Familia kantariaren oparia

Mailo Oiarzabal 2024ko urt. 17a, 09:00

Jon Gurrutxaga gitarrarekin, Jaione Olazabal akordeoiarekin eta lau seme-alabak, diskorako irudi batean. (Amaia Iparragirre)

Jon Gurrutxaga urrestildarrak, Jaione Olazabal emazteak eta seme-alabek diskoa grabatu zuten iaz. Etxerako nahi zuten oroigarria kalera atera dute azkenean.

Musika eguneroko eta ezinbesteko osagaia da Gurrutxaga-Olazabal sendiaren Aresoko (Nafarroa) etxean. Jaione Olazabal aresoarra kantari ezaguna da; harekin aritzen da sarri Jon Gurrutxaga (Nuarbe, 1978) senarra, gitarrarekin; eta seme-alabekin batera behin baino gehiagotan agertu dira jendaurreko saioetan azken urteetan.

Opariak musikarekin egitea ere ez zaie arrotza, Gurrutxagak kontatu duenez. Ezkondu zirenean, "garai bateko puruaren edo gaur egungo espartinen partez", biek grabatutako diskoa oparitu zieten gonbidatuei; 260 bat izango ziren, eta "banan-banan" egin zituzten Leitzako (Nafarroa) irratian grabatu zuten CD-aren kopiak, etxean. "Oraindik ere, ezkontzan izan ziren batzuek aipatzen digute disko hura", dio Gurrutxagak. Opariekin jarraituz, Olazabalen urtebetze baterako berari eskainitako kantua sortu eta oparitu zioten senarrak eta seme-alabek.
Orain, beren buruari oparitu nahi zioten beste zerbaitek, familiarentzat "oroigarri bat" izan behar zuenak, etxeko paretak gainditu eta Euskal Herri osora zabaldu ditu doinuak eta eleak. Zuri kantari izenburuarekin diskoa plazaratu dute Gurrutxagak, Olazabalek eta bien lau seme alabek –Aratz (14 urte), Intzara (12), Arhane (9) eta Nahikari (6)–, eta pozik bezain "harrituta" daude 11 kantu jasotzen dituen lana izaten ari den harrerarekin.

Kanpoko bultzadarekin

Kantu bazkarietan-eta asko ibiltzen dira Olazabal eta Gurrutxaga, eta azken urteetan seme-alabekin batera prestatu izan dituzte horrelako agerraldiak. Hala, "lauzpabost kantu" prestatu zituzten guztiek batera kantatzeko, eta horiek oinarri hartuta zerbait grabatzea "polita" izango zela iruditu zitzaien. Aipatutako kantu bazkariak antolatzen aritzen den Angel Mariezkurrenari asmoaren berri eman zioten, eta haren bidez jarri ziren harremanetan Laurent Askarain teknikariarekin.

Iazko apirilean grabatu zuten diskoa, beren etxean. "Umeekin grabatu behar genuenez, haiek etxean erosoago egongo zirela esan zigun Laurentek. Etxean bertan muntatu zigun estudioa", azaldu du Gurrutxagak. Hasiera hartan grabazioa familiaren oroigarri gisa gordetzea zen helburua, eta teknikari aditu batekin egin arren, grabazioa "etxe mailan" egin zutela gaineratu du: "Kantua kantuarekin grabatzen genuen, ez zen izan estudioko grabazio bat bere horretan. Bi-hiru aldiz egiten genuen kantu bakoitza, badaezpada ere, eta ondoen gelditzen zena aukeratzen genuen gero". Euskal kanta ezagunak dira diskoan entzun daitezkeen gehienak, baina badira sormen propioko bi ere: senarrak eta seme-alabek Olazabali oparitu zioten hura, eta Olazabalek bere anaia zenari eskainitakoa.

Grabazioa bukatu zutenean, etxerako gorde beharrean, diskoak "zabaltzea merezi" zuela esan zien Askarainek. Mariezkurrena ere iritzi berekoa zen, eta horrela hasi ziren Gurrutxaga eta Olazabal hasierako asmoa moldatzen. "Zalantza pila bat genituen, baina azkenean aurrera egitea eta diskoa salgai jartzea erabaki genuen", dio Gurrutxagak.

Jon Gurrutxaga, gitarrarekin. (Amaia Iparragirre)

"Jendeak nahiko balu..."

"Oso eskertuta" daude bidelagun izan dituzten lagun guztiekin. Mariezkurrenaren eta Askarainen laguntzaz gain, Amaia Iparragirre argazkilariak eta Puro Relajo taldeko David Garciak ere parte hartu dute proiektuan; azken horrek diseinatu ditu diskoaren liburuxka eta azala. Mila ale jarri dituzte salgai, CD formatuan. Leitzako (Nafarroa) Maimur liburu dendan eros daiteke diskoa, baina baita Urrestillako Oihana ile apaindegian eta Zelatungo Antonioren bordan ere, Gurrutxagaren lehengusuaren eta izebaren saltokietan, alegia.

Hala ere, orain arte salmenta onenak zuzenekoen ondoren egiten ari direla adierazi du Gurrutxagak. Izan ere, azken asteetan "kontzertutxo batzuk" eman dituzte. "Egia esan, harrituta gaude jendearen harrerarekin. Jaioneren ahotsa oso ezaguna da, baina ez nuen hainbeste espero. Jende asko etorri da gu entzutera, eta bukaeran zutik txaloka, mugitu nahi ezta, gustura egoten diren seinale". Kontzertuak seme-alabentzat esperientzia berria dira. Urduritasun puntuarekin, baina "gustura" ikusten ditu aitak seme-alabak, "erraz egiten duten gauza bat da". Leitzan egin zuten orain arteko azken agerraldia, abenduaren 27an; aurretik Gipuzkoa aldean ibili ziren, Bergaran, Villabonan, Berrobin eta Berastegin. Gurrutxaga "Nuarben jaiotako urrestildarra" da, baina momentuz haren sorterri inguruan emanaldirik ez du egin Aresoko familiak. "Jendeak nahiko balu, guk arazorik ez", dio Gurrutxagak.

Trikitia eta gitarra, Laja eta musika eskola

Jaione Olazabal ezagutu ondoren lotu zitzaion benetan musikari Jon Gurrutxaga, baina aurretik ere izan zuen har hori: "12 bat urte nituela hasi, eta lau-bost urte pasatu nituen trikitia ikasten, Lajarekin. Urrestillan Santa eskean eta Gabon eskean-eta ibiltzen ginen garai hartan, trikitiarekin".

Gerora, aitaren familiaren bidetik, musika alde batera utzi eta kirolera bideratu zituen indarrak, sokatirara, hain zuzen. Baina orain emazte duenak animatuta eta hari laguntzeko, trikitiari "hautsak kentzen" hasi zen aurrena, eta gitarra jotzen ikasteari ekin zion gero. "Kableak gurutzatu" eta Juan Antxieta musika eskolan eman zuen izena, 23-24 urte zituenean, gitarrarekin "oinarrizko trebezia" hartzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide