Sansebastianak 2024

Mikel Odriozola: "Danborradan herritarrek duten parte hartzeari balioa eman behar zaio"

Erredakzioa 2024ko urt. 17a, 09:00

San Sebastian jaien prestaketak duen lanaz, festak beste modura batera bizitzeaz eta beste hainbat kontuz jardun du Mikel Odriozola Festa batzordeburuak. Jaiak libre eta errespetuz bizitzeko mezua helarazi du.

Herritar gisa festak bizitzetik, zinegotzi gisa bizitzera. Festen pertzepzioa asko aldatu al zaizu?

Lehen nola bizi zenituen, eta orain nola bizi dituzu? Egia esan, bai. Barrutik bizi dituzunean konturatzen zara ikusten ez den zenbat lan dagoen festa edo ekitaldi bakoitzaren atzean: zenbat pertsona, eragile, teknikari eta udal langile mugiarazten dituzten herriko festek. Zorte handia dugu Azpeitian, herritar eta eragile askok parte hartzen dute festetan, eta horiek gabe ezinezkoa litzateke jaiak aurrera ateratzea.

Zinegotzi ez nintzenean, normala den bezala, festez gozatzea izaten zen helburua. Orain, festez gozatzen saiatzen naizen arren, askotan kezkek ez didate behar bezala disfrutatzen uzten. Hala ere, aurretik edo ondoren, aurkitzen ditut ingurukoekin jaiez gozatzeko momentuak.

Zenbat lan du sansebastianak antolatzeak?

Egun bateko festa izateko, lan handia eskatzen du. Herritar askok parte hartzen dute sansebastianen antolakuntzan.

Noiz hasten zarete antolaketa lanekin?

Azaro erdialdera egiten ditugu lehen bilerak haurren eta helduen taldeetako ordezkariekin. Aurreko danborradako puntuak aztertu, zer hobetu dezakegun aipatu, entsegu egunak adostu eta ekarpenak jaso eta dudak argitzen ditugu. Abenduan, berriz, txostenak banatzen ditugu: kokapenak, entsegu egunak, ordutegiak eta abar.

Batzordea ere osatu duzue. Zeintzuk izan dira eragin dituen aldaketak?

Batzordea osatzea pauso garrantzitsua izan da, eta beharrezkoa. 2025eko danborradarako bi proposamen jarri ditugu mahai gainean. Alde batetik, irteerako ordena banaka aldatu beharrean, bosnaka aldatzea. Ikusten genuen banaka aldatzean, talde batek urte asko eman behar zituela danborradaren hasiera edo bukaera inguruan (denbora asko plazan edo urte askoan kiosko atzean…). Ordena bosnaka aldatzeak egoera hori hobetuko duela iruditzen zaigu. Bestetik, bandera jaitsieran, sei taldetik zortzi talde izatera pasatu nahi dugu. Proposamen horiekin, talde guztien ordezkariekin elkartuta, otsailean egingo dugun balorazio bileran erabakiko dugu zer egin. Baditugu mahai gainean lantzeko beste zenbait puntu, baina hori aurrerago egingo dugu.

Danborradaren egunean plaza herritarrez beteta egoteak zer sentiarazten dizu?

Momentu hunkigarria izaten da, batik bat gauerdikoa. Balkoitik begiratu eta plazan hainbeste jende eta halako giroa ikustea izugarria izaten da. Umeek ere egundoko ilusioa izaten dute danborradan ateratzeko, eta San Sebastian eguna ere ederra izaten da. Gehienontzat, umetako oroitzapenetako bat izaten da danborradan atera ginen eguna.

"Herritar eta eragile askok parte hartzen dute festetan, eta horiek gabe ezinezkoa litzateke jaiak aurrera ateratzea"

Ba al dago lekurik talde gehiagorentzat?

15-20 talde ateratzen zirenean ere, plazan lekurik ez zegoela esaten zuten. Orain 30 talde ateratzen dira, eta sartzen dira, nahiz eta ikusle gutxiagorentzat egon lekua. Hurrengo urtean beste danbor talde bat gehiago aterako da; beraz, 31 izango dira. Momentuz, beste talde bat sartzeko lekua badagoela aurreikusten dugu, eta datozen urteetan talde gehiagok egiten badute eskaera, ikusiko dugu nola bideratu. Ikaragarria eta pozgarria da danborradak duen parte hartzea, eta horri duen balioa eman behar zaio. Ateak ez dizkiogu inori itxiko, eta talde berriak ere ongietorriak izango dira.

Talde gehiago parte hartzera animatuz gero, zeintzuk izan daitezke irtenbideak?

Momentuz, plazan sartzen gara. Talde gehiago animatuko balira, eta plazan sartzeko zailtasunak izango bagenitu, aukerak aztertu beharko genituzke. Danborradaren historian, hainbat aldaketa edo froga egin izan dira. Alternatibak talde guztien artean landu eta erabakiko dira, tokatzen den garaian.

"Festez gozatzen saiatzen naizen arren, askotan kezkek ez didate behar bezala disfrutatzen uzten"

Ostiralean eta larunbatean izango dira aurtengo sansebastianak. Kanpoko pertsona gehiago etorriko direla aurreikusten al duzue?

Asteburua izanda, posible da kanpoko jendea etortzea. Eguraldiak ere eragin handia du. Urtero bezala, ziur gaude kanpoan bizi diren azpeitiar asko etorriko direla.

Zeuk nola biziko dituzu aurtengo jaiak?

Lanaz gain, festarako tarterik hartuko al duzu? Lan egitea eta toki askotan egotea tokatuko zait, baina aurkituko ditut nire momentuak.

Azpeitiarrek jaiez gozatzeko mezu bat...

Bakoitzak bizi ditzala festak nahi dituen bezala, nahi dituenarekin, aske eta libre, eta errespetuz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide