Izarraitz Txoko elkarteko zuzendari berria zara. Nolatan iritsi zara ardura horretara?
Izarraitz Txoko elkarteko bazkide naiz, eta egun batetik bestera gertatu zen zerbait bezala gogoratzen dut zuzendari izateko kontua. Bazkide batzuek komentatu zidaten zuzendariak utzi egin behar zuela, eta nik hala nahi izanez gero, zuzendari berria izateko aukera izango nuela. Ez zen zerbait ofiziala izan, baina egia da nik gustuko nuen eta egin nahiko nukeen zerbait zela. Izan ere, beti pentsatu izan dut zuzendari irtetea gustatuko litzaidakeela. Horrela, zuzendari berria izateko prozesua abiatu zuten, eta nire burua aurkeztu nuen. Pertsona askok izena emango zuten beldurra banuen; entzun izan dut hainbat elkartetan txandaka egiten duten zerbait dela, baina zortez, ni bakarrik aurkeztu nintzen.
Gustura, beraz?
Oso gustura. Ez nuen nahi arazorik sortzea; prozesua garbia izan zedila nahi nuen, eta kide batzuk animatuz gero, bozketa edo zozketa egitea izango zen egokiena. Baina horren beharrik ez da izan, eta alde guztietatik oso ondo joan da prozesua.
Esperientziarik ba al duzu zuzendari gisa?
Oso oker ez banago, haurra nintzela, urte batez izan nintzen zuzendari eskolan. Baina ez kaleko danborradan, ikastetxeetan bertan egiten diren horietako batean baizik. Kaleko danborradarako hainbat urtetan eman nuen izena gero, Izarraitz Txokoko zuzendari txiki izateko ere urte askotan eman nuen izena, baina ez zitzaidan inoiz suertatu. Kuriosoa da gero!
Eta danborra jotzen?
Bai, Batxilergoa egiten ari nintzen helduen danborradan lehendabizikoz danborra jotzen irten nintzenean. Bizpahiru urtetan jo dut danborra.
Entseguetan buru-belarri al zabiltza?
Edo aurrez kontrolpean zenuen guztia? Danborrada berezia da niretzat, eta aspalditik dakizkit abestiak. Kantuak ez dira sekula ahazten. Baina egia da, zuzendari izango nintzela ziurtatu zenean, abestiak entzuten hasi nintzela, detaile txikietan arreta jarriz. Bada denbora etxean entseatzen ari naizela. Entsegu ofizialetara lasai iristeko moduan zara, beraz. Bai, hori da asmoa, entseguetan lasai ibiltzea, edota saio horiek azken zalantzak argitzeko bakarrik izatea.
Zuzendari batek zer ezaugarri behar ditu?
Ez dut uste ezer berezirik behar denik, baina lagunek esan izan didate zoratuta nagoela. Eta, agian, danborrada bezalako festa batean, 60 bat pertsonako talde handi bat zure atzetik izateko, lotsa gutxi edo zoro puntu behar duzu. Eta nik betetzen dut hori… Azkenean, herri osoaren aurretik igaro behar duzu, bakarrik, taldearen aurrean, eta jendea zuri begira egotea ez zaizu axola behar. Horrez gain, gogoa behar da. Urtean behin egiten den zerbait da, eta gogorik gabe egitea baino hobe da ez irtetea.
Zer moduzko taldea duzula esango zenuke?
Oso ona. Txikitan danborrada kalean ikusten nuen garaiko eta bistaz ezagutzen ditudan hainbat kidek jarraitzen dute danborra jotzen, baina azken urteetan gazte asko batu da taldera. Belaunaldi aldaketa nabari da dagoeneko, eta zentzu horretan, talde ona da. Hala ere, taldeak ez nau kezkatzen.
Eman al dizu aholkurik aurreko zuzendariak?
Ez. Jantzi trukaketa egiteko dugu, eta oraindik ez naiz berarekin elkartu. Zeregin hori ez genuela gehiegi atzeratuko esan genuen, baina beti gertatzen den moduan, ikusten nago azken momentuan egingo dugun zerbait izango dela. Baina ea jantziaren aitzakian berarekin hitz egiteko eta gomendioak jasotzeko aukerarik dudan.
Danborradako zein pieza duzu gustukoen?
Goizeko Izarra.
Eta zein da zuzentzeko zailena?
Nire iritziz, orokorrean gaizkien jotzen den abestia Soreasuko Sebastian da; alde handiarekin, gainera. Danborra jotzen irteten nintzenean nik ere ez nuen oso ondo joko, baina beti pentsatu izan dut, entseguetan naiz kalean, desastre ateratzen den abestia dela. Erritmo berezia du, beste kantekin alderatuz gero, motelagoa, eta danborradaren egunean erritmo azkarragorako joera hartzen dugu denok.
Eguna gerturatzen ari da. Urduritasuna ere gehitzen ari al da? Lotsa handirik ez duzula aurreratu duzu, baina...
Oraintxe bertan, ezetz esango nuke, baina eguna iristean ikusi beharko dugu. Urduritasun puntu bat izango dudala uste dut danborradako egunean, baina ez dakit. Entseguetan agian urduriago egongo naiz; ea nola joaten diren entseguak, eta ondo joanez gero, lasaiago aterako naiz egunean bertan.
Zer du San Sebastian jaiak berezia zuretzat? Zer da gehien gustatzen zaizuna?
Urtean behin izaten da danborrada, eta horrek badu bere xarma. Beste herri askotan egiten dituzte danborradak, baina horietako inork ez du Azpeitian duen indarra; Donostiakoa kenduta, noski. Herri askotan egiteak baina berezia Azpeitian bakarrik izateak ematen dio ukitu berezi hori. Nire ustez, urteko datarik garrantzitsuenetakoak dira sansebastianetakoak, inauteriekin batera, eta, galdetuz gero, azpeitiar gehienek gauza bera esango lukete. Azpeitiarron parte hartzea eta gogoa dira danborradan emozio hori lortzeko gakoak. Azkenean, 1.500 herritarrek parte hartu ohi dugu, eta beste hainbestek nahiko lukete parte hartu. Danborrada herri askotan egin arren, ez da Azpeitian sortzen den giroa sortzen.
Danborradan zuzendari lana egiteaz gain, sansebastian festaz gozatzeko asmorik ba al duzu?
Bai, noski. Gainera, ostirala egokitzen denez, izango dut aukera gero festaz gozatzen jarraitzeko. Banderaren jaitsieran irtetea ez zaigu tokatzen aurten; larunbatean izango denez, bozketa egin dugu gure taldea atera edo ez erabakitzeko, eta ezezkoak irabazi du.