Pasatu berri ditugu Gabonak. Jakina da denentzat ez dela garai oso gozoa; gure etxean lan askoko garaia izaten da: ardiak ume eginda, gaztak egin behar, negua, bazka gutxi larreetan eta udan jasotakoa barruan eman egin behar.
Horixe dauka abeltzaina eta artzaina izateak; ez dela lanik gabeko egunik. Hala ere, nik ilusioz bizi izan ditut Gabon egunak; umetan eskolara joan beharrik ez, eta Olentzero edo erregeen oparien esperantza bizi-bizi. Gabon eskean kantuan auzoan etxez etxe ibiltzeak ere badu xarma berezi hori. Festazalea naiz, eta egun horiek aukera ederra ematen dute festarako gaztaroan. Guk mimoz hazitako arkumearen saiheskiak zure senideek nola miazkatzen dituzten ikusteak ere barruan harrotasun puntu bat piztu izan dit.
Aurtengoan bereziak izan dira nire Gabonak, belauneko ebakuntza bat medio ezin izan dut ardien erditzean lagundu, ez diet arkumeei lagundu edoskitzen eta ezin dut gaztarik egin momentuz. Baina denak du zerbait goxoa eta umeen ondoan egoteko aukera eman didate, normalean garai honetan eskaini ezin izan diedana, nahiz eta ez izan kalitate handiko denbora.
Pozarren ikusi dut alaba zaharrenak zein hizki txukunekin idatzi dien Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoei gutuna. Bera izan da gure etxeko idazkaria eta denon izenean idatzi ditu gutunak, guztiok merezi ditugulako opariak. Anaia txikiekin ere ez da ahaztu, haiek idazten ez dakitenez, berak hartu du ardura hori.
Egia esan, urte amaieran gutun asko jaso ditugu: urte kontablea amaitu aurreko fakturak, hainbat hornitzaile Gabon zoriontsuak eta urte berri ona opatuz... Baina, aurten, estetika asko zaindu gabeko gutunazal batek mugitu dizkigu barrenak. Leihatilatxodun gutunazalaren gainean gure helbidea duen gometsa bat oker itsatsita eta bidaltzailea zein den ere ipini ez duen norbaitena. Ireki aurretik, gutunazalari pare bat itzuli eman dizkiot esku artean... Ez dut inoren fakturarik espero horrelako gutunazalean... Aspaldiko lagunen bat, agian, Gabon zoriontsuak opatuz? Nor, baina?
Bada, ez! Jaso nahi ez genuen gutun bat jaso dugu. Statkraft enpresak bidali digu, euskaraz eta gaztelaniaz. Lotsa gutxirekin, gure lurretan haizea neurtzeko neurgailu batzuk jarri nahi dituztela eta guk baimena ematea nahi dute. Sañu gaineko lurjabeon datuak lortu dituzte (ez dakigu non eta nola). 2022ko urriaren 11n esan ziguten proiektu bat zutela eta herriaren adostasunarekin "bakarrik" egingo zutela. Bada, auzotarrok eta herritar askok argi eta garbi esan diogu proiektu honi ezetz, badakigula zer daukagun galtzeko. Baina ez hori bakarrik, badakigu proiektu hau gaur egungo baldintzetan ez dela gauzagarria Sañun; besteak beste, ez delako gure herrietako hiri antolamenduko plan orokorrekin bateragarria, eta tramitean den Energia Berriztagarrien LPSak ere baztertu egiten du kokalekua gisa horretako zentral bat ezartzeko. Ingurumenaren ikuspegitik ere zer esan: Izarraitz, Pagoeta eta Hernio-Gazume babestutako eremuen arteko korridore ekologikoa, babestutako hainbat espezieren bizileku, hainbat auzo eta baserri errotetatik distantzia jasanezinetara... Hortik, agian, ohiko ingurumen inpaktua saihestu eta isilean pasatzeko enpresak egindako saiakera. Eskerrak Sañu Bizirikeko kide finak lanean ari diren eta adi dauden.
Auzotarrok erabateko babesgabetasuna dugu, baita herritarrok ere, proiektu honek ez duelako herritarrontzat kaltea baino mesede gehiago ekarriko. Uste dut badela garaia "nahikoa da!" esateko. Sañuko proiektua laster aterako da jendaurrera, Trekutz eta Buruzai proietuak atera diren bezala. 30 egun ditugu proiektu horien aurkako alegazioak jartzeko. Sañu Bizirik eta Oletan Ere Ezek herri alegazioak prestatu dituzte, eta herriko txokoetan egun eta ordu desberdinetan aukera zabala izango duzue: sinatu denok!