Pentsio duinen aldeko borroka hasi zutela sei urte bete dira, eta gaur hori ospatzeko Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deituta elkarretaratzeak egin dituzte Euskal Herriko plazetan, 12:00etan hasita. Azpeitian dozenaka lagun Azoka Plazan elkartu dira Azpeitiko Jubilatu eta Pentsiodunen plataformak deituta, eta elkarretaratzea egin dute Lortutakoa ospatzen dugu, falta dena lortuko dugu lelo hartuta.
Elkarretaratzea hasi orduko, azken sei urteetan borrokan kide izan eta hil direnak izan dituzte gogoan elkartutako pentsionistek, eta minutuko isilunea egin dute. "Omenaldi zintzoa egiten diegu urte hauetan joan zaizkigun guztiei. Zorionekoak gara bizitzako etapa hau beraiekin partekatu dugulako", adierazi dute. Segidan, pentsio duinen aldeko borrokara batzen diren 80, 90 eta ehun urtekoak omendu dituzte, haien jarrera "eredu" dutela azpimarratuz, eta astelehenetako elkarretaratzeetan parte hartzen duten pentsionista guztiak zoriondu dituzte.
Segidan, Laxaro Azkunek eta Maite Garmendiak Bertsopentsiotan I. Bertso Jarrien Lehiaketara aurkeztu dituzten bertsoak abestu dituzte, elkarretaratzean bildutako denen gozamenerako.
Pentsio duinen aldeko borrokaren seigarren urtemugaren ospakizuneko gaurko elkarretaratzea, hamaiketakoa eginez bukatu dute pentsionistek.