Baltasar Iglesias eta Cecilio Arabaolaza apaizek Donostiatik ekarri zuten jaia izan arren, Azpeitiko sansebastianak herrian errotuta dauden festak dira. Azpeitiarrek beren esentzia jarri diote danborradari urteetan zehar, Donostiakoaren desberdina izateko. Festa azpeitiarra da, beraz.
Donostiatik Azpeitirako bide hori eginda, Azpeititik beste lekuetara ere mugitu da danbor hotsa. Azpeitiarren artean ezaguna ez izan arren, bada Euskal Herrian danborrada egiten duten herri bat, eta Azpeititik eramandakoa da hara, gainera. Hendaia (Lapurdi) da udalerri hori.
Txema Egiguren zenak eraman zuen Azpeitiko festa Hendaiara, duela hemezortzi urte inguru. Familiarekin Hendaiara joan zen bizitzera Egiguren, eta behin han finkatuta, Azpeitiko festaren zati bat bertan ezartzea erabaki zuen. Hala, Hendaiako Bitxintxo festen barruan danborrada egiten dute gaur egun. Data zehatz bat ez badu ere, orokorrean San Sebastian festen hurrengo astean ospatzen dute.
Hendaiako lauzpabost auzotako helduak nahiz umeak hainbat taldetan biltzen dira, arrantzalez, sukaldariz, pirataz edota pilotariz jantzita, eta danborrak astintzen dituzte. Lehendabizi auzoan bertan jotzen dute, eta ondoren, talde guztiak biltzen dira erdigunean. Guztira, berrehun danbor jotzaile inguru elkartzen dira.
Hendaiako festaren jatorria Azpeitian izateaz gain, azpeitiarrek ere parte hartu izan dute hango danborradan. Esaterako, 2019an, Ziripot elkarteko kideak Hendaian izan ziren, Bitxintxo jaietako danbor festan parte hartzen.