Dinamoa sormen gunean egindako egonaldiaren ondotik, bi proiektu uztartu dituzte Alejo Orbegozok (Zestoa 1985) eta Jokin Guridik (Bergara, Gipuzkoa, 1983). Ke Leporen atzean dago Orbegozo, baina ondoan dago Guridi, zestoarraren musika proiektua irudiz jantzi eta kutxa barruan sartu baitu. Bihar aurkeztuko dute ondutakoa Sanagustin kulturgunean. Orbegozo urte luzez Grises musika taldean aritu da; duela gutxi itxi du ibilbide bat, eta ekin dio bide berriari. Bihar aurkeztuko du Ke Lepo proiektuaren barruan sortutako Izpi diskoa Sanagustinen. Ondoan izango du Guridi.
Zein momentutan eta nondik abiatuta sortu da Ke Lepo proiektua?
ALEJO ORBEGOZO: Bizitza osoan gustatu izan zait etxean musika grabatzea, estilo desberdinetako musika egitea. Pop-rock musika egin dut Grisesekin, etxean musika klasikoa ere egin izan dut, baita elektronika purua ere; saltseatzea gustuko dut, batez ere ikasteko. Maketa batzuk nituen eginda, eta Aitor Etxeberriak deitu ninduen iaz, esanez ea diskoa egitekoa al nintzen; izan ere, Instagramen ikusi zituen hara igota nituen bideoak. Ordurako ez neukan pentsatuta proiektu bati ekitea, baina egindakoa erakutsi nion, eta gustatu zitzaion. Beraz, proiektuari forma ematera animatu ninduen.
Musika elektronikoagora jo duzu oraingoan. Zergatik?
A. O. : Azken boladan gehiago grabatu dut elektronika hutsa; entzuten ari nintzen artistak ere gehiago ziren elektronika mundukoak. Antzekotasun batzuk bazituen egiten ari nintzenak entzuten ari nintzenarekin. Oso eroso eta seguru ikusten nintzen mundu horretan sartzeko.
Sintezizadoreak, teklatuak... askotariko gailuak eta moduak erabili dituzu musika sortzeko. Nola definituko zenuke sortu duzun musika?
A. O. : Definitzen ez naiz oso ona. Disko elektronikoa atera dut, baina desberdin konposatu dut. Ez dut apenas ordenagailurik erabili konposatzerakoan. Asko gustatzen zait pianoa jotzea, gailuekin jolastea eta horiek eramaten nauten lekutik sortzen hastea; konposizioari zerbait berezia ikusten diodanean hasten naiz grabatzen. Musika klasikoan konposatzen den bezala hasi naiz konposatzen elektronika. Jende askok egiten du horrela, baina egun aldrebes egiten da gehiago: ordenagailuan hasten da jendea sortze lanean. Ni erosoago sentitzen naiz beste erara.
Aurrez eman zenuen elkarrizketa batean aipatu zenuen Izpi diskoko abesti guztiak "paleta berekoak" direla. Zein dira paleta horren ezaugarriak?
A. O. : Badaude kantu anbientalak, esperimentalak, lasaiak, baina badaude erritmo gehiago dutenak, dantzagarriagoak... Denak gailu berdinekin egin ditudanez, ordea, gustatzen zaizkidan lau soinu hartu ditut, eta horiekin konposatu dut disko osoa. Beraz, diskoak badauka armonia bat. Jendeak ordenagailura jotzen du, baina niri biblioteka infinitu batetik tiratzea kostatu egiten zait, batez ere, nirekin bat datorren soinua aurkitzea oso zaila egiten zaidalako.
Gustura gelditu al zara emaitzarekin?
A. O. : %50 eman izanaren sentipenarekin gelditu naiz, baina, hala ere, oso gustura nago emaitzarekin. Artistak bere buruarekin zintzoa izan behar du. Hurrengoan, agian, ekoizpenean hobetuko dut edo beste gauza batzuk egingo ditut, baina, oro har, Izpirekin gustura gelditu naiz.
Arlo estetikoa ere zaindu duzu. Xerra estudioko lagunak izan dituzu bidelagun. Zergatik da garrantzitsua arlo estetikoari ere gorputza ematea?
A. O. : Oso garrantzitsua da. Hainbeste mimo jartzen diozu soinuari eta kantua horrenbeste idealizatzen duzu, soinu bakoitzak zerbait irudikatzera eramaten zaitu. Hori jendeari azaltzeko irudi bat edo argazki bat behar duzu. Xerrako kideekin hitz egin nuen, eta buruan neukana azaldu nien; haiek bat etorri ziren nire ideiekin. Argi neukan zer nahi nuen. Indar handia izango zuen argazkia nahi nuen, edizio gutxi izango zuena. Zestoarra naiz, eta mendi artean bizi garenez, nahi nuen berde kolorea presente egotea. Xerrako lagunak eskalatzera joan ziren egun batean hainbat argazki atera zituzten, eta erakutsi zizkidaten unean bertan esan nien hura zela nahi nuena.
Arlo horretan egin du ekarpena Jokin Guridik, bisual digitalen sorkuntzan. Prozesuko zein momentutan elkartu zineten? Zer dela-eta erabaki zenuten elkarren lanak uztartzea?
A. O. : Kasualitate hutsa izan da. Urte bukaeran Bergarako Gaztetxeko urtemugaren barruan jaialdi bat egitekoak ziren, eta han parte hartzeko deitu ninduten, baita Jokini eta beste kide bati ere. Hura prestatzen aritu ginen, baina azkenean ez zen egin jaialdia, eta zerbait egiteko gogoz gelditu ginen. Dena den, denbora aurrera joan ahala, ni Dinamoan hasi nintzen Ke Leporen zuzenekoa prestatzen nire kabuz, eta iritsi nintzenean Jokin ondoko gelan zegoen bere proiektua garatzen. Kulturazekoek proposatu ziguten elkarrekin zuzeneko bat egitea Sanagustinen, eta proposamenari heldu genion.
Jokin, zertan datza zure proiektuak?
JOKIN GURIDI: Nire proiektua proiektatutako kubo bat da. Berez, instalazio moduan garatzea nuen pentsatuta, eta aurrera begira ere horrela funtzionatuko du. Baina Alejorekin hizketan ari nintzela, zertan nebilen erakutsi nionean, ikusi genuen posible zela kuboa zuzenekora batzea, eta Ke Leporen proiektua nirearen barruan sartzea. Azken astean erabaki dugu lana ere zuzenekora batzea, eta bien arteko hartu-emana egitea.
Nolako irudiak sortu dituzu?
J. G. : Denetarik dago. Berde kolorea da nagusi; basoaren iruditegitik hartu dugu. Irudi abstraktuak ere baliatu ditugu: batzuk irudi figuratiboak dira, grabatutakoak eta manipulatutakoak, eta beste batzuk sortutakoak.
Zer ekarpen egiten dio irudiak musikari?
J.G.: Ikusi dudanagatik, irudiak soinuari laguntzen dio eta soinuari beste salto bat ematen laguntzen dio. Alejok komentatu duen bezala, soinua entzutean pasarte bat imajinatzen dugu, eta nik uste dut irudiak pasate hori irudikatzen lagundu behar duela. Diskoaren portadan izan daiteken bezala, zuzenekoan ere balore hori ematea garrantzitsua da. Soinuari beste kapa bat gehitzea da, nolabait.
Larunbateko zuzenekoari begira, gogotsu al zaudete?
A. O. : Gau hori zer izango den ez dugu irudikatzen. Ez dugu denbora askorik izan. Duela egun gutxi muntatu dugu kuboa, eta orain arte ez dugu pentsatu nola uztartu bi proiektuak. Duela gutxi konturatu gara badatorrela zuzenekoa, eta orain ari gara konturatzen egindakotik zerbait polita irten daitekeela. Bi proiektuak batuta, musika irudiekin uztartu dugu.
J. G. : Gogo handiarekin. Kuboa pasiatzera aterako dugun lehen aldia izango da. Gogotsu nago ikusteko nola funtzionatzen duen zuzeneko batean eta jendeak zer harrera egiten dion.
Zuzenekoen faseari ekinda, zein dira hurrengo erronkak?
A.O.: Ez dakit zer gertatuko den, zuzenekoak aterako ote diren... Oxala kontzertuak eskaintzea, bai bakarka Ke Leporekin, baita elkarrekin ere. Dena dago ikusteko...