Sansebastianak 2024

Jatorri donostiarra, arima azpeitiarra

Erredakzioa 2024ko urt. 16a, 09:30

Azpeitiko danborrada, 1957an.

Donostiatik ekarritakoak izan arren, bertakoak izateko iritsi ziren sansebastianak. Iglesias eta Arabaolaza apaizei esker ditu Azpeitiak festarik parte hartzaileenak.

Cecilio Arabaolaza eta Baltasar Iglesias apaizkideek sortu zuten Azpeitiko danborrada, 1957. urtean. Arabaolazaren esanetan, "Soreasuko San Sebastian parrokia izan zen aitzakia". Lehendabiziko danborrada hartatik 67 urte igaro dira, eta gaur egungo festa erraldoiaren hastapenen berri oso gutxitan eman zuten bi sortzaileek. Gainera, Arabaolaza 2021eko irailaren 30ean hil zen, 94 urte zituela, eta Iglesias, berriz, 2023ko irailaren 16an zendu zen, 95 urterekin. Aurtengoa, beraz, bi sortzaileak izango ez diren lehen danborrada izango da.

Historia liburuek jasotzen dutenez, ordea, bi apaiz donostiarrak Azpeitira bidali zituzten lanera, eta lana egiteaz gain, festaren iraultza hasi zuten, orduan jakin ez bazekiten ere. Lehen urte hartan parte hartze urria izan zen arren, huraxe izan zen hastapena. "Lehenengo urtean beharrezko materiala Gipuzkoako beste herri batzuetako elkarteek utzi ziguten: Debako talde batek jantziak eta Irungo Atsegina elkarteak danborrak. Bi heldu eta bost mutiko joan ginen Irunera, eta elkarteko gizonak aho zabalik utzi genituen: harrigarria egin zitzaien trenean bost haur eta bi heldu hainbeste danborrekin irudikatzea", gogoratu zuen Arabaolazak 2011. urtean Argia hedabideari eskainitako elkarrizketa batean.

Entseguak tren geltokiaren atzean egin zituzten, inor ez ohartzeko moduan, "ezta haurren gurasoak ere". Musika jartzeko gailurik gabe, Arabaolazak berak kantatzen zituen abestiak: hiru guztira, Donostiako danborradatik hartutakoak: San Sebastian martxa, Idiarena eta Diana. Danborradarako, ordea, herriko musika bandarekin hitz egin zuten bi apaizek, bidea elkarrekin egin zezaten.

Hala, 1957ko urtarrilaren 19an, hogei umez osatutako taldea atera zen Azpeitiko kaleetan barrena danborra jotzera. "Ez genion inori jakinarazi, ez ginen prentsan azaldu, udalari ez genion ezer esan... Egia esan, ez zitzaidan burutik pasatu ere egin inolako baimenik eskatzea, eta inori ezer esan gabe irten ginen Azpeitiko kaleetan barrena. Kalean zebilen jendearentzat harrigarria izan zen hogei mutiko danborra jotzen eta musika banda elkarrekin ikustea", azaldu zuen Arabaolazak.

Lehen urte hartan ikusitakoa gustatu, eta bigarren urterako azpeitiarren laguntza jaso zuten bi apaizek. Egunez ere aldatu zuten danborrada: urtarrilaren 19 gauean egitetik 20 eguerdian egitera igaro ziren. "Ilusioa pixkanaka zabaltzen hasi zen. Urte hartan ere ez genuen dirurik izan, baina herritarrek dena jarri zuten euren aldetik. Karroza, erregina eta zaldiekin atera ginen urte hartan, eta deigarria izan zen; jada ez ginen danborra jotzen zuten hogei haurrekin soilik kalean zihoazen bi apaiz, danborrada sortzen ari zen", azaldu zuen Arabaolazak.

Aldaketarik handienetakoa, ordea, 1959an izan zen; helduak irten ziren lehenbizikoz danborradan. Bi talde osatu ziren: Oargi taldea danborrekin eta Peña Taurina barrikekin. Hortik aurrera gertatutakoa ezaguna da; bilakaera ezin hobea izan du danborradak, eta azpeitiarrek beren ukitua eman diote festari, bertako doinuak eta ohiturak txertatuz. Gaur egungo plaza betearen irudia azpeitiarren gustukoena bilakatu da.

San Sebastian jaietako danborradak izan duen bilakaera ikusita, Arabaolaza pozik eta harro agertu zen 2011n egindako elkarrizketa batean: "Sortu genuen hura azpeitiarrek beren festa gisa bizi dutela ikustea zoragarria da". 2007. urtean, Azpeitiko danborradak 50. urteurrena betetzen zuenean, merezitako omenaldia jaso zuten bi apaizek, eta Arabaolaza Azpeitian izan zen berriro.

Orduan Azpeitiak nahiko ozen esan ez bazuen ere, ESKERRIK ASKO CECILIO ETA BALTASAR.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide