, betirako geldituko zaizkion bizipenak eta lagunak eman dizkio eskaladak, eta bidaiatzeko aukera: "Guretzako eskalada kirola baino gehiago lagunartea izan da, eta haren aitzakian asko bidaiatu izan dugu. Esperientzia horiekin guztiekin gelditzen naiz". Ildo beretik egin dute balorazioa Ixkurrek eta Krispinek. Urteetan ikasitakoaz eta bizitakoaz galdetuta, Ixkurrek "oso balorazio ona" egin du: "Dena den, nabarmenduko nuke lagunekin izandako tratua, bizi osorako gelditzen den zerbait da. Hori da eskaladak utzi didan gauzarik ederrenetakoa. Bidaiatu ere egin dugu, eta hori luxu bat da. Mundua zoragarria da, eta ezagutzeko aukera izatea luxu handia". Krispinek ere hori nabarmendu du: "Orain arteko ibilbidea oso aberasgarria izan da. Hormak eman diguna aberasgarria da, baita bidali gaituen lekuetara joan ahal izatea ere. Munduan zehar ibili gara, besteak beste, Alpeetan, Andeetan, Yosemiten, Himalaian... Ezagunak diren leku horietan guztietan egoteko aukera izan dugu, eta jende asko ezagutzeko parada eman digu eskaladak. Urte ederrak bizi izan ditugu".

Gaur egun, bestelakoa da argazkia

Lagun Onak mendi bazkunak antolatutako hitzaldiaren aitzakian, argazki zaharrak bildu, eta horiek digitalizatzen ibili dira hiru lagunak. Potronko arduratu da digitalizazio lanaz, eta aitortu du "oso hunkigarria" izan dela: "Ni aritu naiz digitalizatzen, baina hirurok elkarrekin prestatu genuen hitzaldirako bideoa, eta asko hunkitu ginen. Barre mordoxka ere egin genuen argazkiekin. Esperientzia ederra izan da".

Gaur egun, bestelakoa da eskaladaren argazkia Azpeitian: Sokaitz eskalada elkartea dago, eta haren hastapenetan 30 lagun inguru ziren arren, orain 200 bazkide inguru ditu. Eskalada aldatu dela diote hiru kideek, eta kirola ulertzeko eta egiteko moduak desberdinak diren arren, eskaladarako zaletasuna "osasun oso onean" dagoela diote. Haiek, beren aldetik, jarraitzen dute noizbehinka eskalatzen, gaztetako "kanterako ametsak" gogoan hartuta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide