Tortilla tipularekin edo gabe. IOS ala Android. Mendia ala hondartza. Jarrai dezaket horrela luze eta zabal, gizartea zatitzen duten bikotekako hitzak idazten, baina herrira ekarriko dut aukeraketa jarraian. Sansebastianak ala karnabalak. Egongo dira Azpeitian herriko beste festak nahiago dituzten herritarrak, baina ez gara gezurretan ibiliko. Gehientsuenok urteko lehen bi festa horiek erabiltzen ditugu herria zatitzeko. Nor ez dugu entzun esaten: "Txikiteo Eleganteko atsaldeko zezenan erteerie urteko momentu onena da!" edo "Nei bezperako tanborradan ‘San Sebastian martxie’ jotakuen oiloipurdiye jartze zat!".
Egia esango dizuet. Alde Zaharrean jaiotakoa naiz, Done Jakue kalean, edo batzuk dioten bezala, Iturritxikin. Txikitatik eduki ditut bozgorailuak nire logelako balkoiari itsatsita, eta urduritasun puntu bat ere sartu izan zait horietatik danborradako abestiak jartzen hasten zirenean. Horrekin nahikoa ez, eta festak 50 urte bete zituenean argitaratutako liburuaren atzeko aldean dagoen CDa eta Uztarriako playlist-a makina bat aldiz jarritakoa naiz etxean, kantuak danborrarekin nola jo ikasteko. Eta behin esaten hasita, irakurle, aitortuko dizut banderadun egokitu zaidanean ere hartu izan dudala etxeko erratza Idiarena piezako jauzitxoak ondo nola egin ikasteko. Pentsa, osabak ere ume mokoa nintzela jarri zuen nire izena elkarte gastronomikoko zerrendan, helduen danborradan banderadun edo kantinera aterako nintzela ziurtatzeko.
"Urtetik urtera geroz eta gehiago gara danborradan irteten garen azpeitiarrak"
Bateren batek eramango zituen eskuak dagoeneko burura, baina ez dut uste festa horrela bizi duen azpeitiar bakarra naizenik. Urte batzuk pasatu dira umetako pasadizo horietatik, eta Azpeitiko danborrada beste modu askotara ere bizitzeko aukera izan dut: gradu amaierako lana danborradaren inguruan egin nuen, zuzeneko telebista programa bat baino gehiago ere egokitu zait aurkeztea bezperan udaletxetik eta aje galantarekin goizeko dianan ere jantzi dut sukaldarien jantzi zuria. Beraz, imajina eta asma dezakezue dagoeneko zein taldetakoa naizen, ezta?
Urtetik urtera geroz eta gehiago gara danborradan irteten garen azpeitiarrak, eta zoragarria da hori, bai, festek erakusten baitute herri bat nolakoa den. Beste hainbat herritan ez bezala, gurean gizarteak aurrera egin ahala egin du aurrera danborradak. Adibidez, Azpeitian pentsaezina da Erdikaletik igarotakoan herritarrak parte hartzaile batzuei bizkarra ematen ikustea, tradizioa aldagarria dela erakutsi baitugu, kasu honetan behintzat. Urtero mahai gainean jartzen den gaia ere bada talde kopuruari mugak jartzearena. Hala eta guztiz ere, nor gara gu beste herrikide bati danborradan ateratzeko gogoa izan eta hori ukatzeko? Plazan ez bagara sartzen, sartuko gara Plaza Txikian, eta hori posible ez bada, pentsatu beharko dituzte beste antolaketa modu batzuk.
"Plazan ez bagara sartzen, sartuko gara Plaza Txikian, eta hori posible ez bada, pentsatu beharko dituzte beste antolaketa modu batzuk"
Era berean, bada azkenaldian sumin pixka bat sortzen didan kontutxo bat. Festak gozatzeko daude, eta ondo dago desfilean zehar gorputzeko zurruntasuna utzi, petakatik pare bat trago edan eta aldamenekoarekin dantza batzuk egitea, baita kuadrillakoekin argazki bat ateratzeko zure lekutik mugitzea ere. Dena den, azken urteetan normala baino gehiago sumatu dut festarekiko errespetu galera moduko bat. Kaleetan zehar, atabalak baino gehiago ikusten ditut une oro jendearen esku banatan zuritoak, eta plazan talde bakoitza non dagoen hautematea ere zaila bihurtzen da jendearen joan-etorri etengabeekin.
Beraz, berriro ere esan ez dezaten donostiarrekin alderatuta danborra erritmoz kanpo (edo gaizki, zertarako engainatu) jotzen dugunik, orekatu dezagun dibertsioa eta festarekiko errespetua, eta jo dezagun narrua (danborrekoa, e?) gustura eta errespetuz!